Beka jaso duzu, Gerra Zibileko eta Frankismoko memoria historikoa ikertzeko. Nolatan aurkeztu zinen?
Historia ikasi nuen lau urtez, gradua; baina horrelako lanik ez dut egin orain arte. Historia irakaslea naiz orain, baina ikerketa lanik ez dut inoiz egin. Eta Astigarragako lagun batek, bera ere historia ikasitakoa, eman zidan beka deialdiaren berri, eta ea ez al nintzen animatuko aurkeztera. Eta bai, gai honek beti piztu izan dit interesa.
Garai horietako kontuak entzunda izango dituzu.
Bai, etxean entzun izan ditut istorioak, batez ere aitonaren ahotik. Hernaniarra zen bera, eta zaletasuna zeukan horrelako kontuak kontatzeko. Gerra garaian 12 urte zeuzkan, eta beraz, burua frexko zeukan dagoeneko. Kontatzen zuen, nola zijoan xexterarekin Hernaniko udaletxe atzetik, eta halako batean bonbardaketak hasi zirela eta ez zekiela zer gertatzen zen; baten batek oihukatu ziola zertan ari zen han eta babesteko, eta ezkutuan jarri zela. Horrelako kontuak ziren. Urtebete ere pasa zuen kartzelan. Hala ere, aitona duela 10 urte hil zen, ni gaztea nintzela, eta beraz, galdera zehatzik ez nion egiten garai haietaz. Amonari galdetzen diot orain, baina bera erreserbatuagoa da, ixilagoa, eta ez du gauza askorik kontatzen.
Akaso, esan ziotelako hori ez zela emakumeen kontua edo. Beraz, Frankismoaren aurreneko urte haietaz gauza askorik ez dut jaso; gerora bai, gurasoek kontatuta, miliaren kontuak eta. Eta etxetik kanpo ere, herriko kontuak entzuten dituzu; hura horrela hil zuten, beste hari ez dakit zer gertatu zitzaion… Liburuetan ez da ezer agertzen idatzita, baina badirudi pixkanaka ari dela azaleratzen zerbait. Zurrumurruak ez zirela kondaira hutsa, alegia.
Nola planteatuko duzu gaia?
Informazio askorik ez dago horren inguruan, eta beraz, aurrenekoa da dena biltzea. Proiektuan aurkeztu nuen, sektore zapalduen testigantzak azaleratzeko asmoa. Liburuetan beti azaltzen dira militarren gorabeherak, fusilatuak eta horrelako kontuak. Baina ume exiliatuak, haurrak hartuta Frantziara edo Bartzelonara joan ziren emakumeen istorioak eta horrelakoak ez dira jasotzen. Eta horietara iristea da nire asmoa. Hala ere, pixkanaka ikusiko dugu, egiten noan heinean joango naiz josten; ideiak badauzkat, baina ez dakit horiek gauzatzea posible izango ote den.
Zergatik da garrantzitsua, zerbait bizitu, ezagutu edota entzun dutenek kontatzea?
Erregistro zibilean, liburuetan edota artxiboetan, askotan ez dira agertzen pertsona horien sentimenduak eta bizipenak. Eta jasota ez dagoen historiaren zati hori aditzera emateaz gain, beraiek ere aukeraketa bat egiten dute: zer izan zen garrantzitsua beraientzat, zerekin sufritu zuten, zer izan zen traumatikoa… Edo juxtu kontrakoa izan daiteke: asko umeak ziren garai hartan, eta kontatzen dizute ume askorekin elkartu zirela eta ondo pasatzen zutela. Testigantzak beste aspektu batzuk eskaintzen dizkizu.
Ikerketak gehiago erakutsiko du gero, baina hasi aurretik… Nolakoak izan ziren Gerra Zibila eta Frankismoa Astigarragan?
