«Nesketan, adin hau konplikatua da, asko hitz egiten saiatzen naiz»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urr. 25a, 02:00

Ana Vitoriak 13-14 urteko neskak entrenatzen ditu, hau da, infantil mailakoak. Amara Berri taldean aritzen da, futbol 8an. Hirugarren denboraldia du aurtengoa. Nola hasi zen azaldu dio Kronikari: «Ilobak jokatzen zuen Amara Berrin eta entrenatzaile bat behar zutela eta, neri esan zidaten ea animatuko nintzen. Ordura arte partiduak ikustera eta joan izan nintzen. Egia esan, beti gustatu izan zait futbola. Realaren partiduak beti jarrai­tzen ditut eta nere semeak Mundarron jokatzen zuenean ere, partidu guztiak ikusten nituen. Ni ere futbolean aritua naiz, 19 urtera arte. Oiartzunen jokatzen nuen, berez hangoa bainaiz. Animatu egin nintzen eta oso gustora nago. Neretzat, nere eguneroko bizitzatik ateratzeko bide bat da».
Vitoriak ez du entrenatzaile izateko ikastarorik jaso, baina esperientzia pixka bat badu: «Neskekin hasi aurretik, Astiga­rragako Ikastolako 5-6 mailako mutilekin aritu nintzen. Entre­natzaileari laguntzen aritu nin­tzen. Gozada bat izan zen».

Neskekin, zeharo desberdina
Neskekin oso gustora dago Vitoria, baina zeharo desberdina dela azpimarratu du, psikologo antzeko lanak ere egin behar izaten ditu: «Adina da konplikatua. Asko hitz egiten saiatzen naiz eta arazo bat baldin badago hori konpontzen. Nere sekretua da, guztia aurpegira esatea. Mutilekin egon nintzenean, xinpleagoa zen». Adin tarte honetan, hala ere, entrenatzailea emakumezkoa izatea hobe dela uste du Vitoriak: «Beste adinetan ez du inporta, baina tarte honetan bai. Beraiengana gerturatzeko errazagoa dela iruditzen zait. Aldaketa garaia da beraientzat eta zailtasun eta konpleju asko izaten dituzte: hilekoa tabua da, besteak beste. Ni saiatzen naiz gai horiek guztiak naturaltasunez tratatzen».
Seme bat badu etxean Vitoriak eta zelaian, 11 alaba dituela esan liteke: «Amaren papera egiten dudala esaten didate beste entrenatzaileek eta amorrazioa ematen dit horrek, baina gauza batzuekin halaxe jokatu beharra sentitzen dut», dio. Hala ere, oso entrenatzaile zorrotza dela argi utzi du: «Beraien artean batzuetan gaizki hitz egiten dute: takoak esan, ondokoa gutxietsi, jokalari bati txarra dela esan, besteari par egin… Gauza horiek nik ez ditut onartzen. Horretan bai naizela zorrotza eta norbait bidali behar badut, bidali egiten dut. Malahostia haundia dut».

Gurasoekin zailtasunak
Tira bira asko gurasoekin izaten direla azaldu du Amara Berriko entrenatzaileak: «Umeak, guk, gurasook hezi ditugu horrela. Eta askotan gurasoak izaten dira okerrenak. Kargu ere hartzen dizute... Liga hasierak batez ere, oso gogorrak izaten dira».

«Kontsolazio Kopa irabazi izana krixtona izan zen. Irabaztean, denak neregana etorri ziren. Oraindik emozionatu egiten naiz»

Ondo pasatzea
Vitoriak galtzea ez duela gustoko aitortu du, baina bere helburua, taldeak ondo pasatzea dela: «Irabazten badugu hobe, baina hori da aurrenekoa. Eta ez badugu irabazten, asteartean fisiko gehiago!», dio barrez.
Horrez gain, argi utzi du bere­tzat ez dagoela ez jokalari onik ez txarrik: «Beti uste dute kapitaina dela onena, baina nik argi uzten diet denak direla onak eta denak direla txarrak. Eta ez da futbolean ondo joka­tzea bakarrik. Jokalari on bat izateko, beste ezaugarri asko ere kontuan izan behar dira: errespetuz jokatzea, entrena­tzailearen esanari jaramon egitea, umila izatea…».

