Larunbat goizean bildu zen Astigarragako Udaleko Plenoa, eta eztabaidagaien artean egon ziren, besteak beste, Garraio Hiriaren proiektua eta gerrako errefuxiatuen arazoa.
Aurrenekoari dagokionez, proiektuaren kontra egitea proposatu zuen EH Bilduk, mozio bat aurkeztuta, baina ez ziren testuarekin bat etorri EAJ eta PSE-EE. Bigarren kasuan, berriz, testu bateratua adostu eta aurkeztu zuten, eta baita aho batez onartu ere: Astigarragako Udalbatzak bere prestutasuna erakutsi du, gerrako errefuxiatuak hartzeko eta eskura dauzkan baliabideak erabiliz laguntza emateko.
«Plenoko puntu bakoitzean, herritarrei hitza emango zaie aurrerantzean»
EH Bilduren kexa bat izan zen aurreneko gaia, aurreko Plenoan Gobernu Taldeak ez zuelako errespetatu Parte Hartze Ordenantza: «puntu bakoitzaren ondoren eman behar zaie hitza herritarrei, eta Plenoaren bukaeran bakarrik izan zuten aukera».
Aurrez batzordeetan egin bezala, bere akatsa onartu zuen Gobernu Taldeak, eta ziurtatu zuen «aurrerantzean herritarrei hitza emango zaiela, Plenoko puntu bakoitzean».
Garraio Hiriaren kontrako mozioa, onartu gabe
Garraio Hiriaren gaiari heldu zioten ondoren, EH Bilduk proiektu horren kontra mozioa aurkeztu baitzuen: «onartezinak dira astigartarrei eta herriari ekarriko dizkien kalteak, eta Aldundiari erakutsi behar diogu, Astigarragako herria proiektuaren kontra dagoela», adierazi zuen Andoni Gartziak, EH Bilduren bozeramaileak. Horregatik, Garraio Hiria behin betiko baztertzea eta, horren ordez, agroalde ekologikoa egitea eskatu zuen alderdiak. Jesus Mari Santos alkateak, bere aldetik, azaldu zuen «Astigarragako EAJ proiektuaren kontra» dagoela, baina ez zutela mozioa babestuko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoak zein diren ezagutu bitartean: «proiektua egin nahi badute, beraiekin adostu beharko dugu». Mozioaren kontra azaldu zen Mikel Duran PSE-EEko zinegotzia ere, eta EH Bilduri gogorarazi zion, «proiektua martxan zegoela» beraiek alkatetzan zeudenean ere. Horrela, mozioa onartu gabe geratu zen, EH Bilduren aldeko botoekin, eta EAJ eta PSE-EEren kontrakoekin.
Gobernu Taldeak aurreratu zuen, Aldundirekin hitz egingo duela goizeko 07:15etako autobusaren arazoa konpontzeko.
Mozio bateratua, errefuxiatuei babesa emateko
Aho batez onartu zuten Plenoko beste mozioa, gerretako errefuxiatuei babesa erakusteko. Testu bateratua aurkeztu zuten hiru alderdiek, EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk, eta adierazi zuten, «Astigarragako Udalbatza prest dagoela errefuxiatuak hartzeko eta eskura dauzkan baliabideak haiei laguntzeko erabiltzeko, eta baita gainerako Udalekin, instituzioekin eta eragile sozialekin elkarlanean aritzeko ere».
Galdera eta eskarien puntuan, kontu ugari aztergai
Plenoko azken puntuan, galdera eta eskariei dagokienean, atera ziren gai gehien. Andoni Gartziak hartu zuen hitza: «Plenoak bi hilabetero egiten direnez, kontu asko daude aipatzeko», aurreratu zuen.
Hasteko, mahai gainean jarri zituen Diario Vasco egunkarian irakurritakoak, Jesus Mari Santos alkateari egindako elkarrizketan: «alde batetik, berrikuntza bezala aipatu zenuen alderdi guztiak egongo direla ordezkatuta parte hartze batzordean, eta hori ez da berria. Eta bestetik, esan zenuen ikastolaren gaiarekin duela lau urte bezala gaudela».
«Ez dut gogoratzen horrelakorik esan nuenik; ziurrenik ikastola pixka bat hobeto dago orain», erantzun zion alkateak: «elkarrizketa begiratu beharko dut. Baina kontuan hartu behar da, batzuetan kazetariak bere iritzia sartzen duela». Beste zuzenketa bat ere egin zuen Gartziak, kasu honetan Udalak zabaldutako prentsa ohar bati: «esan duzue aurreneko aldiz egin duela bat Astigarragak, Europako Mugikortasun Astearekin; eta badira lau urte, dagoeneko».
Goizeko autobusaren arazoari, konponbidea Aldundiarekin
Bestalde, EH Bilduk bere kezka erakutsi zuen, goizeko 07:15etan Hernanitik ateratzen den autobusa oso beteta joaten delako: «eta harrituta geratu gara Udalaren erantzunarekin. Sare sozialetan gomendatu duzue, aurreko autobusa hartzea, erosoagoa delako. Hori da bilatuko diozuen konponbidea? Uste dugu arazoa hori baino larriagoa dela».
Gobernu Taldeak erantzun zuen, gomendio hori eman ziola Lurraldebusek: «beste kontu bat da, gu orain Aldundiarekin konponbidea bilatzen saiatuko garela, nahiz eta badakigun ez dela erraza zerbitzuak bikoiztea». EH Bilduk kezka erakutsi zuen, baita ere, «Aldunditik azaldu dutelako Astigarragako linea bat defizitarioegia dela. Beldurra daukagu kenduko ote duten, eta gaiari jarraipena egitea eskatu nahi diogu Gobernu Taldeari».
Andoni Gartziak Plenora eraman zituen Diario Vascon irakurritakoak, Santos alkateari egindako elkarrizketa batean.
Batzordeek goizez izaten jarraituko dute
Andoni Gartziak berak, azaldu zuen udaletxeko zinegotzi batek instantzi bat aurkeztu zuela, «Udalari salaketa jartzeko mehatxuarekin, kristal bat puskatu ziolako zuhaitz batek, eta erantzun zaiolako ezinezkoa dela. Normala da zinegotzi batek Udala mehatxatzea?». Santosek erantzun zuen, beretzat ere ez dela normala, «baina bi urte daramazki kexa horrekin...».
Batzorde gehienak goizez izateaz kexatu zen EH Bildu, «zinegotzi batzuek ezin dutelako joan, eta herritar gutxiago azalduko direlako», baina «printzipioz» horrela mantenduko direla azaldu zuen Gobernu Taldeak.