Berrogeita bost korrikalarik hartu zuten parte larunbatean, EH Bilduk antolatutako Inuxente Herri Lasterketa nagusian; eta horietatik hamar emakumeak izan ziren. Herria zeharkatuz, sei kilometro inguruko ibilbidea egin zuten partehartzaileek. Bi bizkorrenak Ibai Alba hernaniarra eta Maria Goya astigartarra izan ziren; bigarren postuan helmugaratu ziren Borja Velez de Mendizabal donostiarra eta Shandra Rodrigo astigartarra; eta hirugarren geratu ziren Iban Verdugo hernaniarra eta Eneritz Gartzia astigartarra.
Helduen lasterketan atera ziren baita ere, 12-14 urte bitarteko bost gazte; hauek lasterketaren erdia egin zuten.
Haur eta gazteak, aurretik
Ez zen eguneko lasterketa bakarra izan; izan ere, aurretik, ume eta gaztetxoek hartu zuten parte. 2-6 urte bitarteko 17 haurrek hartu zuten parte lehendabizi; ondoren, 7-10 urte bitarteko 15 neska-mutilek; eta 11 urtekoentzat lasterketa berezia antolatu zuten, Zapiain sagardotegira joan etorria eginaz. EH Bildutik azaldu dutenez, partehartzaile guztiak oso gustura aritu ziren: «animatu nahi ditugu korrika egiten jarraitzera».
«Zorionak guztiei»
EH Bilduk irabazleak eta partehartzaile guztiak zoriondu nahi izan ditu: «lasterketa auzolanean antolatu dugu, eta herritar eta kide guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu. Beste behin erakutsi dugu, prestutasuna badago, edozer gauza dela posible».
«EH Bilduk atera du egitasmoa aurrera»
EH Bilduk Kronikara bidalitako oharrean azaldu du, Inuxente Lasterketaren hirugarren edizio hau beraiek antolatu dutela: «antolatzailea ez da Udala izan; lasterketa antolatzeko denbora falta argudiatu zuten, eta ez egitea erabaki zuten. EH Bilduk ordea, ez zuen egokia ikusi herrian antolatzen den lasterketa herrikoi bakarra bertan behera uztea. Beraz, EH Bilduko kideak izan gara egitasmoa aurrera atera dugunak. Gainera, lasterketa ez antolatuta, hau da, agendatik kenduta, gerta zitekeen datorren urtean jendeak ahaztea eta parte hartzea jaistea. Arrazoi horregatik ere, antolatu dugu».