Larunbatean Udalean izan zen Plenoan, A3 Orain taldeak aurkeztutako mozioa eztabaidatu zela azaldu du Udalak, Kronikara bidalitako prentsa oharrean. Bertan dio, talde honek A3 autobus zerbitzua berreskuratzeko kanpaina egin duela herrian, eta mozioan eskatzen dela, Udaleko alderdi politikoen ordezkariekin batzorde bat eratzea, eta ondoren, Foru Aldundiko Mugikortasuneko diputatuarekin bilera izatea.
Udalaren esanetan, Foru Aldundiak otsailaren 1ean A3 linea bertan behera utzi zuenetik, Udala Mugikortasun Sailarekin negoziatzen aritu da: «helburu bakarrarekin: herria Ospitaleekin eta Unibertsitatearekin lotzen duen zerbitzua mantentzea. Plenoan azaldu bezala, Udal taldeak hasierako akordioa lortu du bidaiari gehien zituen zerbitzua berriz ezartzeko, goizean goizekoa. Datorren apirilaren 4tik T-2 linea Astigarragatik pasako da 07:40etan, eta 07:50etan iritsiko da Ospitalera. Zerbitzu honen luzapena aztertzen ari da Mugikortasun Saila».
Azkenik, azpimarratu dute, EAJk udalerriko zerbitzuak hobetzeko konpromisoa izan duela beti: «Alkatetza A3 orain taldeko ordezkariekin bilduko da laster. Udal Gobernua jakitun da herritar askok hartu dutela parte. Helburua da Diputazioari proposamen bideragarria aurkeztea».