EH Bildu Udal taldeak, Koro Etxeberria plazaren inguruko proiektuaren berri Udaletik ez duela jaso salatu du. Komunikabideen bitartez jaso duela adierazi du gardentasun eta parte hartze falta somatuz.
2016ko urtarrilaren 26ko hirigintza batzordean, EH Bilduk Kontxa Etxeberria plazan lanak hasita zeudela jakinda, plazan zer egiteko asmoa zegoen galdetu zuen eta horretarako, ea proiekturik bazegoen. «EAJk ez zekien lanak hasita zeudenik eta proiekturik ez zegoela ere onartu zuen. Salatzekoa, EH Bilduk prentsa bidez jakin behar izan du zein diren plazarako dauden asmoak».
Plazako jolasgunea estaltzea berri ona dela sinesten du EH Bilduk, baina «EAJren gardentasun eta parte-hartze falta salatzen dugu. EH Bilduk, proiektuak batzordeetan eta herritarrekin partekatzen zituen, EAJk, aldiz, prentsa bidez jakinarazi eta ezkutuan diseinatzen ditu».
EH Bilduk Udal Gobernuan zegoenean egin zituen gauzak balioan jarri nahi ditu. «EAJk behin eta berriz ezkutatu nahi izan arren, EH Bilduren lanari esker Kontxa Etxeberria Plaza eta Kultur Etxea eraikitzeko epeak zehaztu zitzaizkion promotoreari».
«Kultur etxearen proiektua herritarrekin jorratzeko ahaleginik ez du egin EAJk»
Bestetik, azken plenoan kultur etxearen egoera zein zen jakiteko galdera luzatu zuen EH Bilduk eta «badirudi abenduaren 27tik ez dela ezer aurreratu, hau da, bi hilabete ostean, ez da aurrerapausorik eman. Are gehiago, EAJk ez du Kultur Etxearen proiektua herritarrekin eta eragileekin jorratzeko ahaleginik egin», dio Udal taldeak.
EH Bilduk abenduaren 27an herritarrekin eta eragileekin landutako proposamena aurkeztu zuen Udalean. EH Bilduren esanetan «proposamenak kultur etxearen eta gainontzeko udal espazioen berrantolaketa eredu bat jasotzen du. Kultur Etxearen diseinuan herritarren eta eragileen parte-hartzea bermatzea ezinbestekoa dela uste du EH Bilduk. Bi hilabete ondoren, EAJk ez du EH Bilduk eginiko proposamenaren inguruan aipamenik egin».