Txistuaren presentzia Aranoko San Roke egunean aspalditik datorren ohitura da, zehazki Antsorena eta Zubillaga txistulari hernaniarrak oinez Hernanirik Aranora festa girotzera joaten zirenetik. Etena izan zen urte askoz, eta txistuaren presentzia galdu zen egun honetan. Baina 1970ean Antonio Intxausti 'Txobito' txistularia zenak berpiztu zuen ohitura hura, Joxan Ruizen laguntzarekin. 'Txobito', hasieran, Hernaniko txistulari gazte talde batekin joaten zen Aranora; gero inguruko herrietako txistulari gehiago batzen joan ziren, txistulari mordoa batzea arrunta izatera iritsi zen arte. Aurtengoan, Hernani, Goizueta, Leitza, Getaria, Pasaia, Areso eta Berastegiko txistulariak izanen dira, besteak beste.
Igande honetan ospatuko dute Aranon San Roke eguna, abuztuaren 16an alegia, eta nola ez, txistulariak izanen dira protagonista, goiz osoan zehar ariko baitira giroa jartzen herriko kaleetan. Goizeko 10:00etan hasiko da festa, goizean zehar luzatuko dena, eta bazkariarekin amaituko dena, egitarauaren arabera behintzat...
Horrela, esan bezala, 10:00etan elkartuko dira txistulariak herriko plazan, eta 10:30etan abiatuko dira San Roke ermitarantz. Bertan meza ospatuko dute, santuaren omenean. Mezaren ondoren, amaiketakoa eginen dute, ermitaren ondoan, txistularien doinuek girotuta. 12:30etan omenaldia eginen dute, Boni Agirresarobe Aramendi txistulariarena, eta jarraian kalejiran abiatuko dira, Aranorantz buelta egiteko. 14:00etan agurtuko dituzte plazan txistulariak, 'Agun Jaunak eta Andreak' abestiarekin. Eta gero, amaitzeko, bazkariaren txanda izanen da, San Roke Elkartean eginen dutena.
|
SAN ROKE EGUNA ARANON ABUZTUAK 16, IGANDEA 10:00 Txistularien kontzentrazioa Herriko Plazan, hainbat doinu eta konposizioren interpretazioarekin. 10:30 Txistulariak San Roke ermitara abiatuko dira, eta mezetara bertaratutakoak txistu doinuekin hartuko dituzte. 11:00 Meza San Roke ermitan, santuaren omenez. 11:45 Meza amaitutakoan, hamaiketakoa ermitaren ondoan, txistulariek girotuta. 12:30 Boni Agirresarobe Aramendi txistulariari omenaldia. Ondoren, kalejira Aranoraino eta herrian zehar. 14:00 Herriko Plazan, txistulariei agurra, "Agur Jaunak eta Andreak" doinuarekin. 14:15 Bazkaria San Roke Elkartean. |