«Bi berezitasun dauzka aurtengo uztak: Gipuzkoako sagarrak eta Euskal Sagardoa Jatorri Deitura»

Kronika - Erredakzioa 2017ko urt. 14a, 01:00

Nolako sagardoa dator aurtengoa?
2016eko sagar uzta irregularra izan zen kantitate aldetik, baina ona kalitatean. Sagarra iaz baino zer edo zer beranduago heldu zen, baina azken orduko euriek asko lagundu zioten. Aurtengo sagardoak lurrin haundikoak izango dira, kolore gutxia­gorekin, txinparta finekoak eta gorputz haun­di­koak. Txotx denboraldi honetan sagardoaz go­za­tze­ko aukera izango dugu, bai noski!

Eusko Label sagardoa ekoizten al duzue?
Bai, aurten 200.000 litro ekoiztu ditugu, %100 bertako sagarrak erabiliz eta goi kalitatea ber­ma­tuz. Bi berezitasun izango ditu, gainera, aurtengo uz­tak: sagardo hau ekoizteko Gipuzkoako 9 sagar mo­tak bakarrik erabili ditugula (Goikoetxe, Txa­la­ka, Urtebi Haundi, Frantses sagarra, Urtebi Txiki, Mo­ko, Patzolua, Mozolua eta Gezamina) eta Euskal Sa­gardoa Jatorri Deitura izango duela. Horrela ber­ma­tuko dira sagardoaren jatorria eta kalitate gorenak.

Zer espero duzu aurtengo denboraldiaz?
Azken urte hauetan gizartea krisia gainditzen ari dela dirudi. Ikusten ari gara jendea nola, berriro ere, sagardotegietako giro informaleko otorduaz gozatzeko irrikitan dagoen, bai kuadrilan, familia artean, bikotekidearekin... Beraz, goranzko joera hori mantentzen segitzea espero dugu. Gure etxera datorren jendea gustora egotea espero dugu, sagardoaz eta euskal giro jatorraz gozatuz.

Zein erronka ditu Petritegik?
Sagardotegiari dagokionez gure bezeroen fidel­tasuna mantentzea, eta horretarako eskaintzen ditugu jatetxeko zerbitzu gertuko eta familiarra, kalitate haundiko gas­tro­nomia, eta gure uztako sagardoak, hoberenak. Gainera, urte osoan izaten dugu txotxa, eta plater berriak ere eskaintzen ditugu begetarianoentzako, zeliakoentzako, hau­rren­tzako... Bestalde, ikuspuntu kulturalari dagokionez, bisita gidatuak eskaintzen jarraitu nahi dugu, eta kultura ekintzak garatzen, sa­gar­doa­ren eta gure ogibidearen errealitatea eza­gutzera ema­teko, euskal sagardoari  beste edari ba­tzu­e­kin lehiatzeko behar duen balio erantsia ematea lortuz.
Sagardo-ekoizpenari dagokionez, 2010etik Eusko Label sagardoa ekoizten dugu, eta jarraituko dugu gure familiaren Astigarragako sagastiak lantzen eta inguruko baserritarrekin elkarlanean, bertako sagar ekoizpenaren alde egiten. Era berean, Euskal Sagardoa Jatorrizko Deituraren jaiotza ikusiko dugu. Azkenik, produktuaren diber­tsi­fi­ka­zio­arekin eta ikerkuntzan jarraituko degu.

Zein garapen izan duzue azken urteetan?
Astigarragako gure sagastiak berritu ditugu, zuhaitz gazteak jarriz eta 16 euskal sagar mota aukeratuz; produktu berriak ekoizten ditugu (sagar zukua, sagardo ekologikoa...); eta atzerriko mer­katuetan gure presentzia indartu dugu (AEB, Kanada, Ipar Europa...). Euskal sagardoaren jatorria eta kalitatea bermatzeko, Eusko Label proiektuko parte gara, eta hurrengo urtetik aurrera Euskal Sagardoa izango da. Eskaintza kulturalari dagokionez, bisitak, tailerrak, sagardoaren kul­turarekin lotutako ekintzak... bultzatzen ditugu, Azken batean, sagardoaren kultura sustatu eta zabaldu nahi dugu, beharrazkoa ikusten baitugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!