Lizardi Loreak, Astigarragako Iparralde bidean dago, Lizardi baserrian. Mikel Irizar da gaur egungo arduraduna: «Aita hasi zen negozioarekin eta gero nik jarraitu dut. Betidanik gustatu izan zaizkio aitari loreak eta baita neri ere. Hasieran, barazkiak genituen; barazkiak eta lore gutxi batzuk: krabelinak, gladioloak… Pixkanaka joan gara negutegiak jartzen. Gaur egun, 33 dauzkagu, 15.000 m2 denera. Lehenengo negutegia, orain dela 36 urte inguru jarri zuen aitak», kontatu dio Kronikari Irizarrek.
1990an erabaki zuten loreekin bakarrik egitea lan: «Dena gehiegi zela erabaki genuen eta barazkiak utzi eta loreekin bakarrik hasi ginen. Poliki poliki haunditzen joan gara. Lau lorerekin hasi ginen, oso oinarrizkoekin: klabelina, gladioloa, reina margarita eta kalak. Ikasten joan ginen eta lore mota gehiago sartzen: larrosak, astromeliak…», dio.
Gaur egun, 30 bat mota dauzkate: astromelia, larrosak, gerberak, krabelina, tulipana, anemona, renunkuloa, liliuma, ruskusa,aster, siempre viva, gladioloa, lisianthus, liatris, fresia, aleli…
Lore moztuekin egin daitekeen guztia
Lizardi Loreaken, lore moztuekin bakarrik egiten dute lan. Baina hori bai, lore moztuekin egin daitekeen gauza guztietarako prest daude: bodak, funerariak, elizak apaintzeko, emaztegaientzako lore sortak egiteko, kotxeak apaintzeko, entierroetarako koroak prestatzeko… Eta gauza bereziagoak ere egin izan dituzte; artista lanak, nolabait esateko: «Adibidez, Donostiako Udalak kaleak dekoratu nahi zituen. Argazki batzuk eman zizkigun eta irudi horiek loreen bidez egin behar izan genituen. Esaterako, traineru bat arraunlariekin. Loreen koloreak erabiliz osatu genituen irudiak. Eta egia esan, oso emaitza polita izan zen. Arrakasta izan zuela esan ziguten eta asko gustatu zitzaiela. Ordura arte ez genuen inoiz horrelakorik egin, baina esperientzia ona izan zen. Gauza berriak probatzeko prest gaude. Beharrezkoa da», nabarmendu du Irizarrek.
Bretxan saltzen
Salmentari dagokionez, loradendatan oso gutxi saltzen dutela azaldu du Irizarrek: «Gero eta gutxiago, gainera. Kanpotik ekartzen dute gehiena. Min asko eman digu horrek; transporteak. Adibidez, larrosekin dago konpetentzia haundia. Gaur egun, transportean ez dira galtzen edo izorratzen, eta Ekuadorretik, Kolonbiatik… ekartzen dituzte. Gainera gehiago irauten dute, altura gehiagora haziak baitira. Lehen ez zuten lortzen transportea kanpoko lorea ekartzeko, baina orain lortu dute modua eta min asko egiten digu».
Transportean ondo iristen ez denarekin, asko galtzen denarekin funtzionatzen dutela gaineratu du: «Aurten lisianthusarekin moldatu gara ondoen. Gipuzkoan gutxi dago eta transportean ez da ondo etortzen».
Beraien salmentaren parte gehiena, Donostiara zuzendua dela azaldu du Irizarrek: «Bretxan, Bulebarreko ixkinan dugu postua eta hantxe saltzen dugu. Horrez gain, enkargu bidez funtzionatzen dugu. Datuei erreparatuz, %70a Donostian saltzen dugula esan daiteke. Irun ere asko ikutzen dugu, Lasarte pixka bat... Atzera geratu diren loreak, bigarren edo hirugarren kalitatekoak, frutadendatan saltzen ere hasi gara eta horrek oso ondo funtzionatzen du».
Eguraldiaren arabera izaten dela dio Irizarrek: «Udan alai gaude eta gehiago erosten da. Donostiako terrazek bezala funtzionatzen du gure negozioak».
Aholkuak:
- Santu Guztien Egunean? Zentro bariatu bat.
