«Nabaritu dugu jendea desiatzen dagoela Kontseju berriro irekita ikusteko, eta ilusioz helduko diogu»

Beñat Los Arcos Ayerdi

Yami Rodriguez eta Alejandra alaba, Esther Legarretarekin batera, Kontseju tabernaren atea atzean dutela, zabal-zabalik.

Datorren astean zabalduko ditu ateak Aranoko Kontseju tabernak, aspaldiko partez, Yami Rodriguezen eta Alejandra alabaren eskutik. Herritarren babesa sentituta, «gogotsu» daude martxan jartzeko, eta Esther Legarreta ere izango dute bidelagun hasiera honetan, tabernan 25 urte baino gehiagotan lanean aritu ondoren.

Urteko albiste onenetakoa izango da zenbaitentzat: Aranoko Kontseju tabernak ateak zabalduko ditu berriro, datorren astearen bukaera aldera. Udalak behin baino gehiagotan jarri behar izan du martxan taberna alokairuan emateko lehiaketa, hautagairik ez baita aurkeztu aurrenekoetan. Baina bukatu da itxaronaldia: Yami Rodriguezek eta Alejandra alabak «ilusioz eta gogotsu» hartu dute Kontseju be­rriro irekitzeko erronka, eta baita «oso eskertuta» ere.

Orain arte, beste herri batzuetako tabernetan aritu dira lanean biak. «Baina ilusioa egiten zigun, aspalditik, toki bat edukitzeak gure kontura lan egiteko», azaldu du Yamik: «Eta egia esan, kasualitatez iritsi gara hona. Lagun batek komentatu zidan lehiaketa zabalik zegoela, herria oso polita zela, eta aurkeztea erabaki nuen. Hasieratik hartu genuen oso inpresio ona Aranorekin. Bai niri eta bai alabei, asko gustatu zaigu herria, eta hiruoi gustatzen zaigun lasaitasuna aurkitu dugu hemen. Oso jende atsegina topatu dugu, gainera».

Orain arte pilatutako esperientziarekin, Yamik eta Alejandrak bien artean kudeatuko dute taberna, baina ohorezko bidelagun bat ere azaldu zaie, Kontsejuri eta bezeroei buruzko zalantzak eta kontuak argitzeko: Esther Legarreta, tabernan mende laurden baino gehiago eman duena lanean. «Edozein zalantzarekin, badakigu norengana jo», aitortu du Yamik.

«Nik duela 41 urte hartu nuen taberna, eta 17 urtez aritu nintzen. Imanolek eta Ainhoak ere, orain arte aritu direnek, beste horrenbeste urte egin dituzte. Eta ni 10 bat urtez aritu nintzen haiei laguntzen, asteburuetan eta jaiegunetan, sukaldean bereziki, baina baita barran ere. Gustura aritu izan naiz beti», kontatu du Estherrek.

Gauzak horrela, ez da harritzekoa Kontseju «oso berezia» izatea berarentzat: «Beti ezagutu dugu zabalik, eta pena haundia izan da itxita ikustea. Bere garaian ere egon zen horrela urtebetez, juxtu nik utzi nuenean; baina orduan izan zen etxea osorik berritu behar zutelako». Ez da urtebetera iritsi oraingo etena, baina luze jo du: «Ohitu egiten zara itxita topatzera, baina oso tristea da, asteburuetan bereziki, taberna delako elkargunea. Gainera, mugimendu haundia izaten da. Jende asko etortzen da Hernanitik, Donostiatik, Andoaindik edota Urnietatik, paseo bat ematera, hamaiketakoa egitera, txirrindulariak eta motoristak ere bai...».

Estherrek kontatu dizkio Yamiri, era berean, tabernako ohitura zaharrak: «Duela 40 urtetik etortzen dira koadrilak hainbat herritatik, babarrun jatea egitera, enkarguz». Tradizio horiei eutsi egingo diete orain tabernari berriek, eta ez dira faltako betiko haragi eta txorizo egosiak edota saldak ere, besteak beste. Aukeran izango dira plater konbinatuak ere, albondiga, mingaina edota xolomoarekin; eta oilaskoa edo txerrikumea egingo dute enkarguz. 637 284 922 telefonoan jasoko dituzte oraingoz.

Edonola ere, taberna zabalik topatzeko ideia hutsarekin zorroztu dituzte hortzak herritarrek: «Nabaritu dugu desiatzen daudela taberna berriro irekita ikusteko, eta horrek ilusio haundia sortzen digu», dio Yamik. «Beraiek pozik badaude kafetxoa edo ardotxoa hartzera etortzeko aukera izanda, guk oso gustura hartuko ditugu. Egun hauetan, adibidez, herrira igo diren txirrindulari askok galdetu digute taberna zabalik dagoen eta noiz irekiko dugun».

Aurreko asteetan konturatu da, gainera, jende askok daukala lotura Aranorekin, beste herri batzuetan ere: «Orain arte Andoainen aritu naiz lanean, eta bertako bezero batek esan zidan familia daukala Aranon. Ilusioa egin zion jakiteak nik irekiko nuela Kontseju berriro. Eta Usurbilen, etxea daukagun herrian, komentatu dit batek baino gehiagok, ikaskideren bat edo lagunen bat daukala Aranon. Horrek are ilusio gehiago piztu dit hemen lanean hasteko. Oso konexio politak ikusi ditut».

 

Gautxoriak eta biterra musean jokatzeko ohitura, bueltan?

Ia urtebeteko etenak utziko du bere arrastoa hasieran, beharbada; eta «pazientzia» izatea gomendatu die Estherrek: «Urtebetez itxita egon ondoren, pixkanaka hasiko da martxa hartzen berriro».

Baina behin gurpila martxan jarrita, bueltatuko dira tabernako ohiturak, akaso baita zaharrenak ere, pandemiaz geroztik galdutakoak: «Garai batean, astegunetan jende gehiago elkartzen zen, hamaiketakoa egiteko edota musean aritzeko. Muserako ohitura haundia zegoen. Igandeetan, mezaren ondoren, salda eta haragi egosia hartzera etortzen ziren, eta biterra jokatzen zuten musean. Txantxa gutxi izaten zen!», kontatu du Estherrek.

Bueltatuko dira apustuak akaso, eta baita gaua luzatu na­hi­an aritzen diren gautxori horiek ere... «Beti dago norbait, luzatu nahian dabilena. Tabernak horixe dauka, badakizula zein ordutan sartuko zaren, baina ez zein ordutan bukatuko duzun».

Kontuak kontu, bezeroekin tratua da Yamik zein Estherrek gustukoen dutena. «Horixe da politena, eta asko ikasten duzu, nahiz eta badiren momentu batzuk agobiatu egiten zarena barraren atzean, jende asko dabilenean», aitortu du Estherrek.

«Dagoeneko sentitu dugu herritarren babesa, eta guretzat oso garrantzitsua da, kanpotik etorrita, horrelako aukera bat izatea. Edonoren aholkuak eta eskaerak entzuteko prest gaude beti, eta bertakoak behar bezala atenditzea da gure nahia. Horretan saiatuko gara», adierazi du Yamik. Haiek ere Aranon gustura egon daitezen opa dio Estherrek, solasaldia bukatuta agurtu aurretik: «Gustatuko litzaiguke zuek urte askoan egotea hemen». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!