Hogeita sei puntu aztertu eta bozkatu zituen larunbatean Udalen elkartu zen Plenoak; guztiak onartu ziren.
Hiru mozio, hasteko
Aurreneko lau puntuen artean hiru mozio bozkatu zituzten (ikusgai: www.kronika.eus). Aurrenekoa aho batez onartu zen: Herri Eskolako guraso elkarteak aurkeztu zuen, DBH institutuaren ingurukoa. Bertan eskatzen da, besteak beste, Udalak DBHko institutua ahalik eta epe motzenean egin behar dela sinestea; honen aldeko lanak lehentasuna izatea eta langune bat osatzea herriko alderdi, eragile eta herritarrekin; Plenoak 2018ko legealdia bukatuta aurretik eskuratua izatea DBH kokatu behar den partzela, eta erregistratua eta hiritartua izateko konpromiso irmoa hartzea, 2019an edo lehenago Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari lurra uzteko. Era berean, onartu zen Hezkuntza Sailari idatziz eskatzea zein den Astigarragako DBHrekiko duen konpromisoa, eta 2020rako dituen konpromisioak zehaztea. Eta baita ere, Hezkuntza Sailari eskatzea Astigarragak DBH izateko bete behar dituen baldintzak, legedia eta araudia zein diren zehaztea.
Bigarren mozioa EH Bilduk aurkeztu zuen Mandela arauen ingurukoa, eta puntuz puntu onartu zen; aurreneko hiruak EHBildu eta EAJren botuekin, eta PSE-EEren abstentzioarekin; eta azkenekoa aho batez. Mozioa onartuta, Astigarragako Udalak bat egin du Nazio Batuek onetsitako Presoak Tratatzeko oinarrizko Mandela arauekin. Era berean, euskal presoei Mandela araua aplika diezaieten eskatuko du, besteak beste, gaixo dauden presoek tratu duin bat jasotzeko eskubidea izan dezaten, eta dispertsioarekin bukatu dadin. Astigarragako Udalak, Mandela arauak oinarri hartuta, zigor ohiko eta arrunt bezala, muturreko isolamenduaren erabilera sistematikoa arbuiatzea ere onartu zen. Eta Azkenik, Nazio Batuen gomendioari jarraituz, uztailaren 18an Presoen eskubideen aldeko Mandela eguna ospakizuna aintzat hartzea, kartzelaratze baldintza arbitrarioen kontra agertuz eta presoak gizartearen parte ere badirela aldarrikatuz.
Azkenik, hirugarren mozioa udal talde guztiek elkarrekin aurkeztu zuten: errefuxiatuei harrera egiteko udal baliabideak bermatzen dituen mozioa; aho batez onartu zen. Bertan aurreikusten da, irailetik aurrera Udalak jasoko dituen 6 etxebizitzetako bat, aurtengo negurako errefuxiatu familia batentzat eskuragarri egotea; erreserba honek urtebeteko iraupena izango du, eta pasata, udalak erabakiko du zein helburu berritarako bideratuko den. Eta etxebizitza eta egoeraren kudeaketa Udalak zuzenean edo beste erakunde edo elkarteren baten bitartez burutzea ere, onartu zen.
Hondakinak, bi puntutan
Hondakinen inguruko bi puntu ere onartu zituen Plenoak. Aurrenekoa aho batez onartu zen, hiri hondakinak bildu eta tratatzeko Udal Ordenantza aldatzeko proposamena hain zuzen. Bertan zehazten da, besteak beste, etxebizitzetan egindako konponketa, eraikuntza edo antzeko lan txikiekin sortutako hondakinak nora entregatu: garbigunean entregatu beharko dira araututako kopurua ez badu gainditzen; eta bestela hondakin mota horretarako baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko zaio.
Hondakin Bilketa sistemarekin jarraituz, Plenoak onartu zuen hondakin bilketa sistema San Marko Mankomunitatearen esku uztea eta lankidetza hitzarmena sinatzeko espedientea martxan jartzea; EAJ eta PSE-EEren botuekin onartu zen. EH Bilduk kontra bozkatu zuen, argudiatuz, Garbitaniak eta San Markok aurkeztutako aurrekontuak ez zirela bateragarriak, azken honek esaterako ez baitu zehazten zer egingo duen: «San Markok egindako txostenean langile hitza ez da aipatu ere egiten, eta egun Garbitaniarekin bilketa egiten duten bost langileei ez zaie ezer jakinarazi». Alkateak erantzun zuen Mankomunitateari emango zaiola bilketa eta 3-4 langile beharko direla esan diotela: «konbenioa egiteko dago, eta Batzordean erabakiko da onartu edo ez».
Zarkumendegiko zabalpena, alokairu sozialeko etxebizitzen zozketa oinarriak, kiroldegia eraberritzeko plana, kale izendegia... ere onartuta
Hamargarren puntuan, Plenoak aho batez onartu zuen Zarkumendegi zabalpena. Honek aldaketa puntuala eskatzen du Plan Orokorrean, eta EH Bilduko bozeramaileak esan zuen, alde bozkatu arren, argi dagoela Plan Orokorra errebisatu beharra dagoela, ez baitio egungo beharrei erantzuten.
Alokairu sozialeko erregimenean, babes ofizialeko zazpi etxebizitza zozketatzeko oinarriak ere onartu zituen Plenoak, aho batez.
Bestalde, Kiroldegiaren eraberritzearen bigarren faseko obren esleipen proposamena
onartu zuten aho batez. EH Bilduko bozeramaileak azaldu zuen komenigarria dela uda aprobetxatzea obrak hasteko; eta Gobernu Taldeak erantzun zuen kontuan dutela, eta lanean ari direla lehenbailehen hasteko.
Kale berrietan emakume izenak jartzeari Udalak ematen dion garrantzia ere azpimarratu zuen Alkateak 15garren puntuan. Hala, Plenoak aho batez onartu zuen Emakumeon Plaza izena jartzea Juanito-enea etxeko atzealdeari, Sagardotegi eta Pelotari kale arteko eremuari. EH Bilduk gehitu zuen, ondo legokeela mural bat egin eta ekitaldi bat egitea, plaka jartzerakoan.
Buruntzaldeko auto-taxiko garraio zerbitzua ere aho batez onartu zen. Alkateak azaldu zuenez, eskualdeko alkateen artean sinatu dute akordioa.
Azkenik, beste hainbat punturen artean, onartu zen Astigarragako kiroldegiko bazkideak Paco Yoldi eta Etxadi igerilekuak erabili ahal izatea, Donostiako Udal Kirol Patronatuarekin sinatu den hitzarmenari esker. Erabiltzaileek orain arte Hernaniko igerilekuak erabiltzen zituzten, baina urtebeteko obrak direla eta Donostiara joango dira orain.