Donosti Cupen, kopa
Donosti Cup Txapelketan Kon­tsolazio Kopa irabazi zuten Ama­ra Berriko jokalariek eta oso oroitzapen bereziak ditu entrenatzaileak: «Alde batetik, oso gogorra izan zen. Partidu asko izan ziren, bata bestearen atzetik, eta oso partidu zailak. Kan­potarrak krixton emakume puskak ziren, eta oso arau zorrotzak zeuden txapelketan. Nereak ez zeuden ohituta erritmo horretan eta hamaikakoan jokatzen eta esaten nien disfrutatzera aterako ginela, besterik gabe. Baina gero ikusi nuen ondo gindoazela. Onenen aurka galdu ostean, Kontsolazio Kopa jokatu genuen eta baita irabazi ere. Tolosaren aurka irabazi genuen finala, penaltietara. Krixtona izan zen. Politena izan zen bukatzean, denak neregana etorri zirela. Emozionatu egin nin­tzen han eta oraindik ere emozionatu egiten naiz», kontatzen du negar malko batzuk ageri direla. Gauean, afari baten bueltan ospatu zuten Donostian eta opari eta guzti eskertu zioten Vitoriari egindako lana: «Realeko kamixeta bat, perfume bat eta turuta bat oparitu zizkidaten. Kartel bat ere bai, eskerrak emanez», dio.
Astigarragatik hiru jokalarik hartu zuten parte: Andrea Nieto, Yune Irurzun eta Maider Mugi­kak. Gaur egun, Nietok eta Mu­gikak jarraitzen dute taldean.
Aurreko urtean ere parte hartu zuen Vitoriak Donosti Cupen, baina desberdina izan zela dio: «Aurreko taldearekin izan zen. Berria nintzen eta oso desberdina izan zen. Hala ere, oso esperientzia polita izan zen hura ere. Indiaren aurka jokatu genuen. ONG batekin etorri ziren. Kultura desberdinak ezagutzeko aukera ematen du Donosti Cupek. Haiek erakutsi ziguten oso gutxirekin ahal dute­la futbolean jokatu. Indian hankutsik jokatzen dute. He­men berriz, tonteri asko dugu».

Astigarragako jokalariak, kanpoan
Futbolean aritzen diren Astiga­rragako neskak dexente badirela azaldu du Vitoriak eta besteak beste, Amara Berrira joaten direla herrian ez dagoelako aukerarik. «Eta pena da. Bilera bat egin zen, denboraldi honetan infantilen taldea martxan jartzeko, baina ez da atera. Saiakera gehiago egin beharko litzatekeela uste dut», dio.
Amara Berrin ere neska gutxi dagoela gaineratu du: «Jendea joaten da Intxaurdira, Hernanira, Oiartzunera… Aurten adibidez, kadetetan ez da taldea osatu».
Astigarragan taldea sortuko balitz, entrenatzaile izan nahiko lukeen galdetuta, halaxe erantzun du: «Oso gogorra egingo litzaidake taldea uztea; nere jokalariak uztea. Gaur egunean, behintzat, ez nuke Amara Berri utziko».

Liga hasiera, gaur
Vitoriak eta bere taldeak gaur ekingo diote ligari. San Patricioren aurka jokatuko dute 09:00etan, Martutenen. Iaz hirugarren postuan geratu ziren, baina aurten bost jokalari berri daude taldean eta zer moduz moldatuko diren ez dakiela dio: «Taldea egitea izango da lehenengoa, gero ikusiko dugu. Poliki poliki joango gara».
Ez du gaizki moldatzea espero, baina momentu txarretatik ateratzen ere badakiela azaldu du: «Lehenengo partidua jokatu nuena, nesken entrenatzaile bezala, Añorga­ren aurka izan zen eta 21-1 galdu genuen. Pelota partidu bat jokatu izan bagenu bezala, ia-ia! Pentsatu nuen: Non sartu naiz? Baina pixkanaka atera ginen eta azkenean ez genuen hain gaizki bukatu», dio.
Honakoak izango dira aurtengo aurkariak: San Patricio, Luberri, Intxaurdi, La Salle, Añorga eta Hernani.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!