Zabalaren errekurtsoa onartu du epaitegiak eta ez du kalteordaina ordaindu beharko

Kronika - Erredakzioa 2014ko ira. 20a, 02:00

Epaia behin behinekoa da, Udalak errekurritzeko aukera du orain. Bi aldeek, Mikel Zabala alkate ohiak eta egungo Udal Gobernu Taldeak balorazioaren berri eman diote Kronikari. Baita Hamaikabat eta EH Bildu alderdi eta koalizioak ere.

Donostiako Epaitegiak Mikel Zabala Astigarragako alkate ohiaren (EA alderdia orduan, H1! gaur egun) errekurtsoa onartu du, Elgopebi kasuari dagokionez. Epaiaren arabera, Udalak eskatzen dizkion 562.194,87 euroak ez ditu ordaindu beharko. Diru hori Astigarragako Udalak ordaindu behar izan zion Elgopebi enpresari kalteordain gisa 2011n, hitzarmen bat ez bete­tzeagatik. Hitzarmen hori Zabalak sinatu zuen 1995ean, bera Alkate zenean. Kalteor­dain horren ardura Zabalari leporatu izan dio egungo Udalak, hitzarmen hura ilegala izan zela esanez, eta 2011n, acción de regreso delako prozesua abiarazi zuen, diru hori ordaindu zezan. Zabalak errekurtsoa jarri zuen prozesu horren aurka, 2012an, eta aste honetan atera da epaia, bere alde. Udalak errekurritzeko aukera du orain.

Zabala: «Argi geratzen da hitzarmena egokia zela»
Mikel Zabalak epaiaren inguruko balorazioa egin dio Kroni­kari: «Sentetzi honek berrogei foliotan agertzen ditu prozesu osoaren arrazoi juridioak. Beraz, oso ondo arrazoituta daude Elgopebiren kasuan emandako pauso guztiak. Eta argi uzten du, hasierako hitzarmena, teknikoek planteatutakoa, egokia zela eta permuta bat besterik ez zuela suposatzen Udalarentzat. Horrez gain, Astigarragako udal Idazkari-kontuhartzailearen txosten juridikoa hitzarmenaren aldekoa izan zela biltzen du eta udal ordezkari guztiei eskura eman zitzaiela (Euskal Herri­tarrokekoei barne) 1997-02-14ko Gabernu Batzordeko aktak jaso­tzen duen bezala. Senten­tziak esaten duen bezala, haustura sortzen da 2000 urtean, Eli Laburu alkate zegoenean. Gipuz­­koako Foru aldundiak Arau Subsidiarioak behin betiko onartu ondoren, Elgopebikoek beraien bete beharrak egin zituzten eta Astigarragako udalari bere bete beharrak erreklamatu zizkioten. Hauek erantzun gabe geratu zirenean, Silencio Administrativo deitzen zaiona sortu zen. Ondorioz, gai hau judizializatu zen. Sententziaren arrazoietan oso argi agertzen da, inork ez zuela inoiz hitzarmen hau atzera bota edo baliogabetu, ez Udalak (1999-2003ko legegintzaldian EHkoek gehiengo absolutoarekin gobernatu zu­tenean), ez eta judizialki. Beste gauzen artean, inork ez zielako eskatu horrelakorik epaileei».
Sententzia definitiboa ez izan arren, optimista izateko bi arrazoi badituela azpimarratu du Zabalak: «Errekurri­tze­ko argudio berriak aurkeztu behar ditu Udalak eta uste dut oso zaila izango zaiela. Izan ere, etxea enbargatzeko osatu zuten batzordea juicio sumarísimo antzera montatu zuten, nere aurkako iritziak publikoki eman izan ohi dituen pertsona buru zela, eta berak aukeratutako peritoek egindako txostenekin. Beraz, oso zaila daukate argudio maltzurragoak atera­tzen. Eta ez naiz aditua epai gaietan, baina nere abokatuak esaten duenez, epaiak administrazio bati Kostak ordintzera kondanatzeak esan nahi du, Administrazio horrek fede txarrez jokatu duela eta oraingoan, Astigarragako Udalari kostak ordaintzera kondenatu dio epaiak. Paradoxa da, herritar guztiok ordainduko dugula, nere familiak eta lagunek barne, Astigarragako gaurko agintarien joku maltzur hau».
Zabalak gaineratu du, gaiaren inguruan interes haundiagoa dutenei, epaia irakurtzeko gomendatzen diela: Donostia­ko Administrazioare­kiko Auzi­en 3. Epaitegiak emandako 115/2014 epaia. Kronikaren web orrian ikusgai.

