Web aplikazio berria aurkeztuko du Astigarragako Udalak bihar, elkarbizitza sustatzeko, eta herria osatzen duten pertsona, jatorri eta kultura ezberdinen arteko elkar ezagutza bultzatzeko: «elkar ezagutza elkarbizitzaren oinarrian lehen urratsa dela uste dugu, honek elkar ulertzea baitakar atzetik, eta elkarren aitortza ondoren».
Helburu horiekin sortu du atari berria, Astigarragako Jatorri Aniztasuna Zenbakitan, eta bihar arratsaldean emango du ezagutzera, 19:00etan udaletxeko Areto Nagusian. Herritar guztiei luzatu diete gonbitea, hurbildu eta tresna digital berriaren nondik norakoak ezagutzeko.
Horrekin batera, gainera, udazken-negu partean garatuko duten prozesuaren berri ere emango dute: Astigarragan Harrera Protokoloa sortzeko prozesua.
Herritar guztiei luzatu diete gonbitea, bihar aurkezpenera hurbildu eta tresna digital berriaren nondik norakoak ezagutzeko.
Datuak, estereotipoak desegiteko tresna
Azaldu dutenez, gizartean dauden estereotipoak desegiteko balioko du atari berriak: «gure ingurune sozialean, ustez errealitatea azaltzen duten hainbat estereotipok indarra hartzen dute, askotan estereotipo negatiboak. Web aplikazioan aurkitu daitezkeen datuek, estereotipo horiek deseraikitzen lagun dezaketela uste dugu. Datuak eskuartean izanda, hainbat ekintza egin daitezke deseraikitzearen norabidean».
Horrela, bi helburu nagusi izango ditu web aplikazio berriak: batetik, herritarren esku jartzea herriko informazio zehatza emango duen tresna digital erabilgarri eta ulerterraza; eta bestetik, datuen bidez elkar ezagutza sustatzea, migrazio eta jatorri aniztasunaren eremuan.