Emakumeen Nazioarteko Eguna da martxoaren 8an, datorren asteazkenean, eta hori aldarrikatzeko, kalera aterako dira astigartarrak.
Pastak herritarrei, Udal ordezkariek
Goizean goizetik gogoraraziko dute Udaleko ordezkariek Emakumeen Nazioarteko Eguna dela. Goizeko 09:00etan hasi eta arratsaldeko 17:00ak arte, pastak banatuko dituzte herriko hainbat txokotan: Foru Plazan izango dira goizean; eguerdian Joseba Barandiaranen jarriko dute postua; eta arratsaldean, herria zeharkatuko dute.
Ekitaldia, EH Bilduk
Goizerako ere, ekitaldia antolatu du EH Bilduk. Kontxa Etxeberria plazatik 11:00etan abiatuta, emakume izena duten kaleetako emakumeen memoria plazaratzea izango dute helburu.
Plazaren inaugurazioa, ere bai
Uztailaren 16ko Plenoak onartu bezala, Emakumeon Plaza deitzen da orain Juanito-enea etxeko atzekaldean dagoen plaza, aurretik izenik ez zuena. Eta izen-aldaketa hori ofiziala egiteko, plazaren inaugurazioa egingo dute asteazkenean, Emakumeen Eguna dela aprobetxatuz.
Arratsaldeko 18:30etan hasiko da ekitaldia, berdintasun zinegotziaren eskutik. Inaugurazioan izango dira, baita ere, Astigar dantza taldeko kideak, agurra dantzatzen; eta trikitilariak. Horrez gain, mokadutxoa eskainiko zaie, herritarrei.
Segidan, leku berean jarriko du Harituz elkarteak Emakumearen Eguneko desioen zuhaitza, herritarrek beren desioak zintzilikatzeko.
Argazkia, Bagagiltzak
Ekitaldi garrantzitsua aprobetxatuz, arratsaldeko 19:00etan jarri du zita BagaGiltzak galdeketaren aldeko emakumeen argazki erraldoia egiteko.