Astigarragako Udal Gobernu Taldeak balorazioa egin du izan berri den txotx irekieraren inguruan. Prentsa oharrean azaldu duenez, Aritz Aranburuk ireki zuen edizio berria, eta sagarrondo bat landatu ostean, bazkaria Hernaniko Zelaia sagardotegian egin zen, Sagarduneko partaide batek antolatuta: «erabaki hau bat dator Sagardunek 2010-2011n bideratu zuen plan estrategikoaren lan ildoarekin, eta Basquetourretik eskatutakoarekin: Astigarragaren lidergoa bai, baina beti ere sagardoaren kultura beste udalerriekin lantzen bada».
Gobernu Taldeak dio, Astigarraga Sagardoaren proiektua zabalagoa egiteko gai den neurrian, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak honen lidergoa babestuko dutela: «Astigarragak gidaritzaren ardura eta elkarbanatzeko konpromisoa hartu ditu. Zelaian egindako ospakizuna aurreko legealdian martxan jarri zen plangintzaren beste urrats bat besterik ez da izan. Aurreko legealdian, EH Bilduko alkateak hitzarmena sinatu zuen Usurbilgo eta Hernaniko EH Bilduko alkateekin, elkarlanean Sagardoaren Lurraldea sustatzeko».
Oharrean azaldu duenez, «Udal Gobernu honen harridurarako, aurreko legealditik jaso dugun lan ildo honek, gure ustez argia eta onartua zen estrategiaren urrats berri honek, nahasmen haundia eragin du herrian, astigartarrengan, herriko elkarteengan eta sagardogileengan».
Hori horrela, EAJ-PNVko udal gobernuak argitu nahi du: «aurreko legealdian EH Bildu Gobernuan zela, ekin zitzaion txotx irekieran Sagardun osatzen duten sagardotegietan txandaka egiteari; Astigarragak badu nahikoa sendotasun Sagardunen dauden sagardogile guztiei protagonismoa aitortzeko; Astigarraga giltzarri da Sagardoaren Lurraldearen apustu turistikoan, Sagardoaren museoa bertan dago, eta baita Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea ere; Gobernu honek konpromisoa hartzen du Sagardoaren Lurraldea bultzatzeko, eta baita proiektu hau astigartar guztiok gure egitearena ere. Hau da legealdi honetan EAJ-PNVk duen erronketako bat».