«Hizkuntza askotan ‘kaixo’ esaten asmatuta irabazi genuen lehiaketa»

Kronika - Erredakzioa 2018ko urt. 27a, 01:00

Hogei lokotxa, eta bakoitzean idatzita, hogei hitz arraro, hizkuntza ezberdinetan. Lokotxak biltzea zen jokoa, baina ez de­nak; soilik kaixo hitza, edozein hizkuntzatan, idatzita zeukaten hamar lokotxak. Eta ezin hobeto, perfekto, egin zuen ariketa, Paris 2018 talde astigartarrak.
Buruntzaldeako Euskararen Ginkanaren finalean izan zen hori, Orona Ideon. Azkeneko proba izan zen hori, eta proba ho­rri esker lortu zuten garaipena, Aritz Oiarbide, Iraia Prie­to eta Lander Irazus­taba­rrena asti­gartarrek, eta Nora Falcon do­nostiarrak: «ordura arte hirugarren gindoazen finalean, eta ez genuen espero irabazterik. Aurkezleak galdetu zigun, zenbat uste ote genuen zuzen bil­du genituela, eta guk bost edo izango zirela. Bost... bider bi, hamarrak dira zuzenak!, eran­tzun zigun. Eta horri esker, pun­tu bakarreko aldearekin irabazi genuen finala. Seku­la­ko poza har­tu genuen», kontatu diote Kronikari.

Lortutako saria ikaskideekin konpartituko dute, ikasturte bukaerako bidairako
Lehiaketa irabazita, 1.000 euroko saria jaso zuten, eta taldearen izenak garbi erakusten du, zertarako erabiliko duten: «Pa­risera egingo dugu ikasturte bukaerako bidaia, Arantzazuko Ama ikastolakoek; eta horretarako erabiliko dugu, laguntza bezala. Klasekoekin konpartituko dugu», azaldu dute.
Hain justu, helburu horrekin animatu ziren lehiaketan parte hartzera. Lauak animatu ziren, eta taldea osatu zuten. Ikaskideen laguntza ere izan zuten, sailkapen faseko aurreneko proban: «bi­deo batzuk ikusi genituen, he­rrialde ezber­dinetako hizkun­tzei buruzkoak, eta horien ingu­ruan, hamar esaldi jarri zizkiguten; eran­tzun behar genuen egia edo gezurra ziren. Klasean ikusi genituen bideoak, eta guztion artean erantzun».
Hizkuntzen bidetik zijoan lehiaketaren gaia: euskera, hiz­kuntza aniztasuna, eta hizkun­tza ekologia. Baina probak, oso desberdinak izan ziren, bera­ien artean...

«Astigarragako gazteen artean asko egiten da euskeraz. Koadrilaren araberakoa da, baina gehienetan euskeraz egiten da. Herrian beti entzun da euskera asko, baina gero eta gehiago izaten saiatu behar dugu»

«Goxoak zeuden kalabaza galletak, gerora ere egin ditugu etxean»
Horren adibide izan zen bigarren proba. Garaiko produktuekin, errezeta bat prestatu behar zuten: «kalabaza galletak egin genituen, eta goxoak zeuden. Gerora ere egin ditugu etxean. Proba hori Landerren etxean egin genuen, eta bere amak la­gundu zigun galletak presta­tzen», kontatu dute.
Hirugarrenean, berriz, pankarta bat zeukaten egin beharra, antolatzaileek barazkiei buruz emandako esaldi batekin; eta herriko fruta denda baten aurrean argazkia atera.
Baina hiru proba horien ondoren, oso zaila zeukaten finalera sartzea: «proba ba­koi­tzeko hiru talde onenei, puntu extrak ematen zizkieten, eta guk ez geneukan bat ere».
Azkeneko proban lortu zu­ten finalerako pasea: «kaixo hitza idatzi behar genuen, ha­mar hizkuntza ezberdinetan, pankarta batean. Astigarragan entzun ditzakegunak aukeratu genituen batzuk, eta bitxiak egiten zitzaizkigunak beste batzuk. Euskera, gaztelera, ara­biera, frantsesa, inglesa, katalana, galiziera...». Horretan bai, puntu extrak lortu eta finalera sailkatu ziren, ezustean: «30 bat talde aritu gara, eta horietatik bi astigartarrak. Ba biak sailkatu ginen finalera!». Txotx taldea izan zen bestea, azkenean hirugarren geratu zena.

Sailkapen fasean bezala, finalean ere azkeneko momentuan buelta
Eta esperantza gutxi bazuten finalera sartzeko, are gutxiago espero zuten irabaztea: «uste genuen, finalera iristearekin nahikoa egin genuela, baina begira...». Bertan ere, sailkapen fasean bezala, lau proba izan zituzten; eta bertan ere, sailkapen fasean bezala, azkeneko proban eman zioten buelta lehiaketari.
Aurrenekoan, hizkuntzari buruzko esaldiak egia edo ge­zurra ote ziren erantzun behar zuten; bigarrenean, hamabi fruta eta barazki urtaroen arabera kokatu; eta hirugarrenean, sailkapen faseko bideoetatik gogoratzen zutena aplikatu behar zuten, asmatzeko zenbat hizkuntza hitz egiten diren herrialde jakin batzuetan.
«Ez ginen ondo hasi, eta hiru proba horiek eginda, hirugarren gindoazen sailkapenean», diote taldekideek. Baina azkenekoan, erabat irauli zuten sailkapena: hamarretik hamar lokotx zuzen bildu, eta lehiaketa irabazi zuten, 22 punturekin; 21 punturekin bukatu zuen bi­garrenak, Usurbilgo Negu taldeak; eta 19punturekin hirugarrenak, Astigarragako Txotx tal­deak hain justu.
Lehiaketa irabazi izanak, «ez du eragingo euskera ikasgaiko notan, Aintzanek ez digu nota igoko», diote barrez; bai­na ikasbidairako bai, lagunduko die: «bidaia presta­tzen ari gara; orain, errifak saltzen. Astebe­te­rako joango gara, eta desiatzen gaude».

«Astigarragan, gazteen artean, asko egiten da euskeraz»
Lehiaketan, kaixo hizkuntza askotan esateaz aparte, ikasi dute «euskera nahiko ondo da­goela, baina sustatzen jarraitu behar dugula, hizkuntza asko ari direlako desagertzen».
Astigarragako gazteen artean, osasuntsu ikusten dute eus­kera: «herriko gazteen artean asko egiten da euskeraz. Koa­dri­laren araberakoa da hori, baina koadrila gehienetan euskeraz egiten da. Astigarragan beti entzun da euskera asko, baina gero eta gehiago izaten saiatu behar dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!