Partehartzeak piztu zuen eztabaida Plenoan, ordenantzaren aldaketa onartzearekin batera

Kronika - Erredakzioa 2018ko ira. 29a, 02:00

Asteazkenean ez, ostegunean egin zuen Astigarragako Uda­lak, ikasturte berriko aurreneko Plenoa. Eta bozkatu ziren gai guztiak onartuta, partehar­tzearen inguruan sortu ziren eztabaidak, bereziki. Besteak beste, Partehartze Ordenan­tza­ren aldaketa onartu zutenean.
Uztaileko Plenoko akta aho batez onartu ondoren, 2019rako zerga ordenantzak ere aurrera atera zituzten, baina EAJren sei botoekin bakarrik. Izan ere, abstenitu egin ziren EH Bildu eta PSE-EE, alegazio bidez aldaketak proposatuko dituztelako.

Partehartze Ordenantzan, bi aldaketa
Eta segidan, heldu zioten Par­te­hartze, Informazio eta Gar­dentasun Ordenantzaren aldaketari. Zehazki, bi aldaketa pro­posatu eta onartu ziren, EAJ eta PSE-EEren botoekin; biak ere, 31garren artikuluan: aurre­neko atala ezabatu da, zioena 9.000 eurotik gorako kontratazioetan, gutxienez hiru aurrekontu eskatu behar dituela Uda­lak (orain legeak zehaztutakoaren arabera egingo da, 15.000 eurotik gorakoetan, alegia); eta bigarren atala aldatu da, 5.000 eurotik gorakoen informazioa ematera behartuz Udala, eta ez 9.000 eurotik gorakoetan, orain arte bezala.
EH Bilduk kontra bozkatu zuen, eta Andoni Gartziak azaldu zuen, «gardentasunaren bi­dean ez dijoan neurria» dela au­rrenekoa: «gure apustua izan zen exijenteagoak izatea legearekin. Zuen erabakia izan da exi­jenteak ez izan eta gardentasunean atzerapauso bat ema­tea». Zorione Etxezarraga alkateak erantzun zion, horrela lege eta partehartze betebeharrak betetzen direla,  eta Jon Arre­gi ogasun zinegotziak gehi­tu zuen, ordenantza aldatuko dela legeari erantzuteko, baina praktikan ez duela ezer aldatuko: «operatiboagoak izateko egin da aldaketa». Emaila enpresa bati bidali beharrean, hiru enpresari bidaltzea besterik ez dela erantzun zion Gartziak.

Hurrengo puntuan, alkateak azaldu zu­en Astigarragaren esku ge­ra­tu direla, Elio-enea eta La­rra­bu­ru baserrien jabe­tzako lurrak, eta Udalaren esku dagoela zer egin. Gartziak salatu zuen, asko kosta zaiola Do­nostiako Udalari, «eskaera honi erantzun eta epaia bete­tzea. Au­rreko legealdian hasi ge­nuen prozesu hori, muturreraino eramateko asmoarekin. Hala ere, esatea Udalaren esku dagoela bertan zer egin, barre egitea da; dagoeneko badakigu zati haundi bat Aldundiak hartu eta kamioientzako aparkalekua egingo duela».

Ondoren, aho batez onartu zuten, udal langileen soldaten igoera: %1,5 igoko dira 2018ko urtarrilaren 1etik, eta beste %0,25 uztailaren 1etik hasita.

Aho batez onartu zuten, udal langileen soldatak igotzea; %1,5 2018ko urtarrilean hasita, eta %0,25 gehiago uztailetik.

Ergobia ibilbidearen aldaketarekin, eztabaida
Beste gai batek ere piztu zuen eztabaida: Ergobia ibilbidearen aldaketa puntuala. Onartu egin zuten, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bilduren kontrakoekin: «partehar­tze prozesu barregarria egin zen, alegazio epetik kanpo egin zen he­rri­ta­rrekin saioa. Gainera, testuak akats larriak ditu; teknikoari esan genion, baina aka­tsek hor jarraitzen dute, eta ho­rrela onar­­tuz gero, arazo la­rri­ak eka­rriko dizkigu. Badi­ru­di promotorak eta Udal Go­ber­nu­ak pre­sa daukazuela proiektua au­rrera ateratzeko», salatu zuen Gartziak.

Etxezarragak azaldu zuen, oraingoz antolaketa bakarrik ari direla aztertzen, eta informazio bilera zela herritarrekin egin zu­tena; «baina gero, herri­ta­rren ekarpenak jaso eta txertatzeko konpromisoa hartu dugu».

Ubarburuko zabalpenari ere eman zioten onarpena segidan. Eta azkenik, aholkularitza eta defentsa juridikoaren zerbitzua Araudi SLP enpresari esleitzea erabaki zen, EAJ eta PSE-EEren botoekin; abstenitu egin zen EH Bildu.

Autobus zerbitzuaren lizitazioaz, galderen puntuan
Galderen puntuan, zenbait gai jarri zituen mahai gainean Gartziak. Autobus zerbitzuaren esleipen prozesuaren inguru­an, Udalaren informazio falta salatu zuen: «lotsagarria da mu­gikortasun zinegotziak ez jakitea zertan dagoen kontua, herriarentzako arlo horretandagoen gai garrantzitsuena de­nean oraintxe». Alkateak eran­tzun zion, zerbitzua esleitzen denean egin ahal izango dituztela ekarpenak, legez.

URA agentziaren proiektu berriaren eta kamioien aparka­lekuaren inguruan ere galdetu zuen Gartziak. Bietan, eran­tzun zioten proiektuak bu­katu gabe edo behin betiko osa­tu gabe daudela, eta batzordeetan emango dela horien berri. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!