«Baratzaren abenturan murgiltzeko gogoa» duenak, Loraldi loraetxean dauka zita bihar, arratsaldeko 18:30etan. Bertan izango da Jakoba Errekondo paisajista, Bizi baratzea liburua aurkezten: «baratzari buruz, denetik bildu dut bertan, oinarrizko gauzetatik trikimailu berezienetaraino», azaldu dio usurbildarrak Kronikari.
«Edonorentzat da interesgarria liburua, esperientzia haundia dutenetatik hasiberrietaraino. Baratzaren kontzeptu zabalena jasotzen du, eta baita baratzari buruzko bertsoak, olerkiak, esaera zaharrak... ere», aurreratu du.
«Urtetako eskariaren ondorio izan da liburu hau»
Errekondok azaldu duenez, «urtetako eskariaren ondorio» izan da liburua: «euskeraz ez zegoen baratzari buruzko liburu propiorik, itzulpenak bakarrik, eta jendeak eskatu egiten zuen. Baratza hemengo eran eta hemengo giroan nola landu jaso dut, gurera ekarrita dago liburua».
Aurreneko edizioa agortu da dagoeneko, eta bihar bertan kaleratuko da bigarrena. Aurkezpenean ere egongo da salgai, 20 euroan, dendetan baino 3 euro merkeago.
Zalantzak argitzeko aukera
Bertaratzen denak, gainera, aukera izango du Errekondori galderak egiteko, eta zalantzak argituko dizkie berak. Bertaratzera animatu ditu herritarrak: «loraetxea berritu dute, eta mereziko du nola daukaten ikustea ere».
Oiartzunera doan errepidean dago loraetxea, Zarkumendegira iritsi aurretik, ezkerretara igotzen den bidean.