Esku hutsik bueltatu zen Mundarro Lezotik, aurreko larunbatean. Partidu zaila zeukaten moreek, Allerru bigarren sailkatuaren zelaian, eta 3-0 galdu zuten.
Berdindua izan zen aurreneko zatia, baina atsedenaldira joan aurreko minutuetan, partidua aldapa gora jarri zitzaien astigartarrei. 40garren minutuan sartu zuen aurreneko gola Allerruk, korner batean, astigartarren akats bat aprobetxatuz. Eta hortik hiru minutura, bigarrena ere lortu zuten etxekoek.
Atsedenetik bueltatu eta berehala, hirugarrena
Ba hori gutxi balitz, atsedenetik bueltatu eta aurreneko jokaldian, hirugarrena lortu zuten lezotarrek. Ez zuten amore eman moreek, baina aukera garbiak izan arren, ez zuten asmatu golik sartzen.
Asteburu honetan atsedena daukate, eta Orioko hartuko dute etxean, datorrenean.
Kadeteak, asteburuan jokatuko duten bakarrak
Erregionalek bezala, atseden hartuko dute talde gehienek ere. Kadete mailakoak izango dira, asteburu honetan jokatuko duten bakarrak.
Ohorezko mailakoak, Zarkumendegin ariko dira gaur, eguerdiko 12:00etan, Euskaldunaren kontra. Eta lehenengo mailako taldeak, Puion jokatuko du, Donostiako Aiete auzoan; gaur 10:00etan, Vasconiaren kontra.