EH Bilduk Udal Gobernu Taldea eta alkatetza hartu zuenetik aurreneko 100 egunak pasa diren honetan, legegintzaldi hasieran egindako lanen eta datozen proiektu aipagarrien berri eman du.
Besteak beste, nabarmendu ditu Hezkuntza arloan egin dituen aurrerapenak eta, astelehenetik hasita, 2020ko aurrekontua lantzeko herritarrekin egingo dituen bilerak.
Bestalde, herrian berriro alkatearen kontra azaldutako pintaketen inguruko balorazioa ere egin du.
Hezkuntza, auzoak eta kiroldegia, proiektu berriak
2020ko aurrekontu proposamena prest du Gobernu Taldeak, ordenantza fiskalak onartu ondoren. «Kudeaketa aldetik, garrantzitsua da epeetan garaiz ibiltzea, eta urtarrilean aurrekontua martxan jarri ahal izatea», azaldu du Xabier Urdangarin alkateak.
Estitxu Neira, komunikazio arduradun eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldutakoaren arabera, besteak beste, aurrekontuan jaso da Berdintasun, eta Enplegu eta Komertzio Sailak indartzea; Emakumeon Plaza berritzea; kiroldegiko aireztatze sistema berritzea, igerileku txikia haunditzea eta igerileku estali baten bideragarritasuna zehazteko aurreproiektua; Arrobitxuloko igogailua martxan jartzeko proiektua idaztea; Anuskako behin-betiko hiritartze proiektua; aldaketa klimatikoari aurregi egiteko ingurumen politikak indartu eta aurreneko sektorearen alde egitea; etxe hutsak alokatzeko laguntzak berreskuratzea; edota Hezkuntzan, DBHrako eraikina eraikitzeko partzelaren hiritartze plana bermatzea, Haur Eskola berrirako proiektua amaitu eta eraikitzea, eta Herri Eskolako oraingo eraikina haunditzeko aurreproiektua berraztertzea. «DBHko eraikina egiteko aurreproiektua urtea bukatu aurretik Hezkuntza Sailari aurkeztea» da asmoa, alkatearen esanetan, eta «Haur Eskola berria 2021eko irailean martxan egotea».
Aurrekontuari ekarpenak, urriaren 17ra arte
Ione Olaziregi, Kirol eta Gazteria sailetako zinegotziaren esanetan, «herrian zein behar eta hutsune dauden garbi» izan du Gobernu Taldeak, aurrekontu proposamena egitean. Baina, era berean, herritarren ekarpenak jaso nahi ditu astelehenetik aurrera egingo diren bileretan. Hilaren 17ra arte ekarpenak jasoko dira, baita Udalaren webgunean ere. Ondoren, asmoa da oposizioaren ekarpenak ere jaso, eta datorren Plenoan 2020ko aurrekontua onartzea.
Datorren urtera begira, berriz, parte-hartze politiketan sakontzeko asmoa ere azaldu dute. Aurrekontu parte-hartzaileetarako 100.000 euro aurreikusi ziren aurten, baina denborarik ematen ez duenez, datorren urterako gordeko dira, eta denera, 200.000 eurorekin egingo da prozesua.
Kultur etxea eta Ibai Parkea, bidean
Legegintzaldi hasiera honetan beste hainbat lan ere egin ditu Udal Gobernu Taldeak. Ohikoez gain, nabarmendu dituzte udaltzain buru eta gizarte langile lanpostuak behin betiko betetzeko oposizio-lehiaketak, eta egoera ekonomikoari emandako errepasoa.
Gerakinari dagokionez, hiru milioi euro inguru bazirela azaldu dute, baina hainbat gastu aurreikusi ez zirelako edota proiektuen exekuzio maila txikia medio. Esaterako, kultur etxe berriko BEZa aurreikusi gabe zegoen eta 1.200.000 euro behar izan dira. Beste 850.000 euro barrualdea hornitzeko beharko dira. Bide batez, azaldu dute azaroan kultur etxe berriko giltzak eskuratuko badira ere, falta diren lanak bukatuta, Aste Santutik aurrera inauguratuko dela. Bestalde, Ibai Parkearen inaugurazioa azaroan egitea aurreikusten da.
Hori guztiaz gain, 2019-2023 legegintzaldiko plana urtea bukatu aurretik aurkezteko asmoa ere azaldu dute, inbertsioen eta diru-laguntzen berri emateko.
Dimititzeko asmorik ez
Bestalde, uztailean eta aste honetan alkatearen kontra agertutako pintaketen harira, balorazioa egin dute. «Dimititzeko asmorik ez» duela zehaztu du Urdangarinek. Datozen egunetan emango da honen berri, zabalago.
2020KO AURREKONTUA
Proposamenak egiteko bilerak, herritarrekin
Urriak 7, Perurenako Auzolan pelotalekuan, 19:30etan.
Urriak 8, Santiomendin, Ermañan, 19:30etan.
Urriak 9, Oialumeko auzo biltokian, 19:30etan.
Urriak 10, Arrobitxulo-Urumea Berri, Arrobitxuloko lokalean 19:30etan.
Urriak 14, Ergobia elkartean, 19:30etan.
Urriak 15, Erdigunea, udaletxean, 19:30etan.
Urriak 16, Santiomendin, Plazetxen, 19:30etan.