Gartziategi sagardotegiarena izan da Gipuzkoako sagardo onena aurten. Hala erabaki du Gipuzkoako XV. Sagardo Lehiaketako epaimahaiak: Foru Aldundiaren saria jaso du sagardotegi astigartarrak, 35 sagardogileren artean.
«Oso pozik gaude», azaldu dio Ander Lizeagak Kronikari: «gure sagardoa urteko onena izatea, oso bultzada inportantea da sagardotegiarentzat».
«Ez genuen espero irabaztea, inondik inora»
Sei sagardotegi sailkatu ziren finalerako, eta Gartziategik jaso zuen txapela, Altzueta eta Gaztañagaren aurretik: «ez genuen irabazterik espero, inondik inora. Baina behin finalean sartuta, zerbait jasotzeko esperantza bageneukan».
Gainera, aurten aurreneko aldiz, sagardo dastatzaile adituek osatu dute epaimahaia: «horrek garrantzia gehiago ematen dio, oraindik ere».
«Oso baikor begiratzen diogu datorren denboraldiari»
Ona izan da txotx denboraldia, Gartziategirentzat, eta hurrengoa «oraindik hobea» izatea espero dute: «sagardotegi txikia izanda, horrelako sari batek ikusmina sortu dezake, eta oso baikor begiratzen diogu datorren denboraldiari».