Argazki lehiaketa, 2020ko udal egutegia osatzeko

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 5a, 02:00

Udalak argazki lehiaketa jarri du martxan, 2020ko udal egutegia osatzeko behar diren 13 irudiak aukeratzeko; bat azalerako izango da, eta gainerako 12ak, hilabete bakoitzerako bana.

Dagoeneko ireki da parte hartzeko epea, eta urriaren 30ean bukatuko da. Sari banaketa, azaroaren 7an egingo da.


Herriarekin lotutako irudiak

Edonork hartu dezake parte argazki lehiaketan, adina eta jatorria edozein direla. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, bost argazki bidali ahal izango ditu.

Argazkiek Astigarraga izango dute gaia. Hau da, herriko pai­saiak, eraikinak, guneak, kaleak, jaiak, ospakizunak edota bertako jendea agertu dai­teke. Era berean, argazkiek etzanak, hau da, horizontalak izan behar dute. JPG formatuan eta 5Mb eta 8Mb bitarteko pisua dutenak aurkeztu behar dira, DIN-A4 neurrirako. Pen-drive batean eraman daitezke kul­tur etxera, edo nahiago ba­da, astigarraga.kultura@gmail.com helbide elektronikora bidali. Argazkiekin batera, egilearen datuak eman beharko dira: izen-abizenak, herria, telefono zenbakia eta, adin txikikoa izanez gero, adina. Mezu elektronikoa bidaliz gero, lanak jaso direla jakiteko, mezu bi­dez erantzungo da.


300 euro arteko sariak

Bidaltzen diren lanen artean egutegia osatuko duten 13ak aukeratzeko, kultur batzordeko kideak bilduko dira, argazkilaritzan aditua den norbaitekin batera. Denera, 13 argazki aukeratuko dira.

Horietako bat, azalerako izango da, eta egileak 150 euroko erosketa bonoa jasoko du, sari. Gainerako beste 12 argazki aukeratuen egileei, 80 euroko erosketa bono bana emango zaie, baina egile batek, ge­hienez ere, 300 euroko bonoa ja­so­ko du. Bono horiek Asti­ga­rra­gako denda, jatetxe, zerbi­tzu edo enpresetan erabiltzeko izango dira, abenduaren 31 bai­no lehen.


Egutegiak, abenduan

Argazki aukeratuekin osatutako 2020ko udal egutegia abenduaren 16tik aurrera izango da eskuragarri udaletxean eta kultur etxean, eta Astiko merkatarien elkarteko bezeroen artean banatuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!