Estatu mailako elkartea da Madres Solteras por Elección (MSPE), guraso bakarreko familien laguntza-sarea osatzen duen elkartea, eta hitzaldia antolatu du gaurko kultur etxean, goizeko 10:00etatik eguerdiko 13:00etara, elkarteko kide direnei zuzenduta.
Azalpenak Livia Gonzalez Lama, Bizkaiko abokatu elkargoko letraduak emango ditu, haurren tutoretzaren inguruan: Tutoretza, nork, nola eta noiz. Gaztelaniaz izango da.
Zer egin, haurrarekin?
Antolatzaileek azaldu dutenez, hitzaldiaren helburua da guraso bakarreko familietako haurren tutoretzaz hitz egitea, guraso bakar horrek ardura hartu ezin duen kasuetan zer egin behar den argitzeko.
«Gurasoa hiltzen denean edo, hainbat arrazoi medio, zaintzaren ardura hartu ezin duenean, aurreikusi behar da zeinek hartuko duen haurraren ardura, nor izan daitekeen tutore, nola egin behar den... Kodigo Zibilak arautzen du hori guztia, eta hori azalduko du abokatuak».
Hitzaldi hau dagoeneko elkarteko kide direnei zuzenduta antolatu dute. Guraso bakarreko familien elkarteak antolatutakoa izanik, haurtzaindegi zerbitzua ere antolatu dutela azpimarratu dute. Dena den, elkartekoak ez direnek interesa erakutsiz gero, elkarteari jakinarazteko eskatu dute, 608 992 014 telefonoan edo EAEko ordezkaritzan: delegadaeuskadi@madressolterasporeleccion.com.
Gehienak amak, baina ez denak
Elkarteak 10 urte baino gehiago daramazki lanean, eta estatu osoan zehar hainbat ordezkaritza ditu. Kideek kudeatzen dute elkartea modu boluntarioan, eta erkidegoren batean ordezkaritza ireki nahi duen orori irekita daude.
Guraso bakarreko familak osatu nahi izan dituztenak dira elkarteko kide; askotan amen inguruan hitz egiten badute ere, argitu dute hala egiten dutela gehienak hala direlako, baina ez denak. Helburua dute elkar babesteko sarea osatu eta interesatzen zaizkien gaiak lantzea: laguntza bidezko ugalketa, adopzioa, amatasuna, hazkuntza, hezkuntza eta legedia, besteak beste.