«Oso preziatua zen hemengo gerezia eta diru iturri ona»

Kronika - Erredakzioa 2014ko api. 23a, 02:00

Garai batean, sekulako fama zuten Santiagomendiko gereziek. Orain, bakar batzuk mantentzen dira; Bustieta baserrikoak, besteak beste. Loretan direla aprobetxatuz, bertan izan da Kronika.

Gaur egun, ezagunak zaiz­kigu Jerteko, Itsasuko edota Milagroko gereziak. Eta San­tiomendikoak? Garai batean, Santiomendi gerezion­doz jo­sia zegoen eta bertatik atera­tzen zen gerezia oso preziatua zen inguruan. Diru iturri poli­ta zen zenbait baserritarako. Urte sasoi honetan, Santio­mendi zuriz jantzita egoten zela diote auzotarrek, gere­ziondoak loretan egoten baitziren. Orain, bakar batzuk ikusi daitezke; besteak beste, Bustieta baserrikoak. Aspal­ditik dauzkate gereziondoak.
Jose eta Mari Jose Mujika aita-alabak halaxe kontatu diote Kronikari: «Guk beti­danik izan ditugu gereziak. Baserria generazioz genera­zio pasa da eta gereziondoak beti ezagutu izan ditugu hemen. Aitak eta aitonak ere bazituzten eta 300 urte izango dira», dio Josek.

Bretxara, saltzera
Bretxara eramaten zituztela azaldu du Mari Josek: «Ni gogoratzen naizela, Kaxka­rreko terrenoa gereziondoz betea izaten genuen. Xiste­rak beteta ibiltzen ginen eta Bre­txa­ra eramaten genituen. Goize­ko 06:00etan hartzen genuen autobusa hara joateko. Berdura ere erama­ten genuen orduan. Ni orain dela 40 bat urteko kontuez ari naiz, eta ordurako jaitsia zegoen. Garai batean izu­garri pila izaten omen zen. Amak kontatzen zuen gere­ziak biltzeko garaia izaten zenean, eskola uzten zutela». «Garai hartan, gurdia­rekin jaisten zen eta gero tranbia hartzen zen Do­nostiara. Eta tranbia kendu zutenean, autobusean. Lehen makina bat egun pasatzen genituen gereziak biltzen», gogoratzen du Josek.

Ez da errentagarria
Oso fruta preziatua zen orduan gerezia eta diru iturri ona zelako zeuden hainbeste gere­ziondo Santiomendin: «Fama ederra zeukaten San­tio­men­diko gereziek. Bre­txan oso ondo saltzen ziren. Pena da galdu izana», azaldu du Mari Josek. Gaur egun, ordea, ez dela erren­tagarria dio Josek: «Arris­kutsua da bil­tzeko, eta horrez gain, he­mengo gere­ziak haste­rako, kanpokoekin naz­katua egoten da jendea».

Urtero, San Joanetarako
Laster izango da gerezia biltzeko garaia. «Maiatzaren azkenean, ekaina hasieran biltzen dira. San Joanetarako izaten da beti gerezia», dio Mari Josek. Gerezia biltzeko ga­rai motza izaten dela gaine­ratu du eta kolpera bil­tzen direla: «Eta inportan­tea da kazkabarrik ez egitea bitarte horretan, bestela akabo».

Ginga beltza motakoak
Bustietako gereziak gozoak omen dira: «Orain asko galdu da eta aleak ere txi­kiagoak dira, baina gozoak dira he­men­go gereziak». Josek dio eguzkia behar izaten dutela gereziek eta tarteka euria, gozoa atera­tzeko. «Txertatu ere egin behar da, bestela ale txikia ematen du. Nik az­ke­nak txertatuak orain dela 15 bat urtekoak izango dira. Orain ez ditut hainbeste zain­tzen. Hauek jarraitu beharko dute», dio bilobengatik.
Hiru gerezi klase izaten zituzten lehen Bustietan: ginga beltza, ginga gorria eta anpolaia. Orain beltza bakarrik daukate. 20 bat arbol dauzkatela azaldu du Josek. Gaur egun etxerako eta ingurukoentzako biltzen dituzte. Kakoarekin biltzen dira gereziak. Eta oso altu daudenak, eskailerarekin.

Gutxi, baina mantendu
Gereziondo gehienak galdu egin badira ere, Santiomen­diko baserri askok oraindik bakar batzuk matentzen di­tuztela azaldu dute: «Guar­dian, Goikoetxean, Iriarten... Denok mentendu ditugu bakar batzuk behintzat».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!