- Lagun bati oparitzeko? Lore sorta bariatu bat: lisianthus txuriak, klabelin mini batzuk eta gerbera batzuk.
- Maitasuna adierazteko? Larrosa gorri batzuk.
- Barkamena eskatzeko? Larrosa gorriak.
- Asko iraungo duten loreak? Lisianthusak edo anthuriumak.
Gustoak aldatu
Hasierako urte haietatik hona, gustoak asko aldatu direla argi utzi du Irizarrek: «Lehen gladioloa asko erosten zen. Orain, Santu Guztien Egunean bakarrik erosten da ia. Krabelina ere berdin. Izan ere, orain sekulako aukera dago».
Garaiaren arabera ere izaten da, lore bakoitzak bere garaia baitu: «Kalak maiatzean hasi eta apirila bukaera arte izaten dira. Gu saiatzen gara hori aurreratzen. Izan ere, gero eta lehenago atera merkatura, prezio hobean saltzen duzu. Otsaila bukaeratik maiatzera, guk izaten ditugu kalak. Larrosa, ondo zainduz gero, urte guztian izaten da. Eta 6-7 urtean ematen du lorea. Astromelia ere antzera. Renunkuloa eta anemona, berriz, negukoak dira».
Loreen negoziorako, negutegiak beharrezkoak direla azaldu du: «Negutegitik kanpo, hemen zaila da lorea ateratzea. Gladioloa egin liteke, baina gainontzean, oso zaila da. Gaixotasun asko dago hemen, oso klima hezea baita».
Goizeko freskura aprobetxatuz
Bere lanaren inguruan galdetuta, loreak biltzeko goizeko freskura aprobetxatzea oso garrantzitsua dela erantzun du Irizarrek: «Loreak biltzen, goizeko 07:00etan hasten gara udan, eta 08:00etan, neguan. Goizeko ordu gehienak horretan pasatzen ditugu, eta gainerako lanak egiten: zaindu, loreak aldatu, belar txarrak kendu, tratamendua eman, garbitu… Azken batean, mantenimendua. Saltzera beste batzuk joaten dira», dio. Denera, 6 lagun aritzen dira Lizardi Loreaken.
Santu Guztien Eguna, egun seinalatua
Santu Guztien Egunaren bueltan mugimendu haundia izaten da loradendetan eta beraien negozioan egunik garrantzitsuena dela aitortu du Irizarrek. Enkargu asko izaten dituzte, Astigarraga, Oiartzun eta Donostia ingurutik. Horrez gain, Polloen, Donostiako kanposatuan ere jartzen dute postua. «Hiru egunetan izaten da mugimendua: urriak 30, 31 eta azaroak 1. Azken bi egunetan erosten da batez ere, baina lehenengo eguna ze aukera dagoen ikusteko izaten da», azaldu du Irizarrek.
Gehien bat, zentroak erosten omen dira, lore nahastuekin egindakoak. «Zentroa hobe da, gehiago irauten duelako. Astebete edo hamabost egun irauten dituzte», dio.
Santu Guztien Egunaz gain, Amaren Egunean ere izaten da mugimendua Lizardi Loreaken. Eta San Valentin egunean ere bai, «baina jaitsi egin da». Amaren Eguna benetan ona dela dio Irizarrek: «Eskulan gutxiago eskatzen baitu. Santu Guztien Egunean zentroak izaten dira gehienak eta eskulan asko dago horren atzean. Transportea ere oso delikatua da. Amaren egunean, berriz, lore sortak izaten dira batez ere. Askoz xamurragoa da, egiteko errazagoa».
Loreak, alaitasuna emateko
Aholku eta gomendioak ere ematen dizkiete beraien bezeroei. Irizarren esanetan, «kontuan hartu behar dira, zeini oparitzeko den, ze kolore geratzen den hobeto, ekonomikoagoa zer den… Halako gauzetan laguntzen dugu, noski».
Eta zertarako erosi loreak? Erantzuna, argia: «Alaitasuna emateko. Eta usaina baldin badu, hobeto. Donostian bezero fijoak dauzkagu. Eta eguraldi txarraren eraginez, ez bagara egon, hurrengoan halaxe esaten digute: Aste honetan etxea triste egon da lorerik gabe».