Udan aurkeztu zuen Foru Aldundiko Mugikortasun sailak Buruntzaldeako autobus zerbitzuen proiektu berria, aurre proiektuaren alegazioetarako epea bukatuta. Bertan «proposatutako murrizketak onartezinak dira», EH Bilduren ustez.
«Denborak arrazoia eman digu»
EH Bilduk azaldu duenez, «astean zehar Donostiara joateko %10ean eta %9an murriztuko dira A2 eta A1 lineak, hurrenez hurren; %22 eta %39 gutxiago larunbatetan eta %34 eta %48 gutxiago, igandetan».
A3a ere baztertu egin dutela nabarmentzen dute: «Eta A3a kendu zutenean jarri zituzten autobus berezien ia erdiak kenduko dituzte». Diotenez aurretik EH Bilduk ohartarazi zuen kentzea, «murrizketa gehiagoren aurrerapena zela. Denborak arrazoia eman digu».
«PPren diskurtsoa bereganatu dute»
Astigarragako EH Bilduk kritikatu du: «EAJ eta PSE-EEk murrizketak justifikatzeko, hainbestetan gogor kritikatu duten PPren diskurtsoa bereganatu dute. PPrekin bat eginez, euren ustez zerbitzuaren errentagarritasun ekonomikoa izan behar da oinarri zerbitzu publikoari eusteko».
«Astakeria» da hori, EH Bildurentzat: «Zerbitzu publikoen oinarriak ezin du errentagarritasun ekonomikoa izan, errentagarritasun soziala baizik. Zerbitzu publikoek desberdintasun sozialak murriztu eta aberastasuna hobeto banatzen dute».
EH Bilduren ustez, kaltetuenak gazteak, ikasleak, langileak, emakumeak eta adineko pertsonak izango dira: «hain zuzen erakundeek gehien babestu behar dituzten herritarrak».
Astigarragari dagokionez, diote: «gero eta pertsona gehiago bizi da Astigarragan baina zerbitzu berdin edo okerragoekin». Eta konparatzen dute: «sagardotegietara joateko doako autobusa guztion artean ordaintzeko lotsarik ez dute izango EAJ eta PSE-EEk».
Murrizketek, eraginak
Kopuruan ez ezik, zerbitzuan ere eragina izango duela dio EH Bilduk: «autobus gutxiago, autobusak leporaino beteta, lanera edo eskolara iristeko etxetik askoz lehenago atera behar izatea…». Baita enpleguan ere: «autobus gutxiago, langile gutxiago».
Horregatik guztiagatik «gogor» kritikatu dute zerbitzu berria. Eta «murrizketa hauek salatu eta ahal bada, geldiarazteko», ekimenak iragarri ditu.
Informaziorik ez, inkestan
Mugikortasun Astearekin EAJk «itxurakeria» egin duela diote. Orain, autobus zerbitzuari buruz inkesta egin du Udalak, «herritarrei murrizketak datozela informatu gabe», nabarmendu du EH Bilduk. Honen helburua salatu du: «herritarrak inkesta betetzen entretenitu, atzeko atetik, autobusetan %10 eta %48ko murrizketak aplikatzen dituen bitartean».