Martxoan onartu zuen Udalak, aho batez, txakur parkeen erabilera zehaztu eta abereak eduki eta babesteko udal ordenantzaren aldaketa. Eta horren balorazio positiboa egin du EH Bilduk, «txakur parkeak bi urteko atzerapenarekin iritsi badira ere». Izan ere, alderdiak nabarmendu du, aurreko legealdiaren bukaeran jarri zuela martxan egitasmoa, eta EAJk bi urte behar izan dituela garatzeko. Modu berean adierazi du, «hainbat txakur jaberekin bildu ostean», 13 alegazio aurkeztu zituela arautegia aldatzeko, «EAJren proposamen sinplea hobetzeko».
Onartu diren alegazioen artean, nabarmendu ditu txakur parkeetako gutxieneko baldintzak: bi txakur edo gehiago daudenean, jabeak ere parkearen barruan egotea, kalteen erantzukizuna haiena izatea... «Baina garrantzitsuena izan da, txakurrak libre ibiltzeko guneak egokitzea. Hiru eremu aurreikusi dira herrian: Murgia Parkea, Mundarro plaza (Arrobitxulo) eta Pagoaga kalea (Ergobiatik Oialumera doan bidegorria)», azaldu du. Udan 21:00etatik 09:00etara, eta neguan 19:00etatik 10:00etara, aske ibili ahal izango dira bertan, arriskutsuak ez diren txakurrak. Gune horietan, panel informatiboak jarriko dituzte funtzionamendua azaltzeko, EH Bilduk aurreratu duenez.
Hainbat alegazio, onartu gabe
EH Bilduk aurkeztutako beste hainbat alegazio, berriz, ez ziren onartu. Horietako bat da, etxe partikularretan txakurren bizi baldintzak zehaztekoa, «animalien eskubideak eta sufrituko ez duela bermatzeko». Txakur arriskutsuen deskribapena legediari egokitzea ere eskatu zuen EH Bilduk, eta txakurrak hirigunean lotuta eramateko obligazioa, landa eremura zabaltzea, jabearen begi bistan ez daudenean.
Ez da onartu txakur kakak galtzadetan uzteko baimena ordenantzatik ezabatzea ere. Eta EH Bilduk aldatu nahi izan du, baita ere, txakur abandonatua, azken aukera bezala, erail beharko dela dioen atala, proposatuz hori bideratzeko erakunde animalista eta herritarrekin harrera sare bat sustatzea. Eta onartu ez den azkeneko alegazioa, izan da animaliak erabiltzen dituzten zirku eta zooak debekatzea.