Basherri sarea osatzen ari da Astigarragan. Otsailean egin zuten aurreneko bilera, eta martxoan bigarrena. Dagoeneko, 15 familiak eman dute izena, eta Taula baserriko baratzeko produktuekin osatutako saskiak jasotzen hasiko dira laster.
Aurrena, ordea, Taula baserria bisitatuko dute. «Ari gara baratza prestatzen, bisitarako», dio Elena Etxeberria baserritarrak. «Konposta egina dago, baina simaurra ekarri nahi dugu, ikus dezaten azken fasea nolakoa den». Izan ere, modu ekologikoan lantzen dute lurra Taula baserrian, batere herbizida eta kimikorik gabe. «Baserriko hondakin begetala eta simaurra nahasten ditugu. Adarrak haundiak badira, erre egiten ditugu, eta zerrauts hori ere erabiltzen dugu ongarrirako; azkenean, dena erabiltzen da».
Modu ekologiko eta osasuntsuan elikatzeko aukera
Duela 4 urte hasi ziren sortzen, eta dagoeneko, Gipuzkoan badira 65 bat Kontsumitzaile Talde, Aintzira Oñederra, Basherri Sareko koordinatzaileak azaldutakoaren arabera. Orain urtebete Astigarragako Taula baserria ezagutu zuten, eta pixkanaka, sarea osatzen joatea da asmoa.
Hurbilketa bilatzen da, ekoizle eta kontsumitzaileen artean. «Herritarrek ardura hartzea nahi dugu, kontsumitzen dutenaren inguruan, eta aukera eman, modu ekologiko eta osasuntsuan elikatzeko. Badirudi produktu ekologikoak elitearentzako direla, baina modu honetan, bitartekaririk gabe, denon eskura dago. Gainera, baserritarren biziraupena eta lanpostu duinak bermatzeko modua da. Horregatik, parte hartzen duten kontsumitzaileei urtebeteko konpromisoa eskatzen zaie, jarraipena izan dezan. Garrantzitsua da talde dinamika sortzea, antolatzea...».
«Sasoiko produktuak edukitzen ditugu; orain, ilarra, baba, tipulina, udaberriko aza... Eta negutegian, letxua, azelga, borraja...»
Hurbilketa horri esker, gainera, famiien arabera saskiak egokitzeko aukera ere badago. «Saskiak itxiak dira, baina badira 2-3 tamaina, familien beharretara egokitu ahal izateko. Hori bai, denek barazki berdinak jasoko dituzte. Ekoizlearekin antolatzeko aukera daukate: baratza planifikatzeko, soberakinik egon ez dadin».
Oraingoz, 15 familaik eman dute izena, eta Elena Etxeberriak «pixkanaka» joateko asmoa du, baina ez du taldea haunditzeko aukera ixten. «Produkzio guztia Astigarragan salduz gero, hobeto!», dio; Donostiako San Martin azokan ere bai baitu postua.
Urtetako esperientzia, baserrian
Taula baserrian aldaketak egin dituzte azken urteetan, baina tradizioa badute. «Amona, ama... San Martingo azokara joaten ziren. Beti izan dugu postua. Ni 89an hasi nintzen joaten. Beti bizi izan gara baserritik; aitak ez zuen beste inon lanik egiten. Lehen, mixtoa zen baserria; txekorrak, oiloak... ere bageneuzkan. Baina 80eko hamarkadan behiak kendu genituen. Izan ere, ordura arte esnea etxez etxe saltzen genuen Donostian, baina debekatu egin zuten. Gurelesara ere eramaten genuen, baina uztea erabaki genuen».
Beste arrazoirik ere izan zen, baratzarekin bakarrik segitzeko. «Aitak ikusten zuen ez zegoela jarraipenik. Anai-arrebok gure ikasketak egiten ari ginen. Baina ama hil egin zen nik 25 urte neuzkala. Etxean nengoen, ahizpak joanak ziren, eta geratu ginen aita, ni eta adimen urritasuna zuen anaia. Ni lanera joaten nintzen, eta baserria karga bihurtu zen. Azkenean, 89an erabaki nuen baserria hartzea eta lana uztea».
Ordutik, pixkanaka, etxeko ohiturak aldatu ditu.
