84 ikasle aurten, euskera ikasten

Kronika - Erredakzioa 2014ko aza. 15a, 01:00

GEROZ eta haundiagoa da Astigarragako AEKk duen eskaria. 84 ikasle matrikulatu dira irailean, eta 12 taldetan ba­natuta ari dira klaseak ja­sotzen. Aur­ten gainera, berrikuntza batekin: lokal berria dute. Azken urteetan leku falta sumatu dute, eta lokal berriak asko lagunduko du eguneroko fun­tzionamenduan.

Gorakada, zero mailan
Interes edo helburu ezberdinak dituzten ikasleek aukera­tzen dute AEK euskera ikasteko. Azken urteetan ordea, zero mailako ikasle gehiago dituztela konturatu dira: «euskera ze­rotik ikastera datozen ikasle askok eman dute izena azken aldian, eta bereziki, joan den urtean nabaritu genuen gorakada».  Konturatu dira, askok egu­neroko bizitzarako nahi dutela euskera: «behe-behe urratsetakoak diren ikasleek hel­buru ezberdinak dituzte. Ba­tzuk Astigarraga etorri berriak dira, atzerritik, eta ikastea behar bezala bizi dute. Ume­ekin euskeraz aritu nahi du­ten guraso asko ere badaude. Ikastolan hasten direnean, hutsunea nabaritu dute».

Izen ematea zabalik,
urte osoan

Adin eta behar guztietarako eskaintza du AEKk, eta gogoratu dute, ikasturteko edozein momentutan eman daitekeela izena: «titulu bat ateratzea, maila hobetzea, hitz egiteko trebetasuna hartzea... behar guztietara egokitzen gara. Era berean, ikasleak nahi duenean edo behar duenean eman dezake izena».

Euskaltegitik kanpo,
euskeraz aritzeko aukera

Klase tradizionaletatik kanpo, eus­keraz aritu nahi dutenen­tzako aukera ezberdinak ere ba­dituzte. Batetik, Mintza­la­gun ekimena, orain arte Hiz­ki­de bezala ezaguna. Euskera maila ezberdina duten herritarrak elkartzen dira, euskera praktikatu, elkar ezagutu eta une atseginak pasatzeko as­moz.
Eta bestetik, egun gutxi ba­rru aurkeztuko duten Gu­ra­so­lagun. Haurrak dituzten gurasoei zuzendutako ekimena da: «bilatzen dena da, gurasoek euskeraz hitz egitea umeak ikastolatik ateratzen di­renean, edota parkean jolasean dauden bitartean. Izan ere, gurasoak dira umeen eredu. Eta hauek euskaldundu nahi ditugu».

Euskalgintza taldean,
hilean behin

Bestalde, AEK euskaltegiak parte hartzen du Astigarragan hilean behin elkartzen den euskalgintza taldean. Diote, Asti­ga­rragak ez dituela datu onak euskeraren erabilerari dagokionean: «datuak ez dira nahi genituzkeen bezain onak. Gainera, haurren arteko erabilera asko jaitsi dela erakutsi dute. Euskalgintzan gabiltzan talde ezberdinak elkartzen gara hilean behin, eta helburu dugu, egoera aztertu eta ekin­tzak antolatzea, euskeraren erabilera bultzatzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!