Guztion izeneko programa jarri du martxan Astigarragako Udalak, Astiko merkataritza eta ostalaritza elkartearekin eta Dunak taldearekin eta M-etxea-rekin elkarlanean. Beterri-Buruntzako Udalek bultzatutako ekimena da, eta bi lan ildo ditu, atzo Xabier Urdangarin Lasa alkateak azaldu bezala: «batetik, lokal hutsak bultzatzea, eta bestetik, lortzea herriak edukitzea leku atseginak egoteko, ibiltzeko, inguru ludikoekin...».
Bigarren hori aurkeztu zuten, hain zuzen, atzo. «Era berean, bertako dendetan kontsumitzea ere lortu nahi da. Zenbat eta leku atseginagoa izan, orduan eta jende gehiago ibiliko da, eta herria biziberritzea eta merkataritza txikia bultzatzea lortu daiteke».
Udako gunea, Kale Nagusian
Leku atseginago hori lortzeko «esku-hartze urbanistikoa» egin dute Kale Nagusian, «behin-behineko interbentzioa»; izan ere, irailaren 20ra arte mantenduko da.
Nagore Goñi, Dunak taldeko ordezkariak azaldu bezala, M-etxea-rekin batera egin dutena izan da, batetik, lurrean, «norabide bereziekin markatu oinezkoek lehentasuna dutela, errepidean bertan. Hirukiek kotxeen ibilbidearen kontra geratzen diren marrak osatzen dituzte, eta horrek eragiten du frenoa jartzea». Bestetik, «altzariekin ere hornitu» dute espazioa, «uda garaia dela aprobetxatuta, uda txokoa sortzeko, Astigarragako gune komertzialean». Horrekin, gainera, Astiko elkarteak hainbat mezu txertatu ditu interbentzioaren barruan, mezuak helarazteko. «Oinezkoen eta ibilgailuen arteko elkarbizitza hori nola eman behar den» hausnartu nahi da, eta era berean, «pentsarazi, kaleak nola erabiltzen ditugun, zertarako diren, trantsito eremua diren edo bertan harremantzeko eta egoteko; aktibitate ezberdinak egiteko espazioak ere sustatu nahi ditugu».
Alfredo Ruiz,?Astikoko ordezkariak gehitu zuen txertatuko esaldietako bat dela 100 da 100, 200. Aupa Astiarra! Herriko esaldi aipagarri edo ezagunena da, jendea kanpainara gerturatzeko. Lortu nahi da kalera ateratzea jendea, kalean bizitzea, gertu dauden komertzioetan kontsumitzea».
Udazkenean, jarraipena
Aldaketa hauek «behin-behinekoak» dira. «Laguntzen du inpaktua sortzen, kulturan eragiten, eta epe luzerako aldaketa bat egin behar izanez gero, arazoak zein izan litezkeen detektatzen».
Hori horrela, irailaren 20ra arte mantenduko da aldaketa, nahiz eta gauetan aulkiak kendu egingo dituzten. Baina udazkenean jarraipena izango du kanpainak. Batetik, irailaren 20an merkataritza txikien aldeko festa egingo da eskualde mailan, eta bestetik, Astigarragako Udalak lokal hutsen poltsa argitaratuko du. Hala zehaztu zuen Jaione Irazu,?Astigarragako Udaleko Enplegua, Merkataritza eta Turismoa teknikariak: «hasi gara lokal hutsen jabeekin harremantzen, hitzarmen egiten... Estrategia baten baitan funtzionatzen dugu. Asmoa da kalea biziagoa egitea, eta lokal hutsak dinamizatzea».