«Ez dakit alkate ona izan naizen, baina gutxienez, nire hitza bete dut»

Kronika - Erredakzioa 2017ko urt. 28a, 01:00

Pena emango zizun alkate kargua uzteak, ezta?
Bai, pena haundia. Baina nahiko gogor jarri zidaten medikuek, osasunari begiratu behar niola. Oraindik sendatu gabe nagoela, eta tentsio eta estres hori ez dela batere ona.

Hala ere, karga hori kentzeak, arindu ere egingo zizun...
Egia esan bai. Kanpotik ikusita ez du ematen; aurkeztu nintzenean, ez nuen uste horrelako lana izango zenik, baina lan gogorra da. Eta txarrena da, ez duzula behin ere deskonekta­tzen. Gainera, ni naizen bezalakoa izanda, ez dudala ezer bukatu gabe utzi nahi izaten...

Hautagai gisa aurkeztu zinenean, espektatiba eta helburu batzuk zeneuzkan. Bete dituzu?
Dekalogo bat aurkeztu genuen hasieratik, gure asmoekin. Tartean, Santiomendiri buruzko plana idaztea, hondakin bilketaren kontsulta egitea edota herria harmonizatzea. Guztiei eman diegu hasiera dagoeneko, eta erdia baino gehiago, eginda dauzkagu. Eta hori poztekoa da, bakarrik 18-19 hilabetetan egin baitugu hori dena. Gauza gehiago nahi nituen egin. Baina talde honek segituko du, ni ere hor egongo naiz laguntzeko prest; eta egiteko dagoena egingo dute.

«Esan izan didate, ez dakidala zer egiten ari diren nire zinegotziak; eta ez da horrela. Baina ni ez naiz jainkoa, eta ezin naiz toki guztietan egon».

Eta zer dago egiteko?
Kultur etxe berria, adibidez. Hasiera emana dago, herriak behar du, eta uste dut kultur etxe on bat egingo dugula. Bestalde, herri bideak konpontzen jarraitu behar dugu, orain arte egin dugun bezala. Aurretik, inor ez da arduratu lan horietaz. Eta jendea oso po­zik dago, gure lanarekin.

Zer suposatu du zuretzat, alkate izateak?
Oso polita izan da, jendearekin harreman hori izatea. Zure­ga­na etortzea eta gauzak galdetu eta komentatzea... Horrek asko bete nau. Herritarrei, eskertu besterik ezin diet egin, nirekin izan duten harremana. Oso gustora aritu naiz.

Dena izan zen berria zuretzat. Inoiz sentitu duzu, kargua haundi geratzen zitzaizula?
Haundi ez, baina bai ikusi dudala lan asko zela. Eta momentu batzuetan, agobiatu xamar egon naiz, bai. Baina taldekoen laguntza haundia izan dut, eta oso eskertzekoa da laguntza hori izatea.

Nola baloratuko zenuke Gobernu Taldearen lana?
Oso balorazio ona egiten dut. Gainera, hasieratik, zinegotzi bakoitzari area bat eman genion, eta ni ez naiz inoiz sartu besteen areatan. Eta ikusi da, ondo atera dela planteamendu hori. Esan izan didate, ez dakidala zer egiten ari diren nire zinegotziak. Eta ez da horrela, badakit zer egiten ari diren, baina beraiek dakite gehiago, beraien gaiei buruz. Ni ez naiz jainkoa, eta ezin naiz toki guztietan egon.

Zer hobeturik ere izango da...
Beharbada, hasieran gauzak azkarrago egitea espero genuela, baina oztopo asko ere jarri dizkigute, lana atzeratuz. Kon­tsultaren gaiarekin, esaterako. Guk nahi genuen epeetan ez ditugu egin, beranduago gauzatu dira. Baina esaten dute politika horrela dagoela...

Hondakin bilketaren kontsulta izan da, egin duzuen gauzetako bat.
Gure helburuetako bat zen, herriari hitza ematea, eta ez inposatzea, beste batzuek egin zuten bezala. Herriari hitza eman genion, eta erabaki zuen sistema aldatzea.

Herria banatu du gai horrek?
Ez dut uste. Gertatzen dena da, batzuek, herriari baino lehenago, begiratu dietela kontu politikoei, eta hori ez zait ezertxo ere gustatzen. Horrelako gaietan, politika bazter batera utzi behar da, eta herriaren ongizatea bilatu.

Pertsonalki, alkate izateak kalte edo mesede egin dizu?
Batzuetan kalte. Txorakeriak dira, baina nik enpresa txiki bat daukat, eta Udalarentzat egiten genituen lan asko, ezin izan ditugu egin, ez gara aurkeztu, etikoki ez zelako zuzena. Eta alde horretatik, esan dezaket dirua galdu dudala. Bestela, osasun aldetik, zorte txarra izan da, besterik gabe. Eta animorik ez dut galdu, lan asko izanda ere.

Esan duzu, osasunak utziz gero, bueltatuko zarela. Benetan gustatuko litzaizuke bueltatzea?
Bai, bueltatuko nintzateke. Gustora aritu naiz, eta taldeak nire beharra ikusi eta jendeak aukeratuz gero, alkatetza hartuko nuke berriro. Gainera, gauzak erdizka utzi izanaren pena geratu zait.

Estimatua sentitu zara?
Bai, poz haundia eman dit he­rri­tarrek nola hartu nauten. Egun hauetan, adibidez, buelta bat ematera atera, eta kalean gelditu naute, galdetzeko zer mo­duz nagoen eta zaintzeko esanez. Hori oso polita da, eta zerbait ondo egin dudan seinale.

Kritikarik ere jasoko zenuen...
Herritarren aldetik ez. Egitan ari naiz. Ez da egia inor etorri zaidanik kritikarik egitera. Hobeto egin litekela bai, baina ez gaizki egin dudanik.

Nola gustatuko litzaizuke gogoratua izatea, alkate gisa?
Herriarengatik lan egin duen alkate bezala gogoratua izan nahi nuke.

Egin dezagun bi urte atzera. Berriro aurkeztuko zinateke?
Zaila egiten zait horri erantzutea. Orain dakidan guztia ja­kin­da, seguruenik bai. Gai ba­tzuetan, beste erabaki ba­tzuk hartuko nituzke, baina gainon­tzekoa antzeko egingo nuke. Eta oraingo esperientzia izanda, errazago egingo nuke lana. Izan ere, batzuetan nabaritu da pix­ka bat, hasiberria nintzela. Eta hori aprobetxatu du oposizioak, niri mina egin nahian, erasotzeko. Eta uste dut normala dela hasiberria izatea; beraiek ere izango ziren hasieran, edozein lanetan gertatzen den bezala. Baina nik, berriari ez diot erasotzen aurreneko egunetik, lagundu baizik. Hemen, ordea, dirudienez ez dago etika hori...

Zerbait aldatuko zenuke, bi urte hauetatik?
Gai batzuetan bai, beste bide batetik egingo nituzke gauzak, eta azkarrago egingo genituzke horrela. Baina esan bezala, hasiberria izateagatik da hori, eta hankasartzeak egin ditut, ezjakintasun horrengatik.

Alkate ona izan zara?
Ez dakit ona izan naizen, baina gutxienez, nire hitza bete dut. Herriari bostekoa eman ge­ni­on, eta esandakoa bete egin dugu.

Eta orain zer?
Zaindu, nire enpresara dedikatu, eta ahal dudanean, taldeari lagundu. Lehen plaza ba­rru­an nengoen, eta orain barreraren atzean egongo naiz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!