Dagoeneko ireki ditu ateak Astigarragako Oyarbide sagardotegiak, eta orain, «jendea etorri zain» daudela onartu du Xebastian Zabalegi sagardotegiaren jabeak. Izaera «tradizionala» duen sagardotegia dela dio Zabalegik, eta horregatik, denboraldi osoan zehar, «betiko menua» eskaintzen dutela: txorizoa, bakailu tortila, bakailu frijitua edo saltsan (aurretik eskatuta), txuleta, eta gazta, menbrilloa eta intxaurrak.
Eta noski, sagardoa barra-barra: «6-7 kupela bete ditugu aurten denboraldi osorako etxeko sagardoarekin, baina gehiago ere izango ditugu, kanpotik ekarritakoarekin», dio Zabalegik.
Kanpotarrak, euskeraz
Txotx denboraldiaz gero eta jende gehiagok gozatzen du, eta Oyarbiden ere nabaritu dute kanpotarren babesa: «kanpoko jende asko ibiltzen da orain». Eta anekdotak ez dira falta: «aurreko urtean mutil koadrila bat etorri zen Erromatik, eta euskeraz guk baino hobeto egiten zuten. Liburuekin ikasi omen zuten!».