«Gero eta lagunarte zabalagoa osatzen dute Aisialdi Taldean ibili direnek»

Kronika - Erredakzioa 2016ko ira. 3a, 02:00

- Jon Altuna Iza ‘Oxan’-

Inor ez da gai bertan guztira zen­bat haur eta gaztetxok par­te hartu duen esateko. Izan ere, asko dira eta denak daude urria­ren 22ko ospakizunetara gon­bidatuta. Aurten 200 lagun baino gehiagok parte hartu du udako oporraldietako ekimenetan. Une gozoan dago Xa­guxar, herrian denbora librerako ekin­tzak antolatzen ai­tzindaria, erre­ferentzia bihurtu da. Dena den, 25 urtetan denetarik izan da; begiraleen erreleboa dela eta zail­tasunen bat edo beste izan ba­du ere, garai bakoitzeko be­har eta baldintzetara egokitzen jakin izan du eta, esan bezala, indartsu dago aisialdi taldea. 

Egitasmo irekia
1991ko udazkenean sortu zen Xaguxar, urrian, eta otsailean erregistratu. Hutsune bati eran­tzuteko elkartu ziren zenbait lagun. Txema Zabalak azal­du digunez, elizatik eta katekesitik kanpoko egitasmo irekia eratu nahi zuten: «Bakoitzak bere pentsaera ba­du ere, guk, nolabait, kalean zebiltzan haurrei aukera eskaini nahi genien, gurasoei lanak erraztu eta lagun koadrila ezberdinak elkartu». 
Txema Zabalak ez dauka zalantzarik; 25 urteotako ba­lantzea ona da: «Gu hasi ginenetik, asko aurreratu da, herri txiki batean talde txiki batek antolatutako gauza txiki batetik, orain hartu duen martxa ikusita, aldea haundia da. Batez ere, udarako parte hartzaile kopuruaren aldetik». 
Helburu eta dinamika as­koz xumeagoarekin sortu zen duela 25 urte. Txema Zabalak dio, orduan ume eta gaztetxoentzako ez zela ia ezer antola­tzen. «Udala bera hasi berria zen… Gu kalean libre ibiltzen ginen, baina sumatzen hasi zen aldaketa: jada umeak etxean gelditzen ziren edo gurasoekin atera. Orain, guraso zarenean, konturatzen zara zein ondo etortzen diren eskola kirola eta udalekuak». 

«Xaguxarrera etortzen denak gehienetan errepikatu egiten du»

Ibon Jaramillo urte askotan izan da begirale eta arduradun. Orain guraso ere bada. «Okerrena» hori dela dio, bi aldeetan dagoela. Bere iritziz bietatik dago, «badira guraso batzuk beharrik ez izan arren bidaltzen dituztenak, eta beste batzuk aldiz, familiaren behar edo egoerarengatik. Lanean zaude, eskola amaitu da eta nonbaiten egon behar dute seme-alabek. Horregatik dago, gaur egun, aukera askoz zabalagoa, kiroldegian, haurtzaindegian, musika eskolan eta abarretan. Dena den, Xaguxar da aitzindaria eta erreferen­tzia, haur gehienak bertan ari­tzen dira». Eta harrotasunez dio: «Etortzen denak gehienetan errepikatu egiten du». 
Xaguxar umetan ezagutu eta oraindik hor dirauen Ione Olaziregik ezberdintasunak nabarmendu ditu, hala ere: «Ezberdinak dira, gurea oso ludikoa da, besteak kirolean ala musikan zentratzen dira».

Bilakaera
Hasierako urteetan astebururo antolatzen zuten zerbait, gerora hilean behin, arratsaldetan, baina gutxi elkartzen ziren. Egokitu egin da aisialdi taldea eta soilik asteburu pasak mantendu dira. «Beraz, urtean zehar emandako zerbitzua baino, gehienbat oporraldietakoa bihurtu da. Urtean zehar kirola, musika eta abar egiten dituzte eta oporraldietan zerbait ludikoagoa», zehaztu du Ibon Jaramillok.
Hor ere izan dira gorabeherak, Jaramilloren esanetan: «Pixkanaka haur kopurua ugaritzen hasi zen; ehunera iristean esan genuen: nora goaz ehun umerekin? Orain zenbait txanda egiten dira; aurten, hi­ru. Ho­rre­tan eragina du noski, batetik bi­zi­moduaren aldaketak, eta bes­te­tik, Astigarragako herriaren haz­kundeak. Biztan­le kopurua bi­koiztu egin da eta goraka doa». 
Gaur egun bi eskaintza nagusi ditu Xaguxarrek: batetik, urtean zehar egiten direnak, asteburu pasak, larunbat arratsaldetako tailerrak eta herriko beste hainbat ekintzatan parte hartzea. Bestetik, opor girokoak, gabonetako ludoteka eta udaleku irekiak, bi hauek 4-12 urte bitarteko haurrei zuzenduak, eta kanpaldia, udan, 12-16 urtekoen­tzat; duela 20 urte antolatu zen lehenengo aldiz; aste beteko irteera izaten da, normalean Nafarroako Pirinio aldera. Arrakasta gehien duten ekin­tzak, udaleku irekietan egun osoko irteerak dira: hondartzara, igerilekura, zuhaitz parkera, piraguan ibiltzera... Eta ludotekan Olentzerori ongi etorria, urte zahar festa eta BECera Gabonetako PIN parkera bisita. Aurten, 200 lagunek parte hartu dute udalekuetan eta 36k kanpaldian, gehiago­ren­tzat lekurik ez zegoelako.

