Udalak euskeraz funtzionatuko du, oinarrian, eta gaztelania erabiliko du beharrezkoa denean

Kronika - Erredakzioa 2014ko mar. 8a, 01:00

Udalak euskeraren erabilera plana onartu zuen aurreko asteko Plenoan. Bertan zehazten di­ra Udalean hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak edo kriterioak. «Plan honek esan nahi duena da, Udalak oinarrian euskeraz funtzionatuko duela. Hau da, lanerako hizkuntza euskera izango da, bai Udaleko langile eta politikoen artean, eta baita herritarrekin izango den harremanean ere. Euskeraz funtzionatuko da beti, bai ahozko erabileran, idatzian... Hori bai, beharrezkoa den kasuetan ez da arazorik izango gaztelania erabiltzeko», azaldu dio Kronikari Agin Laburu euskera zinegotziak. Hartzailearen arabera mol­datu egingo direla azaldu du.
Baina adibidez, erakunde publikoekin (beste Udalak, Di­pu­tazioa, Eusko Jaurlari­tza...) euskeraz bakarrik izango da tratua. Bai ahozko erabileran, bai ida­tzian. Ahozko erabileran, har­tzailea euskal hiztuna ez bada, euskal hiztun batek ordezkatzeko eskatuko zaio erakundeari. Eta dokumentuak gaztelania hu­tsez jaso­tzen badira, euskeraz bidaltzeko eskatuko zaio erakunde publiko horri. Euskeraren erabilera normalizatzeko oinarrizko legea jarraituz jokatuko du horrela Udalak.
Plan honekin, Udalak eragin nahi du euskeraren normalizazioan eta herritarren hizkuntza eskubideak ziurtatu nahi ditu. Eusko Jaurlaritzak bost urteko plangintzaldiak markatzen ditu eta V. plangintzaldiaren barruan sartu da Udalarena, 2013-2017 artekoa.

«Jarraipena egingo zaio urtero eta ikusiko dugu plana betetzeko langileek ze laguntza behar duten edo ze zailtasun dituzten”

Udal langileekin osatua
Emun hizkuntza kooperatibak egin du plana. Udaletxeko sail guztietako langileekin osatu du. Udaletxean euskeraren erabilera nolakoa den jakiteko galderak egin dizkiete, eta iri­tzia galdetu. Honako arloak aztertu dituzte, besteak beste: ahozko erabilera, idatzizkoa, herritarrekin harremana, politikoekin eta enpresekin.
«Askok ez dakite seguru esaten, noiz erabili duten euskera eta noiz ez, eta agian ez dira datu zehatzak, baina datu hauetatik abiatuko gara eta datorren urtean berriz egingo da neurketa. Jarraipena egingo zaio urtero eta eboluzioa ikusiko dugu. Ikusiko dugu plana betetzeko langileek ze laguntza behar duten edo ze eragozpen eta zailtasun dituzten. Urtero joango da egokitzen», azaldu du Laburuk.

Pauso batzuk emanda
Plana osatu eta irizpideak orain zehaztu badira ere, guztia ez dela hutsetik sortu azpimarratu du Laburuk. «Lehen ere kontuan hartzen zen euskeraren erabilera, baina orain forma eman zaio. Lehen, langileek beraien irizpideen arabera jokatzen zuten, beraien borondatearen eskutan zegoen. Kasu batzuetan nola jokatu behar zen ere ez zekiten batzuk eta orain dena zehaztu egin da».
Langileen jarrera nolakoa izan den galdetuta, ona izan dela azaldu du Laburuk: «Esan bezala, lehendik ere askok euskeraz funtzionatzen zuten eta jarrera positiboa azaldu dute». Arlo batzuetan, agian, zailtasun gehiago egon daitezkeela badakite, eta pixkanaka ikusten joango direla adierazi du. «Urteko azterketak horretarako izango dira baliagarriak».

Zortzi atal
Zortzi atal hauei buruzko irizpideak jaso dituzte: Ahozko eta idatzizko komunikazioa; Lan­gi­leen prestakuntza orokorra (ikastaroak...); Tresna eta aplikazio informatikoak; Internet eta intranet sareak; Udalaren argitalpenak (aldizkariak, liburuak, kultur egitarauak...); Hiz­kuntza paisaia (errotuluak, seinaleak...); Ira­gar­ki eta publizitate kanpainak; eta Kudeaketa edo gestioa.

Kontratazio irizpideak, aztertzen
Udalaren erabilera plana zehaz­ten ari zirenean, Diputazioaren proposamena iritsi zitzaion Uda­lari, kontratazio irizpideei buruzkoa. Irizpide horiek zehaztuta zeu­den, lana egina zegoen, eta Udalak erabilera planaren barru­an sartzea erabaki zuen. Dipu­ta­zioaren plan horren zain zeudela, ordea, Carlos Urquijo Espai­nia­ko gobernuko EAEko ordezkaria helegiteak jartzen hasi zen irizpide horiek onartu zituzten Gipuzkoako herrien aurka. Ho­rren aurrean, oraingoz, Udalak bere plana bakarrik onartzea erabaki du. Orain aztertzen ari dira ze pauso eman, kontratazio irizpideei ­dagokienean.

Adibide batzuk:
Herritarrekin egiten diren bilerak
Euskera ulertzeko gai ez diren herritarrak daudenean, bilera euskeraz egingo da eta gaztelaniazko laburpenak egingo dira. Eta gai zehatz baten inguruan bilera bat baino gehiago antola­tzen duenean Udalak, bilera batzuk euskeraz eta beste batzuk gaztelaniaz egingo ditu.
Herritarrentzako ikastaroak
Euskeraz izango dira, ahal den guztietan. Horretarako izena ematerakoan herritarren hizkuntza ezagutza jasoko da eta gehiengoaren arabera erabakiko da zein hizkuntzatan egin ikastaroa. Salbues­penak, kasuan kasu aztertuko dira. Ikastaro bereko bi talde egin ahal direnean, bat gutxienez euskeraz egingo da.
Plenoak
Plenoak euskeraz egingo dira. Mo­mentuko itzulpena egingo zaie ulertzeko gai ez diren zinegotziei. Gainontzeko udal organoetako bileretan beharrezko neurriak hartuko dira ulertzeko gai ez diren zinegotzientzat. Herritarrei, galde­tzen duten hizkuntzan erantzungo zaie.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!