Gobernu Taldea: «Arduragabekeriak zigor gabe geratu ez daitezen, lanean jarraituko dugu»
Gobernu Taldeak ere balorazioa egin du: «Harritu egin gaitu epaitegiak egin duen interpretazioak. Justiziak hitz egin du eta erakutsi du sistemak ondo errotua duela diru eta ondare publikoen xahuketa eta erabilera arduragabeak egiten dituztenen inpunitate eta babesa. Gure aldetik, atzo bezala, gaur eta bihar gardentasun osoz eta herritarron interes orokorrak defendatzen jarraituko dugu; beti benetako justiziaren bila eta iraganean gertatutako arduragabekeriak zigor gabe geratu ez daitezen lanean. Zenbaitzuk mehatxuka ere hasi zaizkigu, egin dena dohainik aterako ez zaigula defendatuz. Eta egia da, dagoeneko Elgopebi kasuan 562.194,87 euroko faktura ordaindu du Udalak; hobe esanda, 562.194,87 euro ordaindu dugu Astigarragako herritar guztiok alkate ohi batek ezkutuan eta inolako legitimidaderik gabe sinatutako “kontratu” bategatik. Udalera ekarri gaituzten printzipio horien kontra joatea litzateke Udalak jasandako galera ekonomiko arduragabe horren kontra ez egitea. Dena den, Udalak aukera du azken epai honi helegitea jartzeko eta epaiaren azterketa bukatzerakoan erabakiko dugu aurrera jarraitu ala ez».
Irakurketa kronologikoa ere egin du: «1995 urtean, legegin­tzaldiko azken Plenoko egunean 3 hitzarmen urbanistiko onartu ziren bitartean, Mikel Zabalak bere bulegoan eta ezkutuan Elgopebiko hitzarmen urbanistikoa sinatu zuen. 1996an, Zabala alkate zen berriz eta gehiengo osoa edukita ere, hitzarmena ez zuten Plenotik pasa. Elgopebiko ordezkariak hitzarmena betetzeko eskatu zion Udalari. Zabalak legegintzaldi osoan ez zuen hi­tzarmena bete. 1999 urtean, aldaketa iritsi zen Udalera eta Euskal Herrita­rrokek zuen alkatetza. Elgope­biko ordezkariek berriz ere hitzarmena betetzeko eskatu zu­ten, baina, nola beteko zuen Udalak onartuta ez zegoen hi­tzarmen bat eta ordura arte existitzen zela ere ez zekiena? Gobernu taldeak alkate ohiari Plenoan galdetu zion gai honen inguruan eta Zabalak zera eran­tzun zuen: Egunen batean zerbait gertatzen bada, ni izango naiz arduraduna. 2000an, Lurra­ren jabeak epaitegietara eraman zuen gaia. 2003an iritsi zen lehengo epaia eta helegitea aurkeztu zuen Udalak. Urte hartan, H1! eta EAJ zeuden udal gobernuan eta helegitearekin jarrai­tzea erabaki zuten. 2006an, EAEko epaitegiak (TSJPV) helegitea onartu eta hitzarmena baliogabetzat jo zuen. Zabalak hori sinatzeko eskumenik ez zuela esaten badu ere, lurjabeak errepidea Udalari utzi zionez, Udalak bere zatiarekin bete behar duela dio. Ondorioz, Udala kondena­tzen du 415.896,24 euroko kalte ordaina ordaintzera. Udal gobernuan zeuden H1! eta EAJ. 2011n, 415.896,24 eurokoko kalteordainari, 146.298,63 euro gehitu zitzaizkion atzerapenarengatik. H1!ek eta EAJk zergatik ez zuten kalteordaina behar zen momentuan ordaindu? Zeri begira geratu ziren? Gobernu talde honek, 562.194,87 euroko kaltea ordaindu zuen eta acción de regreso deri­tzon prozesua abian jarri zuen».

