Nominak ordaintzea eskatzeko, mobilizazioak hasi zituzten Geka enpresako langileek urriaren 8an, LAB, CCOO eta Independienteak sindikatuek osatutako enpresa-batzordeak deituta. Eta horretan diraute, egun.
Astelehenean beste pauso bat eman zutela jakinarazi du LAB sindikatuak. Langileak beraiek Adegira, Gipuzkoako enpresen elkartera bertaratu ziren gutun bat eramatera. Izan ere, Geka enpresa Adegi elkarteko bazkidea da, eta langileei «beharrezkoa» iruditu zaie euren egoeraren berri izan behar dutela, «lan gatazka konpontzeko bitartekaritza-lanak egin ditzan».
«Ez dago Konkurtsoko Autorik eta enpresak ez du likidezia arazorik».
Hain zuzen, helburu horrekin erregistratu zuten astelehenean aipatutako gutuna.
LABek azaldu du, hala ere, badakitela «enpresak lehiaketa tramitatu duela Donostiako Merkataritza Epaitegian». Dena den, «ez dago Konkurtsoko Autorik eta enpresak ez du likidezia arazorik langileei soldatak ordaintzeko».
Zentro bat, Astigarragan
65 langile dituen enpresa da Geka; hiru lan zentro ditu, horietako bat Astigarragan, eta beste bi, Oiartzunen.