Herrian bertan erosteak hainbat abantaila izaten ditu, eta horietako bat da, ikasturtea hasterako, eskolarako behar den material guztia prest eta eskura eduki daitekeela.
Garbiñek, behintzat, dagoeneko Astigarragako dendan, Merke Azokan, dauzka astigartarrek eskatutako liburuak. «Dagoeneko prest dauzkat eskolarako behar diren liburu guztiak; uztailean eskatu zizkidaten! Normalean orduantxe jasotzen dute eskolatik, hurrengo ikasturterako behar duten material zerrenda, eta horixe ematen didate. Gehienek herrian bertan ikasten dute, eta bestela, DBH, Martutenen, eta beraz, hona etortzen dira erosketak egitera».
«Material guztia barruan daukaten Milaneko maletinak, kolore pasteletako fluoreszenteak... Beti izaten da zerbait, modan!»
Liburuez gain, beste hainbat material
Eskolara bueltatzeko, liburuak ez dira nahikoak, ordea. «DBHko 3 eta 4 mailetan, liburu gehixeago erosi behar izaten dituzte normalean, Lehen Hezkuntzan baino, baina gaztetxoagoek, eskolan bertan hainbat liburu maileguan hartzeko aukera izaten dute, eta ariketa liburuak bakarrik erosten dituzte. Gainontzean, koadernoak, konpasak, karpetak... erosten dituzte».
Horrelakoak aukeran daude Hernanin ere, Urbieta kopiak dendan, adibidez. Agendak, musika klaseetarako plastikodun karpetak... Aukera zabala izaten da. Ohiko material horretaz gain, gainera, bestelakoak ere behar izaten dituzte ikasleek: ordenagailu eta tabletak, esaterako. Horrelakoetarako aukerarik ez da falta Hernaniko Oria informatika dendan; eta berria erosi nahi ez duenarentzat, ordenagailuari errepasoa egin eta erabiltzeko punttuan ere jartzen dute.
Beharrezko materiala, baina gustoz aukeratua
Baina lanera bueltatu beharra zaila egiten zaio askori, eta horregatik, bestelako hainbat aukera ematen ditu Garbiñek berak. «Kapritxoak dauzkat, ia denak! Batzuetan ez dira behar izaten, baina erosi egiten dituzte, gustatu egiten zaizkielako. Motibazioa ere badira, eskolara bueltatzeko!».
Hernaniko Ikusi Makusi dendan ere, badauzkate horrelakoak; beharrezkoak, baina norberaren gustora egokitutakoak: motxilak, koadernoak, amantalak, estutxeak, jolasak... Garbiñeren esanetan, gauza batzuk modan ere izaten dira: «Material guztia barruan daukaten Milaneko maletinak, kolore pasteletako fluoreszenteak... Beti izaten da modaren bat!». Azken batean, lanera ilusio pixka batekin bueltatzeko aukera ematen dute kapritxo horiek, eta horien artean, jolas didaktikoak edota eskulanetarako materiala ere badauka, lan ohiturak pixkanaka eta gogotsu berreskuratzeko!
Azken erosketak, irailean
Kapritxotik gertuen dauden gauza horiek, normalean abuztu bukaeran edo iraila hasieran erosten direla dio Garbiñek. «Normalean, behar-beharrezkoa aurretik eskatzen dute gehienek. Hala ere, beti izaten da azken momentuan liburuak eskatzera etortzen dena, eta hurrengo egunerako prest edukitzea behar duena! Horrek ematen dit beldurra, baina ni ere prest izango naiz!».