Gerra Zibila, berez, oso hilabete gutxitan egon zen Gipuzkoan. Baina gerora, batallak bukatuta sortu zen errepresioa, hori bai izan zela benetako sufrimendua herriarentzako. Hildakoak eta bonbardaketak bai, baina ondorengo errepresioa gogorragoa izan zen. Jendeak ihes egin behar izatea, alderdi politikorik ez zegoenez herritarrak ordezkaritzarik gabe geratzea, isunak, euskeraren kontrako debekuak, arrazionamendu kartillak… Horrek guztiak egoera erabat okertu zien herritarrei. Euskaldun bezala, berez nahikoa matxakatzen bazituzten ordura arte, hortik aurrera gehiago. Emakumeen kasuan berdin, ordura arteko lorpenak atzera bota zituzten: boto eskubidea, dibortzioa… Errepublikan lortutako garaipen txiki horiek ezin izan zituzten errotu.
Frankismoaren aurreneko urte haietan zentratu nahi dut bereziki, baina zailena ere hori da; artxibo militarrak itxita egoten dira, eta dokumentazioa lortzeko, garai hori da konplikatuena. Errepresio haundiena garai horretan izan zen, 1945 edo 1950era arte. Hortik aurrera lasaitzen hasi ziren pixkanaka, eta beraiek ere kontatzen dute hori testigantzetan.
Zenbat astigartar egon daitezke garai haiek bizitakoak?
Badaukat zerrenda bat, eta ez dira gutxi; baina noski, batzuk oso txikiak ziren orduan, eta ezin dira ezertaz gogoratu. 1928an edo lehenago jaiotakoak, esaterako, 42 dira. Horiek gogoratu daitezke beraiek bizitu zutenaz. Baina gainerako testigantzak ere bildu nahi ditut. Gaur egun Astigarragan bizi diren asko, Hernanikoak edo ingurukoak izango dira, baina herrira bizitzera etortzean, ziur entzungo zituztela istorioak. Edozeinek eduki dezake zerbait kontatzeko: kartzelan egon ziren horiek, isunen bat jaso zutenak, hildakoren bat izan zutenak edo haien bizilagunak, zerbait entzunda daukatenak, ondorengoak… Emakumeek bereziki, sentsazioa izaten dute ez daukatela ezer kontatzeko eta aportatzeko. Beraiek ez zutela paperik jokatu guzti horretan. Baina uste dutena baino askoz ere gehiago egin zuten, frontean aritu edo alderdi politiko batean afiliatu gabe ere. Alargun geratuta, haurrarekin eta inoren laguntzarik gabe aurrera aterata, edota herritik alde egin behar izanda, asko daukate kontatzeko.
Garrantzitsua da, gaur egun ezagutzea zer gertatu zen orduan, ezta?
Bai noski. Eta batez ere, nola gertatu zen. Guztiok dakigu liburuetan zer agertu den orain arte, zer ikasi duten beraiek ere eskolan. Eta bizitu zutenek, min hori daukate. Beraz, garrantzitsua da behingoz azaltzea zer gertatu zen benetan, onartzea hori gertatu zela tapatu gabe, eta ez esatea pasa zena pasata dago, orain dioten bezala. Interesatzen zaiena bakarrik mugitzen dute. Ofizialki erregistratuta dauden hildakoak, benetako datuak baino askoz ere gutxiago dira. Nafarroan, esaterako, 1.000 hildako inguru ziren bando irabazleak ofizialki erregistratu zituenak, eta ondorengo ikerketek ziurtatu dute 3.000 inguru izan zirela. Eta hori dena azaleratu behar da; benetan gertatu zena islatuko duen errelato bat. Askotan, entzun ere ez zaie egin.
Ikerketa osatuta, nola emango duzu argitara lana?
Beka sei hilabeterako da, eta otsailera arte daukat hori burutzeko. Horri buruzko liburu bat argitaratzeko, hiru urte behar dira gutxienez. Horregatik, dokumental moduko bat osatu nahi dut, ordu erdikoa edo, testigantzak jasota. Gainera, liburua jende gutxiagorengana iritsiko litzateke; errazagoa da dokumental bat ikustea. Beraz, elkarrizketak egin, eta ikusteko interesgarria izango den ikusentzunezko bat osatu nahi dut. Helburua ez da kontatzea nola sartu ziren tropak Santiomendin, adibidez; hori guztia dokumentatuta dago. Elkarrizketak interesatzen zaizkit gehiago, jendeak nola bizitu zuen.