Ezkontza baten ondorengo ospakizunaz gozatu ahal izango dute gaur astigartarrek, Hika Teatroari esker. Txarriboda antzerkia antzeztuko baitute gaur, kultur etxean, iluntzeko 20:00etan hasita.
Sarrerak dagoeneko salgai daude www.astigarraga.eus web-orrian, baina kultur etxeko harreran ere eskuratu ahal izango dira. Prezioa: helduek, 6 euro; adin txikikoek, aldiz, 3 euro.
Ezkontzaren ondorengoak
Mireia eta Imanol ezkondu berriak dira, eta hori ospatzeko, festa haundia antolatu du Patxi Bilbaok, emaztegaiaren aitak. Gonbidatu guztiak bertan daudela dirudienean, hasiko dira ezustekoak.
Lehenengo, Txusa azalduko da, Bilbaoren bikotea izandakoa; gero, Flores Sarjentuak Patxi Bilbaoren atxilotze-agindua dakar esku artean.
Horrek guztiak eta beste hainbat sorpresek, kolokan jarriko dute Mireia eta Imanolen ezkontzako ospakizun-festa. Hori da, hain zuzen, astigartarrek biziko duten festa.