Hamaikabat: «Ezker abertzaleak du ardura»
H1!ek azpimarratu du, epaiak argi esaten duela txosten bat dagoela idazkari-kontuhartzailearena eta ez duela esaten ilegaltasunik dagoenik: «Txosten hori Gobernu Batzordean aurkeztu zen 1997-02-14an. Epaiak argi azaltzen du Zabalak ez zuela jokatu udal teknikariek jakin gabe, ezta beste gainerako alderdi politikoek jakin gabe ere. Sententziak dio Udala izan zela hitzartutakoa bete ez zuena, ezker abertzaleko Eli Laburu agintean zegoenean. Hortik dator arazoa eta isuna. Ezker abertzaleak du ardura astigartarrek beraien poltsikotik ehundaka mila euro ordaindu behar izateaz. Udalak hitzarmena bete izan balu, ez zuen euro bakar bat ere jarri behar izango».
Eta gaineratu du: «Ezker abertzalearen erruz, udalak dirutza ordaindu behar izan dio Elgopebiri. Beste epai bat galdu du eta Kostak delakoa ere ordaindu behar du; beste milaka euro gehiago. Noiz arte jarraituko du ezker abetzaleak diru publikoa xahutzen gai honekin? Epai honek baiezta­tzen du Mikel Zabala alkate ona izan dela eta persona ona. Oraingo alkate eta Bilduren gobernu taldea ez bezala. Zeinek ordainduko du zentzugabekeria berri hau? Zoritxarrez, badakigu erantzuna: Astigarraga herriak, azken batean, beti Bilduren akatsak ordaintzen dituenak».

EH Bildu: «Sententziek argi diote hitzarmena nuloa zela»
EH Bilduk halaxe azaldu du: «Nolatan sinatu zen ezkutuan 1995ean txostenik eta baimenik gabeko “konbenio” bat? Nola da posible gehiengo osoa edukita ere Astigarragako Pleno­ak  “konbenio” hori sekula ez onar­tzea? Mikel Zabalak Zer­gatik egin zuen Elgo­pebiko tratua Ela­rre jaunarekin industriaguneko beste lurjabeek lu­rrak dohainik eman behar zituzten bitartean? 4 urteko legegintzaldian (1995-1999) bete ez zuen “konbenioa” izan zen gainera. Errepide famatu bat dago orain “konbenio” horren ondorio, ino­ra ez doan errepidea! Lur ho­rren zesioa lortzeko presarik ez izan arren, Udalak ordaindu zuen errepidearen eraikuntza, astigartar guztion 24.000.000 pezeta jarrita. Elarre jauna zen opari horren onu­radun bakarra. Zer­ga­tik ordain­­du zuen Astiga­rragako herriak?».
Prozesu honen ondorioez ere aritu da: «562.194,87 euro ordain­du ditu guztira Astigarra­gako herriak. A zer pagotxa diru-kutxa publikoaren eta modu arduragabean eta ezkutuan sinatutako dokumentu horren kontura! Kudeaketa egokiaren edo negligentziaren adibide da hau? Eta hori, “kasta” honek ohituta gauzkan korruptela ilunagoen kontuetan sartu gabe. Larriena da, “kasta” honek diru publikoaren kontura horrelakoak egin eta gero, zigorrik jaso gabe atera nahi izatea. Sententziek argi eta garbi esaten dute hitzarmena nuloa zela eta Zabala jaunak horrekin astigartar guztiok ordaindu behar izan dugun galera sortu zuela».
Eta gaineratu du: «Guk argi dugu. Ezin ditugu onartu kargu publikoen inpunitatea babesten duten politika eta ekintzak. Gure konpromisoa, orain eta beti, astigartar guztien ondarearen defentsan egon da eta horren alde egiten jarraituko dugu, gardentasunarekin. Udal gobernu taldeko kideei gure babesa helarazi nahi diegu, eta gaur egunerarte egin duten bezala, beharrezkoa den instantzietara jotzera animatzen ditugu alkate ohi baten arduragabekeriak Udalari sortutako kalte ekonomikoak berreskuratu arte».

Sententzia ikusteko, egin klik gainean

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!