Madejas-Matazak Topaketa Feministak antolatu ditu Harituz elkarteak urriaren 26rako. Bigarren edizio honetan, sexu-esplotazioa helburu duen salerosketa eta prostituzioaren gaia landuko dituzte.
Jardunaldia Donostiako Aquariumean egingo da, eta gaia «eremu ezberdinetatik» landuko dutela aurreratu dute. Sare sozialen bitartez ari dira informazioa zabaltzen. Oraingoz, hiru hizlariren berri eman dute.
Ikuspegi abolizionista
Prostituzioa eta sexu-esplotazioa helburu duen salerosketaren kontra saretzen izeneko jardunaldi hauetan, «ikuspegi abolizionista» landuko da, «juridikoki, polizialki, asistentzialki edo komunikabideen arlotik, besteak beste». Hala aurreratu dute sare sozialetan.
Informazio gehiago @DeMadejas twitter kontuan zabalduko dute.
Hiru hizlariren berri ere zabaldu dute. Batetik, Rosa Cabo Bediak hitz egingo du, prostituzioa, feminismoa eta abolizionismoaren inguruan.
Bestetik, Arantza Campos, prostituzioari lotutako alderdi juridikoak lantzen ariko da.
Hirugarren hizlaria, berriz, Isabel de Ocampo izango da, Serás Hombre dokumentalaren zuzendaria. Hain zuzen, ikus-entzunekoek tresna eraikitzaile gisa izan dezaketen botereari buruz hitz egingo du; «zein funtzio dute, gai hauekiko sentsibilizazioa lantzeko?» egiten du galdera.
Irekia eta doan
Jardunaldi hauek landuko dituen Topaketa Feminista hau urriaren 26an egingo da Donostiako Aquariumean, baina oraindik ez da ordutegiaren eta gainerako informazioaren berri eman. Gehiago jakiteko, @DeMadejas twitter kontua jarraitu behar da.
Dena den, izen-ematea debaldekoa dela aurreratu dute, eta plaza gordetzeko helbide elektroniko honetara lehenbailehen idazteko gomendatu: encuentrofeministamadejas@gmail.com.