Irailean izango da, herritarrek urteko sagardo onena aukeratzeko zita nagusia. Datorren ostiralean, hilaren 13an, hasiko da Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoia.
Adunan izango da estreinako saio hori; jokatuko diren lau semifinalen artean, aurrenekoa. Iluntzeko 20:00etan hasiko dute afaria, frontoian. Lizartzan izango da bigarrena, hilaren 14an, bazkari baten bueltan; eta Orion eta Zornotzan beste biak, 20an eta 21ean, biak ere afariarekin.
Eta final haundia, Astigarragan jokatuko da: Ergobiako plazan, irailaren 28an, iluntzeko 20:00etan. 300 lagunentzat dago tokia, eta azkeneko sarrerak, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean daude salgai: www.sagardoa.eus, 943 33 68 11 edo info@sagardoa.eus.
Astigarragako 11 sagardotegi eta Hernaniko 7, tartean
Final horretan egoteko lehian ariko dira, beste behin, Urumea bailarako makina bat sagardotegi; zehazki, Astigarragako hamaika eta Hernaniko zazpi: Alorrenea, Bereziartua, Etxeberria, Irigoien, Larrarte, Lizeaga, Oialume Zar, Oiarbide, Petritegi eta Rezola astigartarrak; eta Akarregi, Alberro, Iparragirre, Itxasburu, Larre-Gain, Otsua Enea eta Rufino hernaniarrak. Ia erdia izango dira, guztira 43 sagardotegi hartuko dituen txapelketan, bere bosgarren edizioan.
43 sagardotegik hartuko dute parte, eta horietatik 12 pasako dira finalera.
Semifinal bakoitzean, 10-11 sagardo dastatuko dituzte, kata itsuan; eta herritarren puntuazioei esker, guztien artean 12 sagardok lortuko dute finalerako pasea.
Ohitura zahar bati berriro heltzeko asmoz berreskuratu zuen Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, 2015ean, Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoia. Izan ere, 1967tik aurrera, zenbait txapelketa herrikoi antolatu zituen orduko sagardogileen elkarteak; eta «herri desberdinekin elkarlanean, sare hori berreskuratzea» izan da asmoa.