«Uste dut nire apor­tazioa gehiago izango dela erre­gistroaren inguruan»

Kronika - Erredakzioa 2016ko uzt. 13a, 02:00

Zu zara Astigarragako Bake Epaile berria. Nolatan aurkeztu zinen?
Langabezian geratu nintzen urtarrilean eta aitak ko­men­tatu zidan deialdia ireki zutela, eta orduan, irakurri nuen zeintzuk ziren oina­rriak eta ikusi nuenean ez zela oposaketa bat prestatu behar, erabaki nuen aurkez­tea. Egia esan, ez nuen uste hartuko zidatenik; beti pen­tsatzen nuen izango zela norbait honen inguruan ge­hiago zekiena, ze nik ez nuen ezagutzen lana nola­koa zen, izan ere, nik Bio­teknologiako lizen­tzia­tura ikasi nuen. Azkenean, oso galduta ikus­ten bazara, beti daukazu au­kera beste bati uzteko.

«Jendea hasi zait esaten: ‘Amaia, zu zarela bake epailea; aze boterea!’».

Maiatzaren bukaeran hartu zenuen kargua, zer moduz ikusten duzu zure burua?
Ondo. Egia esan, hemen badaude bi idazkari eta, erre­gistroa irekita dago­enean, astearte eta ostegunetan, beraiek egoten dira lanaldi osoan. Beraz, beraiek azaltzen didate non firmatu behar dudan, zer esan nahi duen paper bakoitzak... beraiek azaldu dizkidate gutxi gorabehera nire lanaren nondik-norakoak.

Eta zer da zehazki azaldu dizutena?
Esan didatenez, ni naiz Astigarragako erregistroko arduraduna eta orduan, ume bat jaiotzen den bakoitzean, norbait hiltzen denean… hori sinatu egin behar da eta, adibidez, baimena eman behar da enterratzeko. Paper horiek beraiek sinatzen dituzte (idazkariek) eta nik ere sinatu behar ditut. Horrez gain, ezkontzak direla eta, banantzeak… horrelako kasuetan ere, nik sinatu beharko nituzke. Eta hautes­kundeetan ere ni naiz ardu­raduna Astigarragako botoak kontatu eta gero, Donostiara eramateko.

Aurreko Bake Epailea ezagutzeko aukera izan
al duzu?

Bai. Kontua da nik ezagutzen nuela Goiko Itturri jatetxean lana egin zuelako berak, eta gu txikitan asko joaten ginelako. Berarekin aurkitu nintzen behin eta ni ote nintzen galdetu zidan; berak esan zidan lasai egoteko, berak dena azalduko zidala. Eta egia esan, berarekin egon nintzen egun batean Bake Epaitegian, eta ezkontzak egiteko txuleta bat eta guzti eman zidan, berak erabiltzen zuena. Gainera, bere telefono zenbakia daukat eta edozein zalantza baldin badaukat be­rarekin hitz egin dezaket. Esan zidan, gainera: «hau­­tes­­kunde egunean etorriko naiz ni, eta lagunduko di­zut». Eta nik esan nion ez ze­la beharrezkoa.

Ezkontzak ere egin ditzakezu, orduan?
Bai, hemen izaten dira ezkontzak, Bake Epaitegian. Jendeak ezkontzen denean, nahiago izaten du uda­le­txe­an egin edo elizan egin, baina jakin behar dute he­men ere badagoela aukera hori, eta izaten dela, orain arte behintzat, hilabetero hirugarren ostegunean.

Eta nola izaten dira ezkontzak hemen?
Berez irakurri behar dira kode zibileko artikulu ba­tzuk, hori egin behar duzu de­rrigorrez. Eta gero, nahi baduzu, sartu daiteke zerbait politagoa edo luzeagoa egite­ko edo eraztunak eman nahi badituzte ere, egin daiteke.
Hain juxtu aurreko Bake Epaileak pasa zidan gidoi horretan agertzen da nola egin daitekeen: eraztunak baldin badauzkate, hau esan; ez baldin badauzkate, hau ez esan; nahi badute motz-motza egin, hau da derrigorrezkoa dena; edo jende gehiago baldin badago edo beraiek bakarrik daude­nerako ere gidoia pixka bat aldatu daiteke.

Epaiketa txiki batzuk ere egin daitezke, ezta?
Bai, baina komentatu dida­tenez, hori ez da oso nor­mala. Agian egon daiteke zerbait, baina oraindik ez zait tokatu; orduan, ez nago gaian oso jarrita.
Azkenean, hemen asko egiten dira notifikazioak eta horrela: Astigarragan berez ez dagoenez epaitegirik, Do­nos­tiakotik ekartzen dituzte hona eta hemendik egiten dituzte notifikazioak. Baina hortaz idazkariak ardura­tzen dira, beraiek dira he­men­go funtzionarioak eta kontrolatzen dute pila bat.

Bukatzeko, ze espero duzu lau urte hauetarako?
Ez dakit, egia esan, katxon­deo nahikoa izan da herrian hau ere. Ni pixka bat saltsera naiz eta jendea hasi zait esaten: «Amaia, zu zarela bake epailea; aze boterea!».
Ez dakit kontu txiki askotaz enteratuko naizen, baina erregistroaren ardura­duna izanda, jakingo dut nor jaiotzen den, etab. Baina ez dut uste gainontzekoen kon­tuak nik konponduko ditu­danik. Uste dut nire apor­tazioa gehiago izango dela erre­gistroaren inguruan, baina ez horrelako konflik­toetan; agian agertuko dira, baina ez dut uste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!