Xabina Arruabarrena udaletxeko plazan bizi izan da jaio zenetik (1928 urtea). Eta beti, etxe berean, nahiz eta izenak aldatzen joan: Largone, Markosene, Juanane eta orain, Arruabarrena. «Ez dakit etxea noizkoa den, baina aitona hemen jaio zen, gure aita eta lau anai-arrebok ere bai, eta baita nere seme-alabak ere», dio.
Plaza eta ingurua nola aldatu den azaldu dio Kronikari: «Plazan, udaletxea eta baserriak zeuden. Orain soziedadea (Gure Izarra) dagoen lekuan, ikuilua zegoen. Guk ere hemen izaten genituen: behia, astoa, txerria… Eta inguruan ere, baserriak zeuden. Baserriak eta sagardotegiak. Bi denda ere bazeuden. Bat, orain denda dagoen lekuan (Coviran-Mamen) eta taberna txiki bat, Bar Mikaela dagoen horretan. Gero, erriberetako lurrak zeuden... Pena ematen dit herria nola hazi den ikusteak. Orain, berdea ia ikusi ere ez da egiten. Laster telebistan bakarrik ikusiko dugu. Gainera, lehen familia batean bezala bizi ginen. Orain inor ez duzu ezagutzen eta inork ez dizu egunonik ere ematen». Baserriak, sagardotegiak, lurrak, tranbia, harrobiak, Aiotzategiko bainuak… dena gogoratzen du Xabinak: «Aldaketetara jarri egiten zara, baina nik oraindik begien aurrean izango banu bezala gogoratzen dut orduko Astigarraga».
Markinara, Gerra Zibilean
Lau senide ziren: bi mutil eta bi neska. Xabina, denetan gazteena. Beti plazan bizi izan bada ere, denbora baterako alde egin behar izan zuen. Gerra Zibilean, hain zuzen. Frankistak Astigarragan sartu zirenean, Markinara alde egin zuen ahizpari jarraituz: «Gogoratzen naiz Santiomenditik tiroka nola hasi ziren. Hemen direla! Esaten zuen ahizpak, eta korrika hasi zen. Ni, atzetik. Martuteneko bidean, Portutxon sagardotegia zegoen eta anaiak han ziren. Anaiek ere alde egin zuten, ez dakit nora. Gu trenean, zaku tartean joan ginen». Ahizpak 19 bat urte zituen eta Xabinak 7 inguru. «Berez denok ginen alde egitekoak, amak fardelak prest zituen, baina haiei ez zien denborarik eman. Azkenean, hemen geratu ziren, gu non ginen jakin gabe», dio.
Bi urte inguru pasa zituzten Markinan eta oso oroitzapen onak ditu Xabinak: «Oso ondo bizitu ginen han, asko maite dut Markina. Han izan nintzen, feliz!»
Herrira buelta
Nazionalak Markinan sartu zirenean, Astigarragara bueltatu ziren ahizpa eta biak. Bi anaiak ez ziren bueltatu, bat kartzelan sartu zuten eta bestea kontzentrazio esparru batean. Herrira bueltatzean, bizimodua nolakoa zen azaldu du: «Errazionamendua zegoen. Hala ere, ez genuen batere goserik pasa, ez hemen, ez Markinan. Nahiko talo eta babarrun jaten genuen».
Xabinak, beraien etxe gainean, Euzko Etxea ezagutu izan zuen beti. Eta ondoko etxean, errepublikanoen zentroa. Antzerkia eta dantza egiten omen ziren Euzko Etxean. Frankistak sartu zirenean, ordea, Falange de las JONS eta bandera española jarri zituzten. Gurasoek, badaezpada, alde egin omen zuten beste etxe batera, herrira sartu zirenean.
Eskolarekin ere ez ditu batere oroitzapen onak Xabinak: «Udaletxean zegoen eskola. Dena erderaz zen. Oso gaizki pasatu nuen. Maixtra frankista frankista zen. Bazekien ni Markinan ibilia nintzela eta begitan hartu ninduen. Pupitrerik ere ez zidan uzten. La Roja deitzen zidan. Ez nuen joan nahi izaten, baina ez genuen dirurik beste eskolara joateko».
Fabrikan, lanean
Eskola bukatuta, fabrikan hasi zen lanean Xabina. Astigarragan zegoen Productos auxiliares delako fabrika batean. Gero Tolosara pasa zuten. «Trenean joaten nintzen hara. Gero berriz, Astigarragara bueltatu nintzen, Calderon Hermanos fabrikara», dio. Garai hartan, emakume batzuk neskame edo josten aritzen ziren, baina fabriketan ere asko hasi omen ziren lanean. 1957an esposatu zen bere senarra denarekin. Hernanikoa bera. 3 seme-alaba izan zituzten: bi mutil eta neska bat. Etxeko lanetan aritu izan da ordutik: «Lehen hala izaten zen», dio.
Txomiñene baserria
Txomiñene baserriaren ordez, gaur egungo frontoia egin zuten plazan, 1995ean. Penaz kontatzen du gertatutakoa Xabinak: «Krixton baserria zen. Oraindik gogoratzen naiz nola atera zuten ertzainek Juanita zena etxetik, arrastaka. Monjetara eraman zuten eta hara joan nintzen bila. Paper bat ere firmatuarazi nahi izan zioten, baina ez genuen ezer firmatu. Gero, oinazez zegoela eta, Loiolako anbulatoriora eraman behar izan zuten senideek. Matriza atera zioten ertzainek, ibili zuten bezala. Gerora, hainbat erresidentziatan bizi izan zen eta azkenean, Tolosako Yurramendi erresidentzian hil zen gaixoa. Pena haundia eman zidan baserri hura botatzeak eta Juanitak».
Etxetik, festak jarraituz
Plazan bizitzeak, abantailak ere baditu eta festak etxetik bertatik jarraitzeko aukera duela dio Xabinak: «Etxetik atera gabe, leihotik ikusten dut nik dena. Lehen musikaren zalaparta ere izaten zen, baina orain beste plazan antolatzen dituzte. Dantza, sagardo festa… eta horrelakoak izaten dira hemen». Herria asko aldatu bada ere, gustoko zerbait ba ote duen galdetuta, halaxe erantzun du: «Plaza hauxe gustatzen zait. Gainontzean, Ipintzako Ixabel oso laguna dut; betiko laguna. La pareja de la Guardia Civil esaten ziguten, Guradia Zibilak binaka ibiltzen baitziren. Haren etxera joan eta berarekin egotea ederra da».