Gozoak, txerritxoa eta musika gaur protagonista

Kronika - Erredakzioa 2015ko abe. 12a, 01:00

Abenduaren 21eko azoka eguna aurreratu egin da As­tigarragan; gaur egingo da Santo Tomas azoka, 10:30etatik 13:30ak bitartean, Foru plazan eta ikas­tolako atarian. Astiga­rragako Herri Eskolak antolatu du, baina herriko beste hainbat eragilek ere hartuko du parte, eta denetik izango da.

Erakusketa, tailerrak eta postre gozoak
Goiz osoan zehar, hainbat erakusketa eta tailer izango dira, eta jaki gozoak probatzeko aukera ere izango da. Batetik, ikasleek egindako gozoak jarriko dira azokan, eta bestetik, nazioarteko postreen dastaketa ere egingo da. Bestalde, nekazarien produktuak erosteko aukera ere izango da.
Era berean, erakusketa jarriko da: txorimaloak, abereak, tresna zaharrak, antzinako argazkiak, eskulanak, baserritar jantziak... izango dira ikusgai.
Bestalde, tailer pare bat egingo dira. Batetik, zapiak nola jantzi erakusteko azalpen txokoa antolatu dute, eta bestetik, Gabonetako zuhaitza apaintzeko tailerra egingo da.

Tonbola eta zozketak
Gaurko azokan hartuko du parte, baita ere, AEK euskaltegiak; hain zuzen, tonbola jarriko du.
Bestalde, eguerdiko 13:30e­tan bi zozketa egingo dira: txerritxoarena eta saskiarena.

Musika eta taberna
Norberto Almandoz musika eskolako trikitilariek, berriz, kalejira eta kantu jaialdia egingo dituzte 11:30etan, eta Astigar dantza-taldeak ere hartuko du parte goizean zehar. Era berean, txistulariak azoka alaitzen ibiliko dira.
Bestalde, Arantzazuko Ama ikastetxeko DBHko ikasleek taberna jarriko dute. Bertan lortzen den dirua ikasturte amaierako bidaia finantzatzeko erabaliko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!