Astigarragako Sari Nagusia jokoan gaur, alebin eta infantiletan

Kronika - Erredakzioa 2015ko mai. 23a, 02:00

Errepideko denboraldia aurrera dijoa eta gaur, denboraldiko hamargarren lasterketa jokatuko da Astigarragan. Astigarra­gako Sari Nagusia izango da jokoan, hain zuzen. Alebin eta infantil mailakoa izango da eta Astigarraga eta inguruko herrietako 80 bat neska-mutilek hartuko dute parte. 
Arratsaldeko 16:30etan aurkezpena egingo da, Joseba Barandiaran plazan. Plaza horixe izango da lasterketako irteera eta helmuga. Astiga­rra­gako Txirrindulari Taldeak antolatu du, Udalaren laguntzarekin.
Alebinak, aurrena
Alebinen lasterketa izango da aurrena. 17:00etan abiatuko dira. Ibilbideari bi itzuli eman beharko dizkiote (4 km). 39 txirrindularik hartuko dute parte: 35 mutilek eta 4 neskek. Infantilen txanda izango da ondoren, 17:30etan. 7 itzuli eman beharko dituzte (14 km). Kasu honetan, 45 txirrindulari izango dia: 38 mutil eta 7 neska.
Astigarraga, Hernani, An­doain, Urnieta, Donostia, Lezo, Irun eta Getaria-Zarautzetik hartuko dute parte. Tartean izango dira Jaime Romero eta Telmo Semperena astigartarrak, Donosti Berri taldearekin.

Ginkana eta jokoak, ondoren
Sari banaketa eta zozketak 18:15etan egingo dira eta ondoren, ginkana eta bizikleta jokoak antolatu dituzte, ume guztientzako.

Herri barrua itxita
Herri barrua itxita egongo da 16:00etatik 18:30etara. Hala ere, ahal den momentuetan emango da pasoa. Trafikoa, Bidebitarte  poligonotik ere bideratuko da. Lasterketaren ibilbidea, honakoa: Kale Nagusia, Galtzaur, Portutxo, Donostia ibilbidea, Errekatxo, Pelotari eta Lanberri.

Txirrindulari Taldea, lanean
Astigarragako Txirrindulari Taldeak aurten berreskuratu du lasterketa. Garai batean, Motelak taldeak antolatu ohi zuen. Txirrindulari Taldeak beste hainbat ekimen eta irteera antolatzen ere jarraitzen du. Eta Santiomendiko Igoera berreskuratzea ere bada etorkizuneko asmoetako bat. 

Romero eta Semperena ere, lasterketan

Jaime Romero eta Telmo Semperena infantilek Astigarragako Sarian hartuko dute parte gaur. Astigarragako bi txirrindulari hauek Donosti Berri-Fullgas taldean dabiltza.

Infantiletan parte hartuko duten 45 txirrindulariren artean, Jaime Romero eta Telmo Semperena ere ariko dira. Etxean neurtuko dituzte beraz indarrak, Astigarra­gako bi txirrindulari hauek. Astigarra­gako Txirrindulari Taldeak gaztetxoentzako eskolarik ez duenez, kanpoko taldeetara joaten dira herriko txirrindulariak eta Romero eta Semperena Donosti Berri-Fullgas taldean dabiltza. 
Urko Sempe­rena, Tomas Otermin eta Gorka Urkiola ere talde berean dabiltza, kadete eta jubenil mailetan.

Bosgarrenak Irunen, aurreko asteburuan
Aurreko asteburuan, Gipuz­koako Txapelketako erlojupekoa jokatu zen Irunen eta Jaime Romerok eta Telmo Semperenak bosgarren postua lortu zuten, taldekakoan. Lan ederra egin zuten eta gutxitik gehiagora joan ziren. 

Urkiola, Legazpin
Jubenilek Legazpin izango dute lasterketa, Hegialde Saria. 77 km egin beharko dituzte eta hiru portu igo. Tartean izango da Gorka Urkiola astigartarra.
Aurreko asteburuan, Atxukale Sarian hartu zuen parte Mutrikun (87 km). Oso lasterketa gogorra izan zen, bi aldiz Kalbariora igo behar izan baitzuten, besteak beste, eta 29 txirrindulari bakarrik sailkatu ziren. 
    
Selekzioarekin, Zallan
Kadeteek ez dute berez lasterketarik, baina Gipuzkoako Selekzioaren parte direnek, Bizkaiko Sari Nagusia izango dute jokoan, Zallan.
Pasa den igandean, berriz, Abadiñon izan zuten lasterketa eta Urko Semperena, nahiz eta saririk gabe geratu, lasterketako protagonista izan zen. 15 km-tan alde eginda ibili zen. 
177 txirrindularik hartu zuten parte eta zirkuitu bati hiru buelta eman behar izan zizkioten, Miñotako gaina hiru aldiz igota. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!