Begiraleak
Haurren aldetik beraz, ez da eragozpenik izan, begiraleen erreleboaren aldetik bai, ordea. «Taldeak funtzionatzeko arazoak izango ditu begiraleak falta direnean. Hauek, 18 urterekin hasi eta Xaguxarren izaten dira bizpahiru urtean, lanean hasi arte. Normalean lanean hasten denak ez dauka denborarik eta ez da buelta­tzen». Ibon Jaramilloren hi­tzak Ione Olaziregik osatu ditu; «gutxi batzuk jarraitzen dugu, saltsa gustatzen zaigulako». 

«Aisialdirako eskaintza zabaldu da herrian, baina Xaguxar da aitzindari eta erreferentzia»

«Lan baldintzak ere urteekin asko hobetu dira; Xaguxa­rren eskaintza eta emandako zerbi­tzuak ere bai». Gaur egun udaleku irekien aurretik zain­tza eta ondoren jangela zerbi­tzua ere eskaintzen dute. «Momentuz erreleboa ziurtaturik bada ere, etengabe egin beharreko lana eta zaindu beharreko kontua da. Gerta daiteke edozein unetan begirale eskasia izatea». 
Begiraleen artean sortzen den adiskidetasunari garrantzi haundia eman dio Ibon Ja­ra­millok. Begiraleak ez dira begirale soilak, bere lana egin eta etxera joaten direnak; talde bat da, jarraipen bat dago: «Urtean zehar elkartzen gara, hainbat ekintza egiten ditugu elkarrekin, eta, oro har, lagun taldea ere bihurtzen da; elkarrekin afaltzera joaten gara, udalekuak amaitu eta planak egiten ditugu… Begiraleon artean de­nok ez gara lagun koadrila be­re­koak, ez adin berekoak, baina, bada belaunaldien arteko lotura». 
Jaramilloren iritziz, ziklo bat da: «udaleku irekian ibilitako umeek gazte kanpaldietan segitzen dute, gustuko dutenek udalekuetan lagun­tzaile hasi eta 18 urterekin, begirale. Orain gainera xoxa batzuk ateratzen dituzte. Garai batean muxu truk egindako lana zen. Gero, guraso zarenean, herrian bizi zara eta nora bidaliko dituzu haurrak? Ba, Xaguxarrera».
Haurren eta begiraleen arteko hartu-emana ere zuzena eta estua da. 25 urteotako errepasoa egiteko aurreko as­tean elkartu ginenean bi alde­ta­koak ziren bertan: Amaiur Al­tamira begiralea batetik, Ju­ne Etxeberria eta Maddi Güe­mes parte hartzaileak bestetik.

Denak herrikoak
Ione Olaziregik berak azpimarratu du begirale eta haurren arteko lotura: «Harremanak dauzkagu 15-20 urte gutxiago edo gehiago dituztenekin. Asko harritu egiten dira horrekin, baina oso polita eta naturala da gure artean». Ione Olazire­giren kasua berezia da, ume zenean ezagutu zuen Xaguxar eta hor jarraitzen du. Lagun asko egin ditu; tartean, zaharragoak eta gazteagoak. «Xa­gu­xarreko guraso izatea falta zait, bestela etapa guztiak bete ditut. Umetan bizi izan nuen esperientzia niretzat izugarria izan zen. Horri esker nire urtekoak ez direnekin harremana daukat, nire begiraleak izandakoak nire lagunak dira».
Ibon Jaramilloren ustez, aipagarria da begirale taldea herrikoa izatea, herrian baloratzen da hori. «Haurrek kalean ere ikusten dute begiralea».  Amaiur Altamira begiralearen­tzat funtsezkoa da hori, «herri­an egindako ekintza bat da he­rriarentzako. Denak gara he­rri­koak, denak ezagunak. Natu­ral­tasunez egiten da dena. Hori da politena, Xagu­xa­rren esentzia».
June Etxeberria eta Maddi Güemes gaztetxoek bat egiten dute Amaiur begiralearekin adin edota inguru ezberdinekoen harremanak sendotzen direla eta ederki pasatzen dutela esaterakoan. Xaguxar, bertan dabiltzanen adiskidetasuna sendotzeko baliagarri da. Ir­teerak dituzte gustukoen Maddi eta Junek, ederki ibil­tzen dira egun osoan kanpoan, ikastola ezberdinetako lagunekin. Jende berria ezagutu baino, normalean harreman es­turik ez dutenekin lortutako hur­biltasuna azpimarratu du­te. Betiko lagunartea zabaldu egin dute. 

