Jaien egitarauak bete-betea jarraituko du asteburuan, Astigarragan eta Aranon.
Azken honetan, gaur, umeen arteko pelota partidua izango da 11:30etan, eta ondoren, Arano-Goizueta artekoa: Huizi-Lizeaga (Arano)/ Apezetxea-Zabaleta (Goizueta). Eguerdiko 13:00etan, berriz, aizkoran ariko dira Ezkurrako Moises Gogortza eta Aranoko Xauxar baserriko Joseba Izeta, Aizarnako Luis Txapartegiren kontra. Eta arratsaldean, umeak izango dira protagonista: 16:30etan, jolasak eta buruhaundiak izango dira; 17:30etan, ARNO ganadutegiko aziendak; eta 18:30etan, txokolatada. Arratsaldeko 19:30etan bertso saioa izango da Julio Soto, Sebastian Lizaso, Jone Uria eta Sustrai Colinarekin, eta 21:30etan, herri afaria.
Astigarragan, berriz, festa giroak ez du etenik izango egun osoan zehar. Besteak beste, izango dira: txirrindularitza proba eta saskibaloi txapelketa, 10:00etan; meza, 11:00etan; joku tradizionalak 11:30etan; udalbatzaren soka-dantza 12:30etan; Astigar dantza taldearen emanaldia 18:00etan; eta beste hainbat ikuskizun eta kontzertu egun eta gau osoan zehar (egitarau osoa: www.kronika.eus).
Xagu-Xar taldeak, atsedena
Bestalde, Xagu-Xar Aisialdi taldeak jakinarazi du aurten ez duela antolatuko urteroko txokolatada eta aulki dantza. «Azken urteotan arazoak sortu dira herritarren artean jolasa joko bihurtu izanagatik: liskarrak, gaizki ulertuak...». Beraz, aurten atseden hartzea erabaki dute, taldea indarberritu eta datozen urteetan zer egin pentsatzeko.
Asteartean, bilera irekia
Jaien balorazioa egiteko bilera egingo da asteartean Astigarragan; 19:30etan udaletxean.