Aisialdi gune bat egitea proposatu du EH Bilduk ‘Gruas Zapirain’ dagoen eremuan

Kronika - Erredakzioa 2017ko ots. 11a, 01:00

EH bildu Udal taldeak proposatu du Gruas Zapirain dagoen eremuan aisialdi gune bat egitea. Plan Orokorraren aldaketa puntualari EH Bilduk aurkeztutako hamaika alegazioetako bat da aisialdi gune berriarena eta Zarkumendegira doan bidegorria eta Galtzaur errekaren artean kokatuko litzateke aisialdi eremu hau.
Garapen jasangarria, ingurugiroa eta nekazaritza ekologikoa sustatzeko beste hainbat proposamen ere egin ditu EH Bilduk. Zarkumendegi Zabal­pena izeneko hirigintza eremuak, Gruas Zapirainetik hasi eta Zarkumendegi sarreraraino doan ingurua barnebiltzen du, Gruas y desguaces Peio Berraren atzealdeko hainbat eremu barne.
2010ean, EAJ eta H1!k, Plan Orokorrean eremu hau industriagunerako diseinatu zuten. EH Bilduk esan duenez «behin eta berriro zentzurik ez zuela aipatu izan dugu eta orain,  arazo iturri dela ohartuta, Plan Orokorraren aldaketa puntuala abian da eremu hori landa-lurrera pasatzeko.
Udal taldearen iritziz «EAJk hainbeste babesten duen Plan Orokorrak industriarako ere­mu gehiegi aurreikusten zitu­en Astigarragan. Horregatik, EH Bildu, hasieratik lanean da industrial bezala izendatua dagoena landa-lurrera pasatzeko. Ubarburuko behitegia eta harrobiaren arteko eremuan Ubarburu Zabalpena II-rekin ziren lehen aldaketak eta orain Zarkumendegi eremuaren txan­da iritsi da. Hala ere, EH Bilduk Ubarburu Zabalpena I-ekin (Ubarburu poligonoaren eta behitegiaren artean dagoen mendi zatia) berdina egitea eskatu dugu».

Hamaika alegazio
«Ingurumena errespetatu eta paisai suntsiketa ekiditeko», EH Bilduk dio aldaketa hauek bultzatu eta babesten dituela eta horretan sakontzeko aldaketa puntualari hamaika alegazio desberdin aurkeztu dizkio. Alegazio esanguratsuenean, Oiartzundik zatozela herriko sarrerari itxura aldatzeko eta herriaren aisialdirako espazio berde bat lortzeko proposamena egin du EH Bilduk. Gutxi gorabehera, Gruas Zapirain eremuan.
Herria eta futbol zelaiaren erdibidean eta bidegorriaren ondoan kokatutako atseden gune bat izango litzateke. Batetik bidegorria izateaz gain, Galtzaur erreka ere egongo li-tzatekeenez, errekari dagokion balioa emateko aprobetxa litekeela uste du EH Bilduk. «Herria zeharkatzen duen erreka izanik, gutxi da herritarrok honen inguruan dugun informazioa: iturburua, luzera, fauna eta flora adierazgarriak...». 
Beraz, aisialdirako zein atsedenerako eremua eraikitzeaz gain, naturaren dibulgaziorako eremua sortzeko proposamena egin du EH Bilduk. Udal taldearen esanetan, «alegazio hau lehen urratsa besterik ez litzateke izango. Alegazioarekin Plan Orokorrak hori aurreikustea eskatzen da, ondoren, lurrak eskuratu, parkea diseinatu eta eraiki egin beharko litzateke.

Plan Orokorraren aldaketa puntualari EH Bilduk aurkeztu dituen alegazioteako bat da aisialdi gune berriarena 

Sagardotegiek, ahalegina
Bestetik, aldaketa puntual honetan, sagardotegien arautegia aldatu nahi izan da. EAJk eta H1!-k diseinatutako Plan Orokorrean, landa-lurreko sagardotegiak industria guneetara pasatzea planteatzen zen.  «Honek arazoak sorrarazi izan ditu sagardotegien garapenean eta beraz, landa lurrean jarrai dezatela proposatzen dugu. Baina landa-eremuan dauden sagardotegiek, ingurumenarekin duten hartu-emana hobetzeko esfortzu handiagoa egin behar dutela pentsatzen dugu» diote EH Bildutik. . 
Esfortzu hau bi modutan proposatzen du Udal taldeak: Batetik sagardotegien inguruak garbi eta txukun mantentzeko betebeharra zorroztu. Eta bestetik ur-zikinen sarera konektatuak ez daudenei, sareak osatzeko kolaborazioa edo gutxienez, putzu beltzen mantenua behar bezala gauzatzea.

Nekazaritza Ekologikoa 
Herriko lurretan nekazaritza ekologikoaren alde politika publikoak garatzeko erraztasunak izateko proposamenak luzatu ditu EH Bilduk, batik bat, lurren kudeaketa errazteko.
Bestetik, bertako baso espezien alde egiten dutela diote  EH Bildutik. «Udaletik basoen kudeaketan eta ustiaketan eragin daitekeela sinistuta, Udalak bertako basoak babestu eta bultzatzeko beregain dituen tresnak aprobetxatzea eskatu dugu».

EAJri kritika
EH Bilduren ustetan EAJk aldaketa puntual hau abian jarri du beste erremediorik ez duelako. «Horregatik, EAJk proposatutakoa teknikoki beharrezkoa zena bakarrik izan da. Hortik aurrera, ekarpen berriak egitearena ez zaie burutik pasa ere egiten, hau da, EAJren proiektu eta idei eza berriz ere argi geratu da».
Aldiz, EH Bilduk oinarri tekniko horri helduta, betiko moduan, Astigarragaren eta astigartarren alde egiten duten hainbat proposamen luzatu ditu. Diferentzia nabarmena da: EAJ, proiekturik gabe bere utzikerian itotzen ari den bitartean, EH Bildu, oposiziotik, proiektuak, proposamenak eta etorkizuna mahaigaineraditu eta egingo ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!