Geka enpresako langileek, lanuzteak

Kronika - Erredakzioa 2018ko urr. 20a, 02:00

Nominak ordaintzea exijitzeko, lanuzteak egin dituzte aste honetan, Geka enpresako langileek, 09:30etatik 10:45etara eta 18:30etatik 19:30etara egunero, lantokien aurrean kontzentrazioak eginez, eta manifestazioak Oiartzungo bi lantokien artean. 65 langile dauzka enpresak, hiru lantokitan; Astigarragan bat, eta Oiartzunen bi. Gekako enpresa batzordeak jakinarazi du, jakin dutela enpresak hartzekodunen lehiaketa tramitatu duela Donostiako Epaitegian; «baina oraindik ez dago lehiaketaren autorik, eta enpresak ez dauka likidezia arazorik, langileei soldatak ordaintzeko», salatu du. Urriaren 8tik 11ra bitarte egin zituzten aurreneko protestak langileek, 13:30etatik 14:30etara elkarretaratzeak eginez, Oiartzungo Zerradiko poligonoan daukaten lantokiaren kanpoaldean. Gogorarazi dute, gainera, apirilean ere egin zituztela protestak, bost langileren kaleratzeagatik.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!