Konbentzionaletik, ekologikora
«Aita guztiz konbentzionala zen», dio Etxeberriak; «produktu kimikoak erabiltzen zituen. Baina ama minbiziarekin gaixotu zenean, hasi ginen pentsatzen hura ez zela bide egokia». Orduan, urtebete sabatikoa hartu eta Kolonbiara joan zen Elena Etxeberria.
«Baserritarren biziraupena eta lanpostu duinak bermatzeko modua da»
«Agronomiako gradu ondoko batean izan nintzen, entzule, eta azienda txiki bat ezagutu nuen, idilikoa; konposta egiten zuten, baratza zuten, lau behi... Baserri biodinamikoa zen. Han eman nituen aurreneko pausoak».
Handik bueltan, bertako baserri ekologikoak ezagutzen hasi zen.
Agustin Beroizen filosofia
Aita oraindik sasoiean zegoela eta, ez zen erraza Taula baserrian aldaketak egitea. «Baina 2006an espropiatu egin gintuzten bigarren gerrikoa egiteko. Baratzarik onena txikitu ziguten. Aitarentzako kolpea izan zen, eta zahartzen ari zen, gainera». Ordurako, Etxeberriak Iruñean Agustin Beroiz ezagutu zuen. «Pentsatu nuen; hau da nahi dudana».
«Baserriko hondakin begetala eta simaurra nahasten ditugu; azkenean dena erabiltzen dugu»
Horrela, Taula baserrian aldaketak egiten hasi zen. «Herbizidak alde batera utzi...». Gero, 2012an Agustin Beroiz geratu zen ezer gabe, beste espropiazio bat medio, eta Taula baserrira etorri zen bizitzera. «Horrela, bion artean baserria eta baratza aurrera atera ditugu. Egutegi biodinamikoa erabiltzen dugu baratza antolatzeko, noiz erein jakiteko... Guk lantzen dugu lurra, lurrari bizia emanez, janaria emanez, etxean egindako konpostarekin.
«Beti bizi izan gara baserritik; aitak ez zuen beste inon lanik egiten, eta amona, ama, San Martingo azokara joaten ziren baratzeko produktuak saltzera. Esnea ere etxez etxe saltzen genuen»
Lurra mimoz eta errespetoz tratatzen dugu». Nola ez, baratza ekologikoa izanik, sasoiko produktuak edukitzen dituzte. «Orain, udaberrian, ilarra, baba, tipulina, udaberriko aza... Eta negutegian, letxua, azelga, borraja... Udaberriari kostatzen ari zaio, eta ea laster hasten garen saskiak banatzen!».
BasHerri Sarea; Gipuzkoako elikadura burujabetzaren aldeko taldea
Elikaduraren kontrola berreskuratzeko sortu dira Basherri Taldeak. Informazioa: http://basherri.wordpress.com
Astigarragako Kontsumitzaile Taldea ere Basherri Sareko parte da. «Nork, non eta nola ekoizten den garrantzitsua da» sareko kide direnen ustez. Hori horrela, «elikadura burujabetza, bertako ekoizpena, talde dinamika aktiboa, garaian garaikoa kontsumitzea eta lurrari eta herriari lotutako nekazaritza» bultzatzen dituzte.
«1999 eta 2009 urteen artean baserrien %60 desagertu zen, batipat, merkatuan izandako prezioen izozketa edo murrizketek eraginda. Horrela, gure baserrietako produktu osasuntu eta zaporetsuak ordezkatu egin genituen, bataz beste 5.013km-tara eokizten diren produktu industrialekin. Gure elikaduraren kontrola berreskuratu nahi dugu».
Kontsumitzaileen eta baserritarren arteko lotutaren garrantzia
Sarean parte hartuta, baserrien biziraupena eta kalitatezko produktuak kontsumitzeko aukera bermatzen dira.
Izena eman duten kontsumitzaileek urtean zehar saski kopuru jakin bat eskatzeko konpromisoa hartzen dute, eta, beraz, baserritarrak ez dauka soberakinik. Gainera, baserritarrarekin adostutako hileroko kuotak diru-sarrera egonkor bat bermatzen dio.
Era berean, herritarrek zuzeneko harreman dute baserritarrarekin, eta baserrira egiten dituzten bisiten bidez, produktuen jatorria eta kalitatea ziurtatzen dituzte.
Izena emateko: basherriak@gmail.com.