«Hain bidaia gogorra egin ondoren, errefuxiatuek ezin dute sinistu Europaren ongietorria»

Kronika - Erredakzioa 2017ko ots. 18a, 01:00

Ikasitako euskera praktikan jarri eta hobetzeko asmoz an­tolatzen ditu AEK euskaltegiak Zilegi Eskolak. Baina beste hainbat gauza ikasteko aukera ere izaten da. Astelehenean, adibidez, Su Hernandez, Gre­ziako errefuxiatuekin bo­lun­­tario lanetan aritutakoak, bere esperientziaren berri eta errefuxiatu horien egoeraren berri emango du, 18:30etan hasita, kultur etxean. 

Zerk bultzatu zintuen Greziara, errefuxiatuak laguntzera joatera?
Berrietan ikusten nuena sinestezina iruditzen zitzaidan, eta joateko beharra sentitu nuen, nik neuk zerbait egiteko. Nire aukera politikoa izan zen; ez nintzen joan laguntzera bakarrik, baizik eta hona etortzean egoera salatzeko argudio ge­hia­go izan nahi nituen, inguruko jendea mugiarazteko.

Nola laguntzen zenuen?
Aurreneko bidaian kanpamendu desberdinetan egon nintzen, eta herrian zeuden beste boluntario batzuekin batera, elkarrizketak egin genituen premiazko beharrak zeintzun ziren jakiteko. Iritsi nintzenean, ‘kanpamendu libreetatik’ militarrera eraman zituzten errefuxiatuak, eta bertan sartzeko edo behar zituzten gauzak eramateko, estragiak asmatu behar izan genituen. Batzuetan jolasak egiteko aitzakian sartzen uzten ziguten, eta besteetan, ezkutuka sartu behar izan genuen. 
Bigarren bidaian, ordea, kalean zegoen jendearekin egon nintzen. Beste boluntario independiente batzuekin taldeka lan egin nuen, eta, gutxienez, egunean bi otordu ematen saiatu ginen. Gainera, zer behar zituzten aztertzen ere aritu ginen, horiek ase ahal izateko. Bestalde, kanpamenduetan sartzea zaildu egin zen, nahiz eta sartzen ginen, ezagututako familiak bisitatzera.

«Laguntza psikologikoa premiazkoa da. Ezin dugu ahaztu han dagoen jendeak bidaia luze bat egin duela eta asko utzi nahiz galdu duela bidean»

Zein da errefuxiatuen egoera kanpamenduetan? Eta horietatik kanpo?
Biak oso larriak dira. Kan­pa­men­duetan dagoen jendeak behar batzuk beteta ditu. Baina ikustekoa da, adibidez, nolakoa den ematen dieten janaria. Urtebete daramakite ia janari berdina jaten: arroza, pasta edo patata egosiak, eta kitto. Siria eta Kurdistango jendea ezagutu dut bereziki, kanpamenduetan.
Kalekoen egoera, berriz, askoz okerragoa da. Thessalo­ni­ki hirian nengoela, parke batean egoten ziren gehienak, eta poliziak parketik botatzen zituen. Orain, hotza dela-eta, hutsik dagoen eraikin batean daude. Zailagoa zen haien beharra asetzea. Ezin genuen kalkulatu, adibidez, hurrengo egunerako zenbat janari behar zen, egunero jende desberdina ibiltzen baitzen. Gehienak mafien zain egoten ziren, eta horregatik itzuli egiten ziren. Gehienak Iran, Afganistan eta Pakistangoak ziren.

Zein dira haien beharrak? Zein laguntza jasotzen dute?
Desberdina da, zonaldearen ara­bera. Thessalonikiko egoera berezia da, muga hurbil dagoelako. Bertako kanpamenduetan aritzeko erregistratu egin behar duzu. Baina GKE batzuek bakarrik egin dezakete lan. Hala ere, kanpamenduetan dagoen jendea ez dago pozik, bertan lan egiten dutenek hori bakarrik egiten dutelako; lan egin, eta kitto. Ez dute lagun­tzen egoera aldatzen, ez dute salatzen, eta errefuxiatuek bota egin zituzten GKE batzuk, kanpamendu batzuetatik. Erre­fuxiatuek kanpamenduetatik atera behar dira. Hori da premiazkoa; pisuetara eraman, bizitza ‘normala’ egiteko aukera izan arte, zain egon ahal izateko. Badaude talde batzuk, hori egin ahal izateko dirua biltzen. Era berean, la­guntza psikologikoa premiazkoa da. Ezin dugu ahaztu han dagoen jendeak bidaia luze bat egin duela eta asko utzi nahiz galdu duela bidean. Hori ez da kontuan hartzen. Hain bidaia gogorra egin ondoren, ezin dute sinistu Europaren ongietorria. Askok nahiago dute beren herrira itzuli; esaten dute han behintzat, berehala hilko direla. Europan, aldiz, poliki-poliki.

Zein aukera dauzkate handik ateratzeko?
Egungo Europako politika migratzailearekin oso gutxi, eta prozesu luzea pasa behar dute, lortzeko. Batzuentzat, aukera bakarra da mafien bidez saia­tzea, edo muga zeharkatzea.

‘Ongi etorri errefuxiatuak’ Gipuzkoako elkarteko kide zara. Zer egiten duzue?
Bereziki, sentsibilizazio eta salaketa lana. Ez gaude politika migratzailearekin, eta ongi etorriak direla jakinarazi nahi diegu errefuxiatuei eta hemengo politikariei. Azken hauei ozen esan nahi diegu egiten ari direna ez dela gure izenean. Sentsibilizazio lana premiazkoa da, jendeak informazio gutxi daukalako. Gutxi gara eta lan haundia daukagu. Beraz, aprobetxatu nahi nuke laguntzera etortzeko deialdia zabaltzeko.

«Herritarrok botere haundia daukagu gauzak aldatzeko, baina ez dugu erabiltzen»

Zertan ari da Europa?
Politikari dagokionez, Europak ez du ezer egiten. Edo bai. Uste dugu errefuxiatuen indarrak agortu nahi dituztela, handik ateratzeko oztopoak jarriz. Be­ren herrietara itzultzen badira, edo gosez zein hotzez hiltzen badira, gutxiago izango dira Europan, eta beraz, arazo bat gutxiago... Estatuan ere hori ikusi dezakegu; adostutakoaren %5 besterik ez da bete, eta per­tsonen bizitzaz ari gara. Kasu la­rri­ak daude gainera; ekainean eskaera berezi egin genuen, 22 ka­su larriri dagokionez, eta orain­dik irten­biderik gabe gau­de. Baina hiritarrez hitz eginda, politikariek egin behar duten lana egiten ari dira, eta izugarrizko eredua ematen ari dira. Nik neuk ikusi dut boluntarioen lana; langile ofizialek baino azkarrago eta tresna gutxiagorekin, hobeto laguntzen dute.  Herriak bakarrik salbatuko du herria.

Eta guk, zer egin dezakegu?
Herritarrok botere haundia dau­kagu gauzak aldatzeko, bai­na ez dugu erabiltzen. Kalera atera be­har dugu, sare-sozialak erabili, egoera salatzeko. Politikariek jakin behar dute ez gaudela ba­tere ados egiten ari direnarekin, eta asilo bila ari direnek jakin be­har dute haiekin gaudela. Gu­re esku dago politikariak bul­tzatzea, mugak zabaldu eta bide seguruak bermatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!