Ezustekoak
Hori bai, ondokoak zirikatzeko beta izaten dute, batez ere kanpaldietan. Hainbeste urtetan denetarik gertatu da: Kanpin dendan zapoak sartu, lo daudenean lekuz aldatu, ileak moztu edo tindatu, aurpegiak margotu eta abar. Ione Ola­zi­regik gogoratzen du bera ume zela, Beizamara joan eta asteburu osoa frontoian pasa zutela: larunbatean, errotuladoreekin paretak margotzen, eta igandean ere frontoian, errieta jaso ondoren paretak garbi­tzen. 
Tarteka ezusteko edo istripuren bat gertatzen da, oso tarteka. Ibon Jaramillok azaldu digu batzuetan kezkatzen dela: «Gurekin darabilzkigun umeen kopurua ikusita, gutxi gertatzen direla esango nuke. Urduri egoten gara, behin edo behin zerbait serioa gertatuko ote den. Ardura haundia da eta askotan ez gara horretaz jabe­tzen». 

Gurasoak 
Guraso ‘petralen’ bat izaten da, baina oro har, pozik daude. Ione Olaziregik urteetako esperientzia dauka eta gurasoek erakusten duten konfiantza nabarmendu du. Arduradunak jabetzen dira, dena den, exijentzia gero eta altuagoa dela. «Guraso batzuen aldetik gehiago eskatzen zaigu», adierazi digu. 
Gurasoei oso ondo datorkie opor garaian Xaguxarrek es­kai­nitako zerbitzua. Aurten, abuztuko lehen hamabostaldian ere izan dira udaleku irekiak. Goizeko 08:00etarako zaintza zerbitzua martxan izaten da 09:30ak arte, eta, eguneko ekintzaren ondoren, 40-50 haurri ematen diete jaten. Astean behin edo bitan egun osoko irteerak ere egiten dituzte. «Guraso batzuek hartuko lukete, aukera emango bagenu, egunero siesta, merienda eta piknik-a...», dio Amaiur begiraleak. «Eta udalekuak abuz­tu osoan ere bai», baina bi­garren hamabostaldian Xa­gu­xarreko begiraleen oporrak dira. Dena den, lana ere ez al dute opor?
 

«Umetan ezagutu eta begirale jarraitzen dute batzuk ‘saltsa’ gustatzen zaigulako»

Etorkizuna
Gerora begira ez dute erronka berezirik aipatu. Oraingoari eustea du xede Xaguxarrek, garai berrietara eta behar berrietara egokituz. 
Hori bai, etorkizun hurbilari begiratuta, urriko bi asteburutan ospakizun ekitaldiak antolatuko dituzte eta «egun haundia» urriaren 22an; larunbat horretan elkartuko dira baz­kaltzeko 25 urte hauetan Xa­guxarren ibili direnak. Due­la bost urte 120 bat elkartu zi­ren. Aurten gehiago izango di­re­la uste dute.  Bazkaria eta fes­ta, umeentzako jokoak, mu­sika eta familien arteko lehiaren bat ere antolatu nahi dute.

«Historikoa»
Txema Zabala gurasoa baikorra eta eskerronekoa da. Bere iritziz, meritu haundia du Xa­gu­xarrek, historia egiten ari da. Gogoratu du Kultur Etxean bilerak egiten zituzten lokalaren ondoan zela Irrintzi irratia. «Desagertu zen eta Xagu­xarrek segitzen du, urte haietan zeuden hainbat talde, gaur ez dira jada, gutxik jarraitzen dute, eta Xaguxar da horietako bat; ‘historikoa’ da». 

Euskeraz
Euskeraz egin du bidea hasiera hasieratik Xaguxarrek. Betida­nik izan da apustua euskera hutsean, euskera bultzatuz. Oro har, ohar eta komunikazio guztia euskeraz egin da. «Orain, azken urteotan hasi gara, hala eskatzen dutenei informazioa bi hizkuntzatan bidal­tzen». 
Herria, Astigarraga, asko aldatu da duela 25 urtetik hona, baita euskeraren erabileraren aldetik, «okerrera, lehen kalean besterik ez zen entzuten eta orain ezagutza haundiagoa da, baina erabilera ez». Txema Za­ba­lak kontatu digu, «orduan, nor­bait gazteleraz entzunez ge­ro, jakina zen kanpotarra zela». 
Urtean zehar ekintza askotan laguntzen eta parte har­tzen du Xaguxarrek, euskeraren ingurukoak, gazteen alorrekoak, kultur arlokoak, herriko hainbat jai eta ospakizunetan. «Txoko­la­tea egiten espezialistak gara» dio irribarretsu Ione Olaziregik. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!