Haundia egin dute dagoeneko, baina ez dira horrekin konformatuko: Herriartekoaren txapela ekarri nahi du Astigarragak, Azpeitiaren kontrako finala irabazita; gaur arratsaldeko 16:30etan, Donostiako Atano III frontoian.
Ez daukate nolanahiko taldea aurrean, azkeneko lau urteotako txapelduna baita Azpeitia. Baina finala, irekia ikusten dute astigartarrek: kadeteetan oso bikote indartsua osatzen dute Ekain eta Eñaut Lizeaga anaiek, eta puntua lortu dezakete, Egiguren eta Elosegi azpeitiarrak ere maila haundikoak izan arren.
Puntu hori lortzea izango da klabea, astigartarrentzat. Izan ere, zailagoa daukate Aimar Mujikak eta Ganix Urdangarinek, jubeniletan, Alberdi eta Larrañagaren kontra.
Eta nagusien partidura berdinduta iritsiz gero, sekulakoa izan daiteke partidu erabakigarria: Hodei Exposito eta Jokin Santxez arituko dira, txapela Astigarragara ekartzeko borrokan, Apezetxea eta Murgiondoren kontra.
Herrikideen animorik, behintzat, ez dute faltako. «Sekulako ilusioa dago herrian, eta uste dut astigartar asko joango direla frontoira», nabarmendu zuen Santxezek.
Duela hiru urteko arantzatxoa atera (Azpeitiaren kontra galdu zuen Astigarragak, bere final bakarra), eta txapela ekartzea espero dute. Baina irabazi edo galdu, lortutakoa ospatuko dute, herritar guztiekin, Petritegin egingo duten afarian.