«Begibistakoa da zein toxikoa izan den gizartearentzat, animalien kontrako tratu txarrak normalizatzea»

Kronika - Erredakzioa 2019ko ots. 9a, 01:00

Noiz eta nola sortu zenuten plataforma?
2018 urtearen hasieran planteatu genuen, bazirelako bizilagun talde ba­tzuk, laguntzen zutenak gai so­zia­letan eta animalistetan. Nahi genituen indarrak batu eta helburu beraren alde lan egin, eta animaliak babesteko balio positiboak bilatu. Gazteei tresnak eskaintzeko ikuspegi batetik enfokatu be­har da. Iruditu zitzaigun aukera onena zela plataforma apartidista gisa aritzea, aukera ematen dielako kolaboratzaileei par­te hartzeko pribatutasuna eta askatasuna mantenduz.

Zertarako sortu zenuten plataforma?
Animalien eskubideen alde, instituzioetan lan egin beharra dago, modu urgentean, bizilagun guztien mesederako izango diren ekintzak proposatuz, izan animalista edo ez. Ani­ma­lista gehienek, uste dugu hezkuntza sistemak bere barnean hartu beharko lukeela animalien errealitatea, hezteko eta ez desinformatzeko; begibistakoa baita zeinen toxikoa izan den gure gizartearentzat, normalizatzea animalien kontrako tra­tu txarrak. Garbi dago, ho­rre­la­ko ekintzak doazela elikaduraren sektoreko hainbat en­pre­sa­ren interesen kontra. Gero eta gehiago ikusten ditugu pren­tsan, sektore horren irre­gu­lar­tasun sanitarioak, tradizioa eta kultura aitzakia hartuta; baina horiek krudelkeria eta tratu txarrak besterik ez dira.

«Animaliengatik liskar gutxi izan dira. Bestalako liskarrak badaude, ia urte osoa irauten dutenak, eta ez zaie hainbesteko ‘publizitatea’ egiten» 

Firma bilketa bat egin duzue. Nola sortu zen ideia?

Kexa asko planteatu ziren, Udal­tzaingoa hasi zelako isunak jartzen txakurrak aske eramateagatik, aurrez informatu gabe. Kexa horien emaitza da firma bilketa.

Ordura arte ez dugu isu­nik jaso horregatik, eta elkarbizitza egokia izan da bizilagunen eta animalien jabeen artean, ohiko salbuespenak izan ezik. Ordenantza aspalditik da­go, eta isunak jartzeko modua erabat neurrigabea izan da, he­­rrian arazo larriagoak baitaude, edozein kolektibori isunak jarri baino lehen konpondu behar direnak. Proportzio­nal­ta­suna eskatu diogu Udalari.

Espero zenuten 400 sinadura biltzea egun gutxitan?
Modu informalean egin genu­en bilketa, eta kopuru horietara iristea zen asmoa, baina ez hain egun gutxitan, kolabora­tzaile batzuen artean egin ge­nu­elako lana. Firmak Udalean entregatzera joateko, paseo bat egin genuen txakurrekin, ma­ni­festazio bat izan zena berez; eta horrek aukera eman zigun sinadura gehiago biltzeko.

«Apirileko jaialdian, helburu nagusia izango da animaliak babesteko heziketa eta kontzientziazioa»

Zer erantzun jaso duzue herritarren aldetik?

Aurrera jarraitu behar dugula, horrelako ekintzak errepikatu, eta plataformaren izaera apartidista indartu, irtenbide erreal eta eraginkorrak bilatzeko in­te­res orokorra gailendu dadin, interes politiko edo ekonomikoen aurrean.

Alkateari berari entregatu zenizkioten sinadurak.
Eskertzekoa da alkateak berak pertsonalki jasotzea, eta bizilagun ba­tzuen kritikak jasotzea. Bada­ki­gu Uda­leko alderdi politikoak lanean ari direla gaiaren inguruan, ba­koitza bere al­de­tik. Pa­seo ho­rretan parte hartu zuten 100 lagun inguruk eta 25 txakurrek, eta bildutako 400 sinadurek, erakusten dute gaia la­rria bezain urgentea dela, eta ezin dela albo batera utzi.

Jaso duzue erantzunik, Udalaren aldetik?
Hiru alderdi politikoen artean ezadostasunak egon arren, kon­tzientzia eta borondate aldaketa bat nabari da, hobekuntzak bilatzeko. Aldaketa horrek ahal­bidetu zuen, urtarrilaren 30eko plenoan onartzea proiektu animalista bat, animalia abandonatuentzat eta tratu txarrak jaso dituztenentzat. Hiru alderdiek aho batez onartu zuten, eta eskertzekoa da.

Egungo ordenantza hobetzea eskatzen duzue. Zein aldaketa eta hobekuntza behar ditu?
Badago proiektu bat, eskualdeko udaletako teknikariek lan­du dutena, boletin informatzaile bat aurkezteko Eusko Jaurla­ri­tzak egingo dituen aldaketekin, udal guztiei eragingo dietenak. Uste dugu udal bakoitzak daukala erantzukizuna, bere baliabideak eskaintzeko ordenan­tzak modu praktiko batean hobetu daitezen. Askotan konplexuak, zaharkituak eta bete­tzeko zailak dira. Nahi duguna da, indarrak batu eskualdeko beste talde batzuekin, udaletatik egingo den informatze lana eraginkorra izan dadin, idazke­ra ulerterraz batean.

Zein dira arazo nagusiak?
Desinformazio haundia dago, eta horrek eragiten du, gizartea­ren zati haundi batek ez ikustea errealitate kezkagarria. Eta egoera ez bada dramatikoagoa, da sekulako lana egiten dutela­ko aktibistek eta talde anima­listek, behar horiek estaltzeko; desgaste fisiko, psikologiko eta ekonomikoa su­posatzen die ho­rrek. Bolun­ta­rio hitza ezabatu beharko genuke gai animalistetatik. Ez dute borondatez egiten, erreali­tate krudelaren be­ha­rrek derri­­gortuta baizik. Bo­lun­tario hitza erabiltzea akatsa da, es­klabo lana edo ez ordaindua esan nahi baitu, eta sektore kon­tserbadoreak erabiltzen du, errealitatea ezkuta­tzeko. Ber­din gertatzen da kultura deituta pla­za batean animalia bat torturatzeari, edo tozino deituta haragi zati bati, makrogranja industrial batean torturatu du­ten animalia batena.

Azkenaldian pil-pilean dagoen gaia da animaliena. Udalak kanpaina bat jarri du martxan, esanez liskarrak izan direla txakur jabeen eta bizilagunen artean; EH Bilduk bilerak egin ditu txakur jabeekin eta ez direnekin... Zein iritzi duzue, guzti horren inguruan?

Animaliengatik liskar gutxi izan dira, eta talde oso txiki batek eraginda, Astigarragako biztan­leria osoaren aldean. Bestelako liskarrak badaude, ia urte osoa irauten dutenak, eta ez zaie hainbesteko publizitatea ematen, herriaren gehiengoarentzat gai garrantzitsuagoak izanda ere. Horietan ere, Udaltzaingoak berdin tratatu beharko lituzke arauak betetzen ez dituztenak, animalista izan edo ez, eta ur­te­ko garai guztietan.

EH Bilduri dagokionez, laster argitaratuko ditu bileretako emaitzak, eta beste talde batzuk animatzen ari gara, beraien ekarpenak egitera. Dagoeneko jaso dugu bileretako borradorea, baina azkeneko txostena jaso­tzean egingo dugu balorazioa. Edozein ekintza politiko be­ha­rrezkoa da, hiru alderdiek be­randu egin baitute. Eta ez gara sartuko eztabaida publiko, antzu eta zentzugabean, lortu dezake­gun bakarra delako alderdi po­li­tikoak elkarren kontra jartzea, eta horrek ez dio inori mesede egiten. Guk proiektuetan egingo dugu lan, eta herritarrek boz­katuko diote hauteskun­deetan, nahi duten alderdiari. Hori bai, pla­taforman bada tal­de bat abs­tentzioaren eta boto zuriaren aldekoa, egungo gabeziengatik protestatzeko. Gobernu taldean dagoena da­go­ela, gutxi aldatzen da eguneroko errealitatea, eta egunetik egunera okerrera goaz.

Uste duzue, beraz, ez dela nahikoa egiten ari, arazoa konpontzeko?
Kasu honetan, beste askotan bezala, 2018ko erdialdera arte erantzuna ezezko borobila zen. Baina azkenaldian izan diren aldaketekin, ikusiko dugu da­to­zen hilabeteetan nola eboluzionatzen duen, batez ere hauteskundeak gertu egonda.

Zuek, bestelako ekintzarik badaukazue aurreikusita?
Otsailaren 22an berriro egingo dugu paseoa, aurrez aurre in­formazio gehiago eskaintzeko herritarrei, jende gehiagorengana iristeko, eta puntu komunak bilatzeko, helburu berak dituzten taldeekin elkarlanean aritzeko.

Apirilean, gainera, jaialdi animalista bat egingo duzue.
Hala da, bai. Zenbait elkarterekin ari gara kontu batzuk lo­tzen, eta egun gutxitan izango dugu zehaztuta egitarauaren zati na­gusia. Dena lotu arte ezin du­gu ezer aurreratu, baina ikus­mina sortu du, eta ilusio haundia dago jaialdiko ekimen guztiak aurrera ateratzeko.

Nolakoa izango da jaialdia?
Helburu nagusia izango da, ani­maliak babesteko heziketa eta kontzientziazioa. Zaharra­ren eta berriaren arteko zubilana izango den jaialdi bat nahi du­gu, aukera emateko elkartu eta ezagutarazteko elkarteek egiten duten lan izugarria: Anima Na­turalis, Igualdad Animal, NOR, Pacma, PETA, FAADA, eta etor daitezkeen guztiak.

Bestalde, he­rri mailako elkarte eta plataformak egongo dira, ekintza hezitzaileak antolatzen, eta ezin­besteko balioa eskainiko diote jaialdiari; baita zenbait tabernak ere, pintxo eta me­nu begetariano eta beganoak es­kain­tzeko prest azaldu direnak.

Zuekin harremanetan jarri nahi duenak, zer egin dezake?
Jaialdiko eta otsailaren 22ko pa­­seoko kontuak lotuta dauzkagunean, eskainiko ditugu modu ezberdinak, gurekin kontakta­tzeko. Baina oraingoz, emailez egin dezakete: p.animalista.as­ti­garraga@gmail.com. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!