Irigoien eta 'Urra'ren arteko errebantxa, Foru Plazan biziko da ostiralean

Kronika - Erredakzioa 2019ko uzt. 24a, 02:00

Astigarragako Santio jaiek herri kirol txapelketa, Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa, jasoko dute etzi, Santa Ana egunez Txomiñenea frontoian, 17:30­etatik aurrera. Dudarik gabe herri ki­ro­letan dagoen txapelketarik sonatue­ne­takoa. Gainera zapore berezi batekin dator, bertan lehiatuko bai­tira Euskal Herriko azken bi txa­pel­dunak; Aimar Irigoien eta Mikel Lopetegi ?Urra?. Orain urte gutxi arte Irigoien jaun eta jabe izan da eta aurkariek urrutitik begiratzen zuten, baina azken urteetan, nahiz eta oraindik txapelak irabazi, aurkari oso gogorrak irten zaizka. Alde batetik, Inhar Urru­zu­no ondarrutarra eta bestetik Urra zarauztarra. 22 urteko harrijasotzaile honek iaz Euskal Herriko Harri Txikien txapelketa irabazi zuen azaroan, Irigoien gaindituz eta gainera marka berria ezarriz. Orain hamar egun ere berdina gertatu zen eta Urrak bigarren euskadiko txapela jantzi zuen Alegian. 


?Urra? da faborito bigarren aldiz Euskadikoa irabazi eta gero 

Gipuzkoako Harri Txikien ­ azken 12 urteetan bi txapeldun bakarrik ezagutu ditu eta horietako batek, Aimar Iri­goi­e­nek hamaika aldiz irabazi du. 2007tik 2018ra urtero, 2014an ez beste. Urte ho­rre­­tan Jexuxmari Iruretagoiena Izeta III.ak lortu zuen txapela. Irigoienek ez zu­en parte hartu. Urteetan txapeldun ba­ka­rra ezagutu du, Aimar Irigoien, baina orain­goan ez da faborito izango eta erre­bantxa bilatu nahiko du. Aurten hama­bigarrenaren bila ariko da, baina ez du erraza izango, alderantziz, Urrak era­kutsi du gainetik dagoela momentu ho­netan. 

Maila ezin hobeko txapelketa an­tolatu da eta bi faborito nagusienekin batera ariko dira beste bost harri­jasotzaile: Imanol Albisu Goikoetxe (lesio­tik errekuperatzen bada), Mateo Coloma, Iñigo Eizagirre Eiza, Hodei Iru­retagoiena Izeta IV eta Xabat Olaizola. 

Euskal Herriko eta Gipuzkoako Harri Txikien txapelketetan lanak ez dira berdinak izaten. Gipuzkoakoan harri bat gutxiago erabiltzen da, 125 kiloko lau­ki­zuzena, baina beste hiru harriak ber­di­nak dira; 125 kiloko zilindro berria edo kopa, 112,5 kiloko kuboa eta 100 kilo­ko bola. Eta txandak beti hiru minu­tu­koak iza­­ten dira. 

Pasa den urtean Urrak ez zuen parte hartu azken momentuko lesio baten ondorioz. Markarik hoberena formatu honetan ­ Aimar Irigoienek lortu zuen 2017­an, 9.737,5 kilo eta 86 altxal­direkin. 2009an lortu zuen bigarren markarik hoberena 9.612,5 kilorekin eta aurreko urtean  lortu zuen hirugarren markarik altuena 9.412,5 kilorekin. Ez litzateke ha­rri­tzekoa izango beraz, aurten errekor berria egingo balitz. 


Alegiatik, Astigarragara salto; Euskadikotik, Gipuzkoakora

Orain dela hamar egun, Alegiako Larraitz auzoko pla­zan, Euskadiko Txa­pelketan parte hartu zuten sei harri­jasotzaile, Astigarragan egongo dira, ikus­ki­zu­na ziurtatuz. Orduan, Mateo Coloma ez zen egon, eta bere ordez Inhar Urruzuno ondarrutarra aritu zen. Orain, biz­kai­tarrak ezin du parte hartu. Emaitza haiek kontutan hartuz gero, sailka­penean bi faboritoak egon beharko lukete lehenen­go bi postuetan; ondoren sailkatu ziren Urruzuno, Izeta IV, Eiza eta Olaizola. 


Taldeen arteko lehia ere egongo da Santa Ana egunez

Astigarragako Santiotan, Santa Ana egunean, ere ez dira faltako beste herri kirol motak. Eta he­rriko kirolariak ariko dira, beste urte­etan bezala froga des­ber­dinekin ikuskizuna eskainzen. Herriko aizkolari gazteen arteko desafioa dago Markel Zapiain, Axel Larrañaga, Suharri Paolla eta Jokin Urreta­bizkaiarekin eta goizean idi demak eta bertsolariak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!