«Indarkeriak jarraitzen duen bitartean, bufanda ehuntzen jarraituko dute»

Kronika - Erredakzioa 2016ko abe. 10a, 01:00

Datorren ostiralean aurkeztuko duzu Ametsetik errealitatera ehuntzen: matazak liburua. Zertan datza liburua? Eta zer da, hain zuzen, aurkezpenean azaldu nahi duzuna?
Liburuak kontatzen duena da emakumeenganako in­dar­keriaren kontrako matazen istorioa, bere jatorritik azaroaren 23an Lisboara egindako aurreneko nazio­ar­teko bidaiara arte.
Gustatuko litzaidake aurkezpen-ekitaldian transmititu ahal izatea nola izan zen sormen-prozesua, eta musikaren eta hitzaren bitartez, bertaratzen direnen bihotzetara iristea ere bai. Seguru nago harrigarria izango dela.

Zein helbururekin egin duzu liburua? 
Hasiera-hasieratik Harituz taldetik proposatu zidatena izan zen beraien istorioa kontatzeko beharra zutela, eta liburuak sentiarazi behar zuela, edo saiatu behintzat, proiektuak beraiei sentiarazten diena. Hori da, hain zuzen, planteatu genuen helburua, eta espero dut lortu izana. Horretan saiatu naiz, behintzat.

Matazen lana garrantzitsua da, baina urtean zehar ekintza gehiago egiten dituzte. Proiektu hau zergatik da liburuaren interes-gune bakarra?
Hori beraiek eman zidaten. Li­buruan azaltzen da eskolaren jaiotza, ikastolarekin izan dituzten trukeak… baina beraiek bufanda erraldoiaren istorioa kontatu nahi zuten, Astigarragako herrian hasi eta munduko hainbat herrialdetara iritsi dena, zatiak emanez. Gaur egun, bufanda 2,5 kilometrokoa da; harrigarria da, ba­ietz? Pentsatzen dut herriaren proiekturik nazioartekoena dela, eta ez hori bakarrik, emakume hauek geldiezinak dira. Gainera, in­darkeria jarraitzen duen bitartean, bufanda ehuntzen jarraituko dute. Espero dut bufanda elika­tzen duen desberdintasuna desager­tzea, eta modu kreatiboan bu­fanda erraldoia erabili ahal izatea.

Nola izan da sormen prozesua? Harituz elkartearekin lankidetza ezinbestekoa izango zenuen, ezta?
Noski baietz. Hasierako prozesua denona da, beraiek gabe ez dago istoriorik. Ema­kumeen taldekoekin egindako lau elkarrizketa gidatuetatik abiatu ginen; bertan, gertatutakoak kontatu zizkidaten, baita beraien bizipenak ere. Grabatutako materiala transkribatu eta antolatzen nuen, eta horrela, hurrengo bilera planteatzen nuen zintzilik geratu ziren gaiekin, eta bata eta bestearen arteko loturak eginda.
Ondoren, barne-koheren­tzia, estiloa eta material guztia josteko nik egindako lana dago. Lan honek ikerketa kualitatiboaren oinarria dau­­­ka, soziologian daukadan formakuntzarekin lotutakoa, eta beste bat kreatiboagoa, literarioa, nire ahotsak eta jendeak kontatu nahi bai, baina kontatu ezin du­ena transmititzeko desirak gidatuta. Azken hau www.ritosdepaso.com pro­iek­tu pertsonalaren bi­tar­tez ateratzen dut aurrera.
Gainera, argazki aukeraketa bat ere egin dugu; lan horretan elkarlanean aritu naiz Arte4c-ko Eloy Mugui­rore­kin, berak edizioan la­gundu digu.

«Hasierako prozesua denona da, Harituzeko emakumeak gabe ez dago libururik»

Zer-nolako harremana daukazu Harituz elkartearekin? Nola ezagutu duzue elkar?
Gure harremanean lehena eta oraina dago. Beraien pro­iektua interes pertsonalagatik ezagutzen nuen, baina beraiek ez nituen ezagutzen. Equalatik proposatu zidatenean liburua egiteko aukera, beraiek ezagutzeko ideia asko gustatu zitzaidan, eta beraien historia kontatzea ere bai. Plazer bat izan da. Gure artean sortu den lotura oso estua da. Miresten ditut; niretzako artista hutsak eta bizitzako maistrak dira, mi­res­garriak.

Beraien munduan murgildu zara, eta esan daiteke, elkartea sakon ezagutzen duzula. Nola definituko zenuke egiten duten lana?
Egiten duten lana oso zabala da. Ezagutzeko eta gehiago jakiteko daukaten beharra­re­kin jaio zen esperientziaren eskola, eta ordutik, be­raien ikuspegia zabaltzen joan da. Nire ustez, matazek aldarrikapena eta kreatibitatea ematen diete. Poli­fa­zetikak dira, hala definituko nituzke. 
Interes haundia daukat egiten duten lanean, eta egiten duten moduan. Horrek ez du esan nahi proiektuak ez duela eraikitzen eta bilakatzen jarraitu behar. Etor­tzen denari irekita daude; beraiekin bat egin eta parte hartu nahi duten pertsonei ere bai.

Nola definituko zenuke proiektu hau? Zer eman dizu?
Matazak, nire ustez, maitasuna, borroka, samurtasuna eta emakumeen arteko el­kar­tasunari buruzko istorioa da. Beraien bizipenentan islatua sentitzea asko gustatu zait, eta asko ikasi dut beraiek munduan egoteko moduaz, baita ezagutzaz ere. Hori, kontuan hartu gabe, bufandaren edertasuna, harri­garria dela, eta materialaren harrera hunkigarria dela.

Feminismoarekin harremanik ba al duzu edo aurreneko kontaktua izan da hau?
Gizarte langintza, soziologia, hizkuntzalaritza eta literaturarekin zerikusia duten nire lanetan, beti saiatu naiz genero ikuspegia erabiltzen errealitatearen eraikuntzaren azterketak egiterakoan. Dudarik gabe, hau ez da nire aurreneko harremana, eta espero du azkena